“Bakardadea zen Ameriketan artzain ibiltzearen alderdirik gogorrena”

labrit 2018ko urr. 15a, 11:46

Kanada, Kalifornia, Los Angeles... Joan den mendean, Ipar Ameriketako estatu ezberdinetara joan ziren lan bila larraundar asko eta asko. Gehienak zenbait urtez lan egin eta gero etxera bueltatu ziren, baina beste asko bertan gelditu ziren. German Lasarte eta Miguel Lasarte etxarriarrak 28 eta 25 urterekin joan ziren artzain.

German, zu zein etxetan jaioa zara?

German: Ni Etxarriko bordan jaio nintzen, Zapateneko bordan. Ne gurasoak etxarriarrak ziren, biak.

Zenbat anai-arreba zineten?

German: Gu zazpi ginen, lau anai eta hiru arreba. Ni gaztenetakoa. Hiru anaiek izandu ginen Ameriketan.

Eta Etxarriko eskolara joan al zinen?

German: Bai, zerbait bai, baina bordan izan giñun guk unibertsitatea! Denetatik bazen han, astoak, ardik, behorrak, oiloak...

Umetatik etxeko lanetan laguntzen ibili izan zineten, ezta?

German: Bai, bai. Ni gehina! Beste denak alde ein zin! Anai zaharrena mendie joan zen eta gero beste bat de bai. Ni hamalau urte arte joan nintzen eskola. Gero, gabeko eskola joan giñoan, hiru edo lau urtez.

Eskola bukatu eta etxean gelditu zinen baserriko lanetan...

German: Bai, baserrin 25 urte arte eondu nintzen. Mendin e aittu nintzen 22 edo 23 urte nittula eo holakon bat eta gero 25 urtekin, Ameriketa.

Ordurako anaiak han al zeuden?

German: Bai, bai, haik aspaldin han zeen, Juanito eta Manuel. Juanitok lau urte pastu zittun han eta gero etorri eta berriz bueltan joan zen. Ordun ez zen kontratoik, gero hiru urtetako kontratoak eitten hasi zeen.

Eta zuk joateko erabakia hartu zenuenean anaiekin hitz egin al zenuen? Edo nola antolatzen ziren bidaia haiek?

German: Bai. Haik joateko eta joateko esaten zin. Eta nik hots ein nien eta ordun haik esan behar zin nausi betei, harrek ni erreklamatzeko. Eta nausik patzen zun biajea eta gio, urten burun, gastu guzik kobratzen zittun.

Gurasoak eta gainerako anai-arrebak hemen utzita alde egitea ez zen erraza izango...

German: Pena haundii... Baserrin arreba geldittu zen.

Hegazkinez joan zinen?

German: Bai, espezial! Beño behatzi aireportu pastu nittun. Hemendik Madrilea trenen joan ginen, Bilbotik ateata, gero, Madrildik Oportora, handik Azoreetara, gero Pittsburgh, New York, Chicago, Denver, Colorado, Utah eta Nevada.

Miguel: [Kar, kar, kar] Nik bi bakarrik hartu nittun, hemendik New Yorkea eta New Yorketik Kaliforniara.

German, zu lehendabizi Nevadan egon zinen, Elyn...

German: Bai. Han arrantxo bateko patroiak kontratatuta joan nintzen artzain. Hark 15.000 ardi zittun. Eta artzain kuadrille bat giñen harentzako lanen. Lesakakoak, Narbartekoak... Las Vegaseko desertuan eta Indianan ibili izan nintzen ardiekin. Artzain bakoitzek lote bat hartzen zun ta mendire... Maiatzen umek eitten zuin eta gabero jaiotzen zeen 100-150 axuri. Ardi haik separatuk uzten zien be umekin ikasi bittarte eta gero, pixke-pixke juntatuz joaten dee...

Eta zu han ardiekin batera gau eta egun...

German: Askotan elurre gainean jartzen zun... Eta gaur hemen eta bihar beste leku batea muttu behar ziñun, jana zegoen lekure...

Baina gurdirik ba al zenuten lo egiteko?

German: Ez, ez, hori kanperoak izaten zun, beño askotan ardikin batea ein behar ziñun lo.

Holaxeko elurre igual eta han etzaleku bat besteik ez ziñun, eta sartzen zinen oinetako eta guzti, gainekoan izoztu igual! Gainetik bi manta eta lona bat jartzen giñun ure ez pasatzeko... Udan bakar-bakarrik mendin, 4.000 metroko mendik zien han...

Ardi horiek haragitako ardiak ziren...

German: Bai, haikin ezin zen gaztaik in, basauntzek beño gaiztogoak zien, ez ziñuzen harrapatuko! [Kar, kar, kar].

Zenbat denbora eman zenituen Elyn?

German: Han bi uda ein nittun, 20 hilebete. Bildotsak Kalifornie eamatten zittuen, aurreako zieank eta nik hue de ikusi behar nula esan nion nausiri. Eta bildotsak erostea etorri zen harekin joan nintzen Kalifornia, Jon Bidegarai izena zun hark.

Bertako nagusi gehienak euskal jatorrikoak al ziren?

Miguel: Gehienak bai!

German: Frantses euskaldunak, asko.

Miguel: Ameriketako gobernuk sekuleko launtzen eman emen zittun, haragie falta zuelako. Eta artzaiei re artaldea erosteko bankuk errextasunek ematen zittun eta diru-launtzek izaten zien. Han komunal haundik izaten zittuin eta ardi jarriz keo honbeste lur uzten zittuin.

Eta zer moduz ibili zinen Kalifornian?

German: Espezial! Ardik beti ondo-ondoan eta nahiko jana izaten zen. Udan betzitako dena jaten zuin eta eun guzin jai. Ardiri beittu besteik ez giñun eitten. Garai hontan, hango erremolatxa earto zelaietan makinak pasa eta gero gelditzen zen guzie aprobetxatzen zuin.

Kaliforniatik etxera bueltatu zinen...

German: Bai, etorri beharra giñauken ta! Ez baitziuen uzten, hiru urte t´erdi pastu bainittun! Hemen e ordun lana bazen. Ni karnizerin hasi nintzen “Bedaiokin”. Horrekin ikasi nun nik ofizioa. Eta 1966. urte inguru hortan jarri izan nun nik ne karnizerie eta geroztik hemen.

Miguel, zu ere Etxarrin jaioa zara...

Miguel: Bai, Apezenen. Gu zortzi senide ginen, sei anai eta bi arreba. 13 eo 14 urte arte joan nintzen eskola. 30 bat laun juntatzen ginen Etxarrik eskolan. Beño ni gaztetatik kanpoan hasi nintzen lan eitten. Lehendabixina Aldazko harrobireko bidea eitten ibili ginen. Gero soldaduske ein eta mendin hasi nintzen. Iratin lehendabixina eta gero Frantzin beste hiru urte. Nei Ameriketako lana ez zitzien gorra in, Iratin basoko lana askos e okerragoa zelako. Iratin argitzeako lanea jeki eta ilundu arte. Eta jateko babak bakarra, gosaltzeko babak, bazkaltzeko babak eta apaltzeko patatak. Ez dakit bizik e nola aguantatzen giñun!

Eta nolatan erabaki zenuen Ameriketara joatea?

Miguel: Frantzin lanen baztandar koadrille batekin ibili nintzen lanen. Eta haitako batek bazula anai bat Ameriketan eta berak e joan behar zula esan zin. Nik esan nion: “Motel ni re joanen nok!”. Eta horrela joan nintzen Kalifornie. Han Errege Eunin atea eta maiatza arte Mendiz mendi ibili nintzen. Los Angelesetik hurbil pasa eta Lancasterreko desertuetatik barna Nevadaraino oines! Nik astoa banun jana eta ure eamateko.

Orduan zuk ere ez zenuen gurdirik... Kanpin denda astoaren gainean jarri garraiatzeko eta kitto!

Miguel: Bai. Hiru urte t´erdi ein nittun nik han artzain eta gero beheira jaitsi nintzen. Los Angelesea. Aspertu ein nintzen han, ez ziñun deuse ikasten eta jornalak e baju zeen. Los Angelesen, txerri hiltegi baten ein nun lana beste sei urtez.

Hor ere egun osoa ematen zenuen lanean?

Miguel: Ez, zortzi orduz. Sekuleko txerri pille hiltzen zeen, eunen 4.000 txerri. Eta han diru asko irabazten zen. Han pisu baten hiru laun bizi ginen. Ne bi anaiek e Ameriketa etorri zien eta jardinero aittu zien. Haik nik eaman nittun, Joaquin eta Francisco, bixkik.

Baina haiek ere hasieran artzain joango ziren...

Miguel: Bai, noski! Hiru urte t´erdi in zittin haik e eta gero baimena eman zien beste lan baten hasteko. Haik han geldittu dee!

Zu bueltatu egin zinen ordea...

Miguel: Bai, jaiotetxi etxekoa zen, beño hutse zeon eta hemengo anaiek hots ein zin etortzeko eta etortzeko. Hiltegiko lana de gorra zen, eskulana zen dena eta etortzea erabaki nun. Hemen ezkondu eta ardik jarri nittu gazta eitteko eta hola bizittu ginen.

Artzain aritu zinetenean, oporrik hartzen al zenuten?

Miguel: Nahi izanez keo ematen zuin.

German: Beño ordaindu gabekoak. Irabazitakoak hamabost eunetan gastatzeko? Ez, ez, seittu lanen!

Eta jatekoarekin nola moldatzen zineten?

Miguel: Ongi, nahi adina giñun!

German: Nevadan axuri ttikin bat hiltzen giñun eta lau eunetako nahiko haragi!

Miguel: Eurre bildu eta lurren zuloa ein eta sue eitten giñun. Jana nahikoa ematen ziguen. Nei nausi esan ziten: “Beitzak Miguel, kozinazak, hemen jende aunitz gaizkittu in dia, haragia bakarrik jateatik. Nik pastuko diat denetik eta kozinazak!”.

German: Dutxaik ez zen han. Balsan bat tokatzen bazen biden arropa garbittu eta bainatzeko ongi, beño bestela igual hilabete ia dutxatu bai. Nik gogoan dauket, uztailen 14 baten, goizen esnatu eta hankak hotz-hotzak eta toldoa kendu eta metro erdiko elurre...

Animalia basatiak ere inguruan izango zenituzten...

Miguel: Desertuan koiote asko zeen. Sekuleko zalapartak ateatzen zittuin. Guk erriflea eamaten giñun izutzeko. Axurik jatea hurbiltzen zien.

German: Eta puma gaben sartzen zeen eta hamabost axuri hiltzen zittun. Eta katamotzak ingurun ikusiz keo tranperoai abisatu eta haik tiroz botatzen zittuin.

Miguel: Artzak e bazien. Nei gau baten, lo negoan tokitik 20 metroa ardie jan zien. Eta bi zakurrek ne oben sartu zien ikatuk, beittu ze defentsa neuken nik!

Eta ikararik ez zenuten pasatzen?

Miguel: Gaztego joan ziren haik okerrago pasa zuen. Batzuk badie suizidatuk e!

Zer zen gogorrena?

Miguel: Bakardadea, eunek eta eunek inor ikusi bai! Hilabete pasa joaten ginen oines animaik ikusi bai, mendiz mendi. Hoi zen hoi aspertzea eta bakardadea!

Garai hartan, artzainek soldata onak al zituzten?

Miguel: Artzainen soldata Ameriketako soldata normal baten %25 zen. Beño hemengo soldatakin konparatute asko zen.

Zergatik erabaki zenuten bueltatzea? Inoiz damutu al zarete?

Miguel: Ni ez naiz damutu.

German: Nahiko dirue ekarri giñun ta! [Kar, kar, kar,]. Ongi bizitzeko bakotxe bee herrin hobena.