Udazkenean hasiko dira guardetxe berria eraikitzen

labrit 2018ko uzt. 25a, 09:28

Aralar Elkarteak joan den hilean Aralarko Eguna ospatu zuen eta bertan Lakuntzako alkatea eta Aralar Elkarteko lehendakaria den Patxi Razkinek guardetxe berriaren proiektua eta eskuartean dituzten hainbat egitasmo aurkeztu zituen.

 

 

 

Zein proiekturekin zabiltzate lanean azken urte hauetan Aralar Elkartean?

Alde batetik, betiko inbertsioak dauzkagu, ganbelak eta bideak konpondu, itxiturak egin... Eta bestetik, Natura 2000 sarearen barruan sartu gara mendi larreak berreskuratzeko. Bost urtetarako proiektu bat da eta helburua galdu diren larreen zenbait eremu berreskuratzea da. Otea kendu eta gero, eremu horretan, itxitura batzuekin, behiak edo behorrak sartuz. Guk lau eremu aukeratu genituen, guretzat garrantzitsuak direnak edo interesgarriak direnak.

 

 

 

Zeintzuk dira eremu horiek?

Ezantza, Mugerdi, Beuntza eta Unako putzu inguruan dagoen beste bat. Eremu horietan lau itxitura egin ditugu, otea eta garoa kendu dugu eta bertan hogei egun inguruz, behiak edo behorrak egongo dira. Ganaduzaleekin akordio bat adostea lortu dugu hori egiteko.

 

 

 

Mendiko gazta ere martxan jarri duzue...

Bai, Gipuzkoan eta Iparraldean egiten den bezala, mendiko gazta proiektuari ekin diogu. Bi artzain ditugu hemen interesaturik, Arruazuko Aritz Ganboa eta Pello Goikoetxea uztegiarra, gaztagileak dira eta urteak daramatzate Idiazabalekin lanean, baina Nafarroan orain arte ezinezkoa zen Mendiko gazta komertzializatzea, legea aldatu behar zelako eta horretan ari gara.

 

 

 

Zer ekarriko dugu lege aldaketa horrek?

Udan zehar, mendian dauden hilabete horietan, mendian jetzi eta gazta bertan ekoiztu ahalko dute. Denboraldi horretan, ardiak mendiko larreez baino ez dira elikatuko. Gazta horrek kostu gutxiago dauka, produkzio kostu txikiagoa, bertako belarra jaten duelako bakarrik, baina merkatuan garestiagoa da. Beraz, gazta horrek duen zaporeak eta kalitatea, prestigio bat emateaz gainera, artzainei bideragarritasun ekonomiko handiagoa eskaintzen die. Orduan ematen dio artzainari zaporeaz eta prestigioaz aparte ematen dio halaber bideragarritasuna.

 

 

 

Baina, Idiazabal Babestutako Jatorri Izendapenarekin komertzializatzen jarraituko dute...

Bai, Idiazabalen barruan, Artzain gazta edo Mendiko gazta egongo da ziurrenik. Eta bakoitza komertzializatzeko baldintza batzuk bete beharko ditu.

Aralarko Mendiko gaztaren proiektua proba pilotua izango da Nafarroako osorako

 

 

Eta Aralar Elkartetik artzainek mendian egindako gazta hori komertzializatu ahal izateko ahaleginetan ari zarete orduan?

Bai. Nafarroako Gobernuarekin bilera asko izan ditugu eta azkenean konbentzitu egin ditugu. Baina hori ahalbidetzeko osasun-lege bat aldatu behar da, lurralde antolamendua ere moldatu egin behar da, txabolak handitu egin behar direlako. Jeztokiak beharko dituzte txaboletan, etxebizitza duin batzuk ere beharko dituzte, ardientzako itxiturak... Gaur egun, Aralarko txabolak nahiko zaharkiturik daude, beraz, zenbait aldaketa egitea beharrezkoa izango da. Gipuzkoan geroz eta gehiago dira mendiko gazta egitera animatzen ari direnak eta urtez urte diru-laguntzak ematen ari dira txabolak egokitu eta pistak konpontzeko. Gure kasuan, pistekin ez dugu arazorik. Pista zirkularra dugu Aralarren eta ia txabola guztietara nahiko erraz iritsi daiteke. Aralarren egingo duguna proiektu pilotua izango da Nafarroa osorako, lege aldaketa horrek onurak ekarriko dituelako denentzat.

 

 

 

Bestetik, guardetxe berria egiteko asmoa ere baduzue...

Bai. 2009an eraikin zaharra bota zutenean, egurrezko eta hormigoizko eraikin handi bat aurreikusten zutenaren berri eman zuten, baina ezer ez. Guk oso ongi ezagutzen genuen hor zegoen familia. Bertan ia 100 urte bete zituzten Zufiaurretarrek. 99 urte zeramatzaten eta 100 urte betetzearekin batera, titulartasuna familiaren eskutan gelditzera zihoan. Ez zen kasualitatea izan, sei hilabete falta zirela familia bertatik botatzea.

 

 

 

Guardetxearen eraikina Nafarroako Gobernuarena zen eta Gobernuaren erabakia izan zen...

Bai. Aralar Elkartetik aurrekontu txiki batekin eraberritzeko proiektu bat aurkeztu zen, baina ez zuten onartu eta guardetxea bota eta bere horretan utzi zuten. Horrekin batera, eraikin berria egiteko 206 zuhaitz bota zituzten, alertzeak, pagoak, pinuak.. Baina egurra ez da beraiena, egurra gurea da, horren eskumena gurea da. Epaitegietara joan ginen eta irabazi egin genuen. Epaileak ebatzi zuen egurra gurea zela, baina ez genekien non zuten egur hori. Aurten, gurekin harremanetan jarri ziren Ingurumen Departamentutik eta Miluzeko biltegi batean zegoela esan ziguten. Egurrak ia prest zituztela eta etxola txiki bat egin nahi zutela gauzak gordetzeko. Ezezkoa eman genien, gure proiektua anbizio handiagokoa zela. Azkenean, gure proiektua aurrera eramateko akordioa lortu dugu. Bertako egurrarekin eraikitako eraikuntza izango da, bertako ardien artilearekin egindako isolatzailea erabiliko da, eta eraikin bioklimatikoa eta kontsumo jasangarrikoa izanen da.

 

 

 

Eta eraikin horrek zein funtzio beteko ditu?

Alde batetik, 60 metroko eraikina eraikiko dugu basozainarentzako etxebizitza eta biltegia izango dena. Eta bestetik, proiektuaren bigarren zatian eraikin handiago bat aurreikusten da proiekzio areto bat, interpretazio zentroa, komunak, taberna bat eta turismo bulegoa bilduko dituena. Iñaki Urkiaren proiektuak dira biak.

 

 

 

Erabilera Publikoko Plan berria ere egiten ari zarete...

Bai eta horretarako Lemazainen Batzordea jarri dugu martxan. Nafarroako Gobernuak egin beharko luke, baina gu ari gara bideratzen. Batzorde horretan ari dira parte hartzen, Lur Sarea (Nafarroako Jasangarritasun Agentzia), Sakanako Garapen Agentzia, Plazaola Partzuergo Turistikoa, Aralarko Larreen Batzordea, Nafarroako Gobernuko turismo arduradunak eta Atlantiar eskualdeko basozainen burua, inguru zenbait herritako udal ordezkariak eta San Migel Santutegiko kapilaua den Mikel Garciandia. Plan berri horrek guardetxearen egikaritzearekin amaitu beharko luke. Guardetxea Aralar osorako erdigune estrategikoa izatea nahi dugu, hor egingo dira, basozainak, turismo bulegoa, trafikoa ere bertatik pasatzen da, aparkaleku ona dugu...

 

 

 

Noiz aurreikusten duzue hasiko zaretela guardetxea eraikitzeko lanekin?

Aurten hasiko gara, urri aldera. 60.000 euroko aurrekontu bat genuen hasieran eta azkenean, 90.000 euroko inbertsioa izanen da Nafarroako Gobernuak bertan egingo duena basozainaren etxebizitza eta biltegiaren eraikinari dagokionez. Proiektuaren gainerako aurrekontua askoz handiagoa izango da, 390.000 euro inguruko aurreproiektua aurreikusi dugu.

 

 

 

Aralarko Egunean aurkeztu zenuten proiektua jendaurrean... zer moduzko iritziak jaso zenituzten?

Bai 200 lagun inguru hurbildu ziren eta jendeak zoriondu egin gintuen.

Ditugun larreak, abereek 3.000 urtetan

egindako lanaren emaitza dira

Zer eskainiko duzue turismo bulego eta interpretazio zentro horretan?

Irteerak antolatuko ditugu eta aurretik erabilera egokien bideotxo bat eta azalpenak emango dira, gure ekosistema azalduz, eremu horietan abereekin nola jokatu behar den erakutsiz... Hori guztia ezinbestekoa da. Eta bestetik, gure historiaren eta abeltzaintzak eta artzaintzak gure inguruan duten garrantziaren erakusleiho ere izango da. Ezagutzen ditugun larre horiek ez dira naturalak, ditugun ekosistema horiek abereek 3.000 urtetan egindako lanaren emaitza dira eta horiek galtzen ari gara. Irteera gidatu batzuk antolatu behar ditugu itxitura horietara, jendeak ulertu behar duelako larreen berreskurapenaren garrantzia eta zenbateko dirutza ari garen gastatzen. Ulertu behar dute garrantzitsua dela abeltzaintza eta artzaintza bultzatzea, gero abereek lan hori naturalki egiten dutelako. Abeltzain gazteak lagundu behar ditugu, gure kontsumitzeko ereduak aldatu... Proiektu honek, elkar eragingarria izan behar du, abeltzaintza turismoarentzat lagungarri izan behar du eta alderantziz.