Arropa, komunikabide
Iparraldeko jatorria duen adiera da loria. Leku goxo batean egotearen mezua transmititzen du eta bizipoza edota alegeraren sinonimotzat
har liteke. Zoriontasuna, poza eta antzeko adieretan murgilduta egin
zuten topo hitz honekin, marka honi eman nahi zioten goxotasunarekin
bete-betean uztartuz.
Hasierako bozetoetan Loria Nafarroa izena jartzeko asmoa zuten, baina eztabaiden ostean eta laburtzeko asmoz, Nafarroaren “n” hori erantsi zioten “loria”ri. Logoarekin ere ideia mordo bat izan zuten, baina azkenerako zerbait sinplea eta polita izatearen aldeko hautua egin zuten. Orri erraldoi batean, Lorian-en barruan eta hortik kanpo egotea nahi zutena idatzi zuten. Hori izan zen gauzak argitu eta nortasuna definitzeko abiapuntua. Laguntasuna eta maitasuna bezalako hitzak zeuden bertan, komunitatea eta lankidetza ere oso presente izanik. Oinarriak jartzen lagundu zien orritzarra ederki gordeta daukate, haien museoaren parte izango baita noizbait.
Lan banaketa
Diseinuak eta ideiak Esther eta Begoñaren artean sortzen dituzte. Arlo teknikoaren arduraduna Jon da, bera izanik ordenagailuez gehien dakiena. Azpiegitura lanak kudeatzeaz, berriz, Igor arduratzen da, taldearen egonkortasuna bermatuz.
Lehen pausuak
Lehen kamiseta eta sudadera bildumak Giro on dauka izena. Arropak aukeratzean, haien bidez hitz egiten ari garela iruditzen zaie: “zure gorputzaren komunikazio bide bat da, izan kontzientzia gehiagorekin edo gutxiagorekin. Ez da berdina beltzez janztea edo dena delako aukeraketa, esaterako.” Janzten garenean arroparen bidez zerbait komunikatu daitekeela ulertzen dute eta horietan mezuak testuz adieraziak daudenean, zuzenagoak eta indartsuagoak egiten dira.
Interakzio bat sortzeko modu polita dela iruditzen zaie, giro on, rollo ona, mezu positiboak edo txispa polit bat eragiteko asmoz.
lorian.eus web orria dute haien salmenta gune. Denda fisikoetan saltzeko eskaintzak ere iritsi zaizkie, baina oraingoz ez dute eskaintzarik
onartu. Prezio kontuez ere ikasten ari dira eta denda fisiko horiek ere haien etekinak nahi dituztenez, produktua garestitzea zekarren. Momentuz ez daude horretarako prest. Pena da jendeak arropa fisikoki ukitu eta probatzeko aukerarik ez izatea, jendeak konfiantza gehiago hartzen baitu, baina... pausoz pauso.
Bide horretan, arropa ezagutarazteko argazkiei dagokienez, haiek izan dira argazkilari. 4 seme-alabak eta herriko jendea modelo lanak egiteko prest izan dute. Adin guztietako modeloak lortu nahi izan dituzte eta jendearen prestutasunarekin sorpresa atsegina jaso dute. Chloe, Beretxu, Unai, Amaia eta Ane aritu dira modelo gisa lagunduz orain arte. Lehen argazki saioa Landetan egin zuten, Kapretonen. Lekunberriko malkorrean ere egin zuten beste saio bat.