Elkarrizketa - Ana Gurrea

Jatera goazena ordenatzen

Mailope Aldizkaria 2023ko aza. 14a, 13:04

Dieta eta hezkuntza nutrizionala eskaintzen ditu Ana Gurreak. Argazkilaritza eta programazio mundutik pasa ondoren, garbi ikusi zuen elikadura arloan murgildu beharra zeukala. Bidea egiten hasi eta gaur egun, bere kontsulta propioa dauka.

Anari atentzioa ematen zioten elikaduraren inguruan existitzen diren mitoek, jatean egiten ditugun akatsek eta “dietaren kulturak” egiten digun kalteak ere bai. Bere kabuz hasi zen ikasten: sare sozialak, podcastak, liburuak...horrek guztiak bere momentu horretako lanak baino gehiago motibatzen zuela ikusi zuen arte. Beraz, modu ofizialean ikastea erabaki zuen, titulua lortzeko eta horretan lan egin ahal izateko.

Dietetika ofizialki ikasten hasi zenean bazekien kontsulta klinikoa izango
zela bere bidea. Betidanik egin du lan jendearen aurrean eta pertsonekin erlazionatzea gustatzen zaio. Pandemia zela eta, Lekunberrira bueltatu zen bizitzera eta horrekin batera bere lekua aurkitu zuen herrian. Gainera, zerbitzu hau ez zuen inork eskaintzen eta aukera polita iruditu zitzaion bidea egiten hasteko.

Aurreko udan hasi zen kontsultarekin. Arrazoi ezberdinengatik hurbildu
ohi zaio jendea: pisu galera, pisua igotzea, kirol nutrizioa, patologiak...baina gehiengoak pisu galera bilatzen du gaur egun. Hezkuntza nutrizionala du gustuko Anak, helburua edozein izanda ere, bere zergatia azalduz eta pertsonak zeozer berria ikasiz.

Fase ezberdinak ditu dieta batek. Lehenengo pausoa erabakia hartzea da. Pazientea beregana datorrenean elkarrizketa luze bat izaten dute, elkar ezagutu eta bezeroaren egoera aztertzeko. Bakoitzak bere testuingurua du eta horren arabera helburu bat eraikitzen dute. Behin helburua finkatuta, jarraitu beharreko bidea markatzen dute. Hortik aurrera bezeroarekin adosten ditu eraman beharreko jarraipenak, hilabetean behin, bitan... pertsona eta kasuaren arabera.

Buruan oso sartuta daukagu “dieta egitea” sufritzea dela, gutxi jan behar
dugula edo gauzak debekatu behar direla, baina askoz errazagoa da
Anaren esanetan. Bere ustez zilegi da gure gorputza hobetu nahi izatea, estetikagatik, osasunagatik, errendimenduagatik... baina gure gorputza errespetatuz eta maitatuz beti ere, ez gorrotatuz. Horrek guztiak prozesu bat dauka eta osasun mentalak hemen ere paper garrantzitsua jokatzen du. Azken finean osasuna erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera da.

Oro har, pozik dago zerbitzuak izan duen harrerarekin: “Lekunberri herri
txikia da, eta onerako edo txarrerako, mundu guztiak ezagutzen zaitu
kar-kar, baina erantzuna positiboa izaten ari da”. Etxekoak zaintzen eta
zerbitzurik onena ematen saiatzen da, eta ahoz ahokoak asko laguntzen
du.

Lekunberriz gain, orain Iruñeko eta Ororbiako beste zentro batzuetan ere egiten du lan, eta oso pozik dago. Etorkizunean dietista bezala haztea eta Lekunberrin zerbitzua zentralizatzea gustatuko litzaioke: “Lan honetan garrantzitsua da eguneratuta egotea eta horregatik etengabeko formazioan nago: patologia digestiboak, hormonalak, kirol-nutrizioa...”. Bere lanean kon-
fiantza ezartzen duten pertsonei ahalik eta zerbitzurik onena ematea
gustatuko litzaioke.

Informazio gehiago nahi izanez gero, instagrameko @ordenandoloquecomemos atarian sartzea da gomendioa. Bertan, astero igotzen ditu infografiekin, errezetekin eta bestelako informazioarekin lotutako berriak.