Inauguratu dira Pagalletako galtzinlabean egindako lanak

Mailope Elkartea 2023ko urr. 4a, 17:27

2020ean Iturraskarri gizarte proiektuak Pagalletako galtzinlabea topatu zuen, garbiketa lanak egiten zebilela. Sasien artean mendeak egin ostean, karobiak 25 auzolan behar izan ditu duin erakusteko. Ondarek gidatutako eta Aranzadik aholkatutako lanetan hainbat boluntario ibili dira, eta horren emaitza inauguratu da maiatzaren 21ean.

Maiatzaren 21ean, goizeko hamaikak aldera, adarraren hotsak eman zion ekitaldiari hasiera. Txalapartariek makilei eragin zieten eta, horiek oholen gainean utzitakoan, irten zen bildutakoen artean Juan Mari Irastortza hamaseiko berdinean galtzinlabea aurkeztera.

Jarraian, Ondare Kultur Taldeko Javier Irigoienek hartu zuen mikrofono itxurako lekukoa. Kontatu zuen ezustean, garbiketa lanak egiten ari zela, topatu zuela Iturraskarri gizarte proiektuak karobia 2020an. Ondarek aurkikuntza atontzeko laguntza eskatu zion Lekunberriko Udalari eta, horrek, 12.000 euro esleitu zizkion lanetarako. 2022ko uztailan hasi eta, 25 auzolan beranduago, dotore geratu da galtzinlabea.

Erdi Aroan eta Erdi Aro ostean aditua den Aranzadiko Alfredo Morazak hartu zuen hitza gero. Memoria berreskuratzea gure esku dela gogoratu zuen; sasi artean utzi ahal zela karobia, iraganean galdurik eta herritarren kontzientziatik at, baina herriak berreskuratu duela eta “gure arbasoen lana omentzeko” modu bat izan dela. Horren harira, Lekunberriko Udalari, Ondareri eta lanean aritu diren lagunei eskerrak emateko baliatu zuen unea arkeologo eta historialari hernaniarrak.

Lekunberrirako garrantzi handiko elementua omen zen galtzinlabea, baserria eta karobia elkarrekin baitzihoazen erabat. XVII. mendean, Morazak kontatu zuenez, beharrak asetzeko, uzta bi behar zituen familia batek: bata “nagusiari” eman behar zitzaiona; eta, bestea, etxekoendako biltzen zena. Artoa Europara iritsi arte ezin izan zen bigarren uztarik eduki eta, aurretik, garia beste baten etxera joaten zelarik, gaztainekin egiten zen etxekoendako ogia. “Probatu duzue inoiz gaztain-ogia?”, galdetu zuen Morazak horren zapore eskasa iradoki aurretik. “Artoa heldu zen, eta eskerrak!”. Zereal “berria” ereiteko, baina, ez omen genuen lurrik egokiena. 1705eko dokumentu batek dioenez, Lekunberriko “lur hotza” karez “berotu” beharra zegoen. Hori izan omen zen karobien hedatzearen arrazoia. Jakina denez, aspalditik, kareak bazituen beste erabilera batzuk ere: argamasa prestatzeko, hormak zuritzeko, hildakoek kutsa zitzaketen gaixotasunei aurre egiteko… Baina ongarri bezala zuen bertutea izan zen, itxuraz, garai hartako “boom-a” eragin zuena.

Pagalletako galtzinlabea “zaharkarobia” da; tradizionala. Nahiko soila da, ez oso handia eta harlangaitz-hormaz eraikia da. Bi kontrahormek eusten diote legorra deritzon estalkiari eta behean dagoen atakatik elikatzen da galtzinlabea. Gure iraganeko elementu garrantzitsu hau ezagutzera datozenek, karobiarekin batera, Hijos de Alejandro Tofé errioxarrek eginiko eskultura eta Rafa Etxarrik idatziriko eta Juan Luis Landa ilustratuko informazio panela topatuko dituzte. Hala irudikatu ahalko dute zertan zetzan lan hori, zer nolako garrantzia izan zuen eta, finean, zein izan zen hain urrun geratzen ez zaizkigun belaunaldien bizimodua.