1923ko irailaren 29an Azkarateko Etxeberria baserrian jaio zen Martina.
12 anai-arreba ziren, bera bigarrena eta alaben artean zaharrena.
Bere haurtzaroan Atalluko eskolara joaten ziren Azkaratekoak. Zapata pare bakarra izango zuen orduan Martinak eta ongi zaintzeko, hanka hutsik jaisten zen oinez Atalluraino. Bertara iristean janzten zituen zapatak. Dena den, etxean egin beharreko lanak tarteko, egun batzuetan ezin izaten zen eskolara joan.
13 urte ingururekin estraperlora joan ohi zen bere aitarekin, eta 18 urte ingururekin etorri zen Lekunberrira neskame, erdaraz hitzik jakin gabe eta lana gogor egitea tokatu zitzaion. Bertan ezagutu zuen bere senarra izango zen Lekunberriko Ildefonso Mariñelarena. Ildefonsok berak baino 13 urte gehiago zituen eta gaur egungo industrialdetik gertu zegoen Aizpurua enpresarentzat egiten zuen lan meategian.
1948an ezkondu eta Plazaolako trenean Zarautzera joan ziren eztei bidaian. Itsasoan hainbeste ur ikustean Martinak ezin zuen hori guztia gazia zegoela sinetsi,bertaratu eta probatu zuen arte.
Lekunberriko Pastanea baserrian bizi izan ziren eta Ildefonsoren gurasoak zaintzen lan handia egin zuen Martinak. Horretaz gain, 7 seme-alaba izan zituzten, 3 seme eta 4 alaba. Martinak eta Ildefonsok euskaraz hitz egin arren, frankismo garaia izanik, eskolan gazteleraz aritu behar izaten zuten umeek eta esanak zorrotz bete ezean, egurrezko erregela eta bestelakoekin zigor gogorrak jartzen zizkieten.
Bizi gogorra izan zuen Martinak. Etxean ez zuten urik eta arropa garbitzera errekara edo labaderora joaten zen. Luis Urriagaren harategiko lanak ere egiten zituen. Etxean egin zitzakeen lanak aurreratzen zizkion bereziki harakinari eta besteak beste tripakiak garbitzen, gaueko hirurak
arte aritzen zen etxeko sukaldean behin baino gehiagotan. Trukean
dirua beharrean, haragia ematen zion harakinak eta horri esker etxean
ez zitzaien sekula janaririk falta izan.
1970ean bizi aldaketa etorri zitzaien. Beheko su ondoan zegoen katuari
brasaren bat erantsi eta ganbarako lastoetara joan ostean, Pastanea
baserria erre zitzaien. Igande gau horren ostean, jateko tenedorerik ere gabe, esku hutsik gelditu zen familia. Gaur egungo udaletxe ondoan, irakasleentzako etxebizitzak zeuden eta bertako bi pisu utzi zizkioten familiari, etxe berria egin artean han bizitzeko. 1972an pasa ziren Iturritak kaleko euren pisu berrian bizitzera. Baserri batetik baratze eta garajedun pisu batera bizitzera joatea, aldaketa handia izan zen Martinarentzat.
Gaur egun, 12 bilobaren amona da eta 17 birbiloba ere badauzka (18 aurki). Bere 4 anai-arreba bizi dira oraindik eta haiekin telefonoz hitz egitean, hika aritzen da. Bere zaletasunetarako ez du tarte handirik izan Martinak, baina baratzean aritzeaz gain, pilota partiduak ikustea gustuko izan du. Behin
jubilatuta, Lekunberriko jubilatuetan ere asko gozatu zuen karta jokoetan
besteak beste. 1991n alargun gelditu eta dolua gainditzean, jubilatuetako
lagunekin txango ezberdinak egiten ere hasi zen eta Benidormera zenbait
bidaia egina da besteak beste.
Martinak, oraindik ere ez du inongo minik eta apetitua berriz izugarria. Lo ere asko egiten du. Seme-alaben artean txandaka zaintzen dute ama
eta asteburuetarako berriz langile bat dute kontratatua. Urtebetetze egunean, Pilar alabak amari 100 urtera iritsi zela aipatu eta “bai, ni iritsi naiz!” erantzun zion.
Eguna etxean lasai-lasai ospatu, seme-alabekin bazkaldu eta iloben zein biloben bisitarekin poz-pozik amaitu zuen bere eguna Martinak.