Amalurrak emandako produktu ekologikoei garrantzia eman eta otordu osasuntsuak eskaintzeko asmoz abiatu da Amalurreko proiektua. Herri gehienek daukate elkartea esaterako, baina sarritan ez dira asko erabiltzen eta Jesiren zerbitzuari esker errazagoa izan daiteke planak egitea.
Gutxienez 4 pertsonako otorduetatik hasi eta 70-90 pertsona arteko taldeak onartu ditzake. Uztailean abiarazi zuen zerbitzua. Zenbait herriko festek bere bidez atera dituzte otorduak aurrera. Horretaz gain, bertako jendea oporretara joana zela eta inguruan turista dezente zebiltzala probestuz, bailara eta bertako produktuak ezagutzeko ibilaldiak eskainiz hasi zen. Araizko Zaporeak elkartearekin harreman estua du eta bertako ekoizleen etxeraino eraman zituen bezeroak, lan prozesuak bertatik bertara ezagutzeko aukera emanez.
Produktu ekologikoekin lan egiteari garrantzi berezia ematen dio, gaur egungo bizi erritmoarekin zer jaten dugun ahazten ari zaigu eta horrek
ondorio zuzena du gure ongizatean. Garaian garaiko elikagaiekin aritzen da soilik eta inguruan ditugun altxorrak balioan jartzearekin tematua dago.
Aralarreko inguru eder hauetan barrena mendi ibilaldiari, aho zapore goxoarekin eman die amaiera zenbaitek Jesik prestaturiko picnic landuari esker. Izan Zarateko buelta, izan Azkuekoa, Arribeko ur jauzikoa edo norberak hautaturiko beste edozein, bukaera gastronomiko goxo batekin
itxaron gaitzake guk hautaturiko helmugan.
Sukaldean aritzen ikasi nahi dutenentzako tailer eskaintza ere mahai gainean dauka: gozogintza tailerrak, taloa egiten ikastekoak, bermuta
egiten ikastekoak... Dena delako dieta motak egiten ere ikasi liteke berarekin. Norbaitek gatzik gabeko otorduak behar baditu adibidez,
aurrez abisatu eta listo. Dieta begano edota begetarianoekin ere berdin.
Ibilaldi zein tailerretan 4 eta 12 pertsona arteko taldeekin egiten du lan.
Interesa edukiz gero www.amalurreko.com webgunean sartu eta korreo
zein telefono bidez kontaktatzea da eraginkorrena. Pozarren erantzungo
dizue Jesik.