Gogoratzen zure kuleroak lehenengoz odoleztaturik ikusi zenitueneko egunaz? Edo eskolako aulkia zikinduko zenuenaren beldur, eserita deseroso sentitzen zinen garaiaz?
Estatistikek diote, bataz bestekoaren arabera, emakumeei hamabi urterekin jaitsi ohi zaiela hilekoa eta 48 urterekin joaten zaie. Lau eguneko jarioa izaten da bataz beste. Beraz, emakumeak bere bizitza osoan 1.872 egunez izaten du hilekoa bataz beste. Biztanleriaren erdiaren egunerokoan hain presente dagoen gauza bat izanik, zergatik da erdi ezkutuan dagoen gaia? Halako erreparoa ematen al digu odolak berak beste egoeretan?
Hilekoaren kasuan behintzat, badirudi gizartearen zati batek nahiago duela gaiaz hitz egin behar denean odola estali. Ikusezin bihurtu, ala hilekoarekin lotutako higiene produktuen iragarki askotan bezala, gorri kolorea garbitasuna transmititzen duen urdin kolore batengatik ordezkatu.
Hautsak harrotu zituen ez orain urte asko, Kiran Gandhi atleta, Londresko maratoian hilekoaren isuria elastikoetan zuela atera zenean. Instagramek ere hasiera batean kendu egin zuen gerora ezagun egin zen Rupi Kaur artistak ohean etzanda ateratako irudi hura.
Zenbait Gobernuz Kanpoko Erakundeen arabera munduan 500 milioi emakume baino gehiagok ez du baliabide askirik odol isuria kudeatzeko. Beste zenbaitek emakumeak hilekoarekin dauden egun horietan, euren herritik kanporatzen eta baztertzen dituztela salatzen dute. Ezin esan dezakegu gurean, egoera horren muturrekoa denik. Gauzak asko aldatu dira azken mende honetan, baina oraindik ere badirudi hilekoa, menstruazioa, regla, ez dela normaltasunez hartzen.
Maitane Urbizu (34 urte) eta Aitziber Eleta (35) lekunberriarrak, kuadrilla berekoak dira. Gaztexeagoa da Aldazko Garazi Moreno (17 urte). Zenbait ezberdintasun badira hilekoaren gaiarekin izan zuten lehen harremanari dagokionean, baina hirurak bat datoz: oraindik ere ezjakintasun handia dago.
Zuentzat hilekoa gai tabua da ala ez?
Aitziber: Gaur egun, niretzat ez.
Maitane: Niretzako pertsonalki ere ez da tabua, baina gizartean oraindik uste dut badela.
Baina normaltasunez hitz egiten duzuen gai bat da?
A: Bai. Nik uste dut lortu dugula, behintzat gure inguruan, naturaltasun batez hitz egitea. Agian kontzienteki erabakita. Emakumeon gauza bat da eta lagun artean konpartitu ditugu gaztetxo ginenean izan genituen kezkak.
Eta zergatik uste duzue orokorrean, gizartean, oraindik ere gai tabua dela?
M: Emakumearena delako. Ni konturatzen naiz kuadrillan denak neskak izanik, naturaltasunez hitz egiten dugula, maila berean gaudelako. Baina zure zirkulu horretatik ateratzen zarenean... Adibidez, berrogei eta piko urteko gizonezko lankide bati hilekoarengatik minez zaudela aipatzen diozunean, deseroso senti daiteke. Horrelako egoerak sumatu izan ditut.
A: Bai ezezagutza edo ezjakintasunagatik, agian.
Telesail, film eta liburuetan beste gai askorekin alderatuta oso presentzia txikia izan ohi duen gaia da...
A: Bai. Niri gertatu izan zait hilekoari buruz hitz egiten hasi eta mutil bat ondoan entzuten egon eta... -Baina zergatik hitz egiten duzue beti hilekoari buruz?- galdetzea. 13 urtetik 50 urtetara hilabetero-hilabetero daukagun gauza bat da eta egarria izan dezakezun bezala edo katarroarekin mukiz beteta egon zaitezkeen bezala, hilekoa gure egunerokoan dagoen beste gauza bat gehiago da.
M: Baina beti da zerbait “negatiboa bezala”, “emakumearena”, “intimoa”, “ezkutatu beharrekoa”... Eta horregatik ez da gaiaz gehiegi hitz egiten.
Eskolan zeundeteneko oroitzapenik baduzue horrekin loturik? Hilekoari buruzko informaziorik jaso zenuten?
A: Nik dudan esperientzia da, helduagoa zen beste haur batek kontatu zidalako izan nuela horren berri, eta pixka bat sorpresaz hartu nuela. Baina eskolatik ez genuen jaso. Gero, hilekoa jaisteko adina hurbiltzearekin batera, zerbait bazenekien entzuna zenuelako edo baten batek bazuelako, baina oso nukleo itxiko zerbait zen.
Eta etxean?
A: Behin jaisten zitzaigunean bai, laguntzen gintuzten. Baina uste dut, egokia dela aurretik prestaketa bat edukitzea ere.
Ume-umetatik amaren hilekoaren berri normaltasunez izan beharko genuke...
M: Bai, eta nik etxean ikusten nuen, baina lotsa ematen dizu jaisten zaizunean. Agian naturaltasunez hitz egiten da amaren hileko horretaz, baina nireaz ez. Niri ere jaitsiko ote zait hori?
A: Bai, amarengan ikusi arren, ez zara oso kontziente.
M: Nik hilekoaren berri kontzienteago lagunekin izan nuen. Klase-kide bati jaitsi zitzaionean eta arduratuta ikusten zenuenean: -Ai ama, orain irakasleari esan beharko diot konpresa bat emateko?-. Oraindik jakin gabe ere oso ongi konpresa bat nolakoa zen eta nola jarri.
A: Eskolan ez ziguten ezer azaldu eta hori neskei nahiz mutilei azaldu beharreko zerbait da. Mutilek ere informazio hori jaso behar dute.
M: Hamar urterekin edo lehenago.
Normaltasun osoz hitz egitea lortu duzue, baina hamahiru urterekin lagun artean behin jaitsi ondoren hitz egiten al zenuten?
A: Bai, baina oso gertukoarekin. Garai hartan, kuadrillan hilekoaz hitz egiteko “hilekoa” hitza erabili beharrean izengoiti bat jartzen genion.
Irati, zuretzat ezberdina izan zen hasiera?
Irati: Nik gogoan dut eskolan, seigarren mailan ginela, inguruneko liburu batekin eman genuela gaia. Emakumeon hilabeteroko zikloa azaldu ziguten eta gero lagunekin ere hitz egiten genuen. Baina nabaritzen da gaia ateratzerakoan, batzuei ez zaiela asko gustatzen eta beste batzuei aldiz berdin zaiela. Baina normalizatuago ikusten dut orain. Hala ere, oraindik, neskak komunera joateko tanpoia edo konpresa ezkutuan eramaten dutela ikusten dut. Zerbait txarra izanen balitz bezala edo ez dutelako jakiterik nahi hilekoarekin daudenik.
Eta etxean?
I: Etxean nik, pertsonalki, lasai asko aipatu nuen jaitsi zitzaidanean, bai aitarekin bai amarekin eta baita amonarekin ere, oso normal.
Mutilekin ere hitz egiten den gai bat da?
I: Ez, ezer ez. Eta eurek aurrean daudela horri buruz hitz egiten baduzu, nik askotan nabaritzen dut pixkanaka nola alde egiten duten. [Kar, kar]
Eta hori zergatik dela uste duzue?
M: Konnotazio negatibo hori duelako, beldurra, ezjakintasuna, nazka...
I: Bai, nik uste nazka ematen diela.
Zuek ere komunera joateko ezkutuan ibili ohi zarete?
A: Adibidez, kopa erabiltzen baduzu, aurretik pentsatu egiten duzu zein komunetara joan, ea barruan iturritik baden edo kanpoan duen... Kanpora atera behar baduzu garbitzera, jendea egon daitekeelako. Batzuetan zu deseroso senti zaitezkeelako eta baita han dagoena ere.
M: Eta hori neskentzako komuna bakarrik izan arren! Nahiko intimoa da eta lagunekin lasai hitz egin arren, egia da gero horrela ibiltzen garela.
A: Bestalde, hilekoa ere ezberdina da pertsonaren arabera. Batzuek ez dute ia oinazerik nabaritzen eta beste batzuek oso gaizki pasatzen dute. Eta lanean edo ikastetxean bazaude, mareatuta edo pilulak ez dizula efekturik egiten... horrelako egoerak uste dut asko izaten direla. Eta batzuetan ez dakizu lankideari edo nagusiari nola azaldu: Ez nago ongi...? Edo hilekoarekin nago...?
Konnotazio negatiboa duela diozue, baina odolak berak ere badu konnotazio hori berez. Zeintzuk dira hilekoaren odol horren aurrean izan dituzuen sentsazioak? Nazka, inpresioa, beldurra...
M: Nazka ez.
I: Ez, uste dut inpresioa dela gehiago. Azkenean zure gorputzetik atera da, zerbait berria da...
A: Nik lotsa sentitu izana gogoratzen dut.
Telebistako iragarkiak ez dira oso errealistak izaten...
M: Ez, ematen du yoga lasai egin dezakezula, baita galtza zuriekin ere!
Eta zuen garaitik hona asko aldatu dira isuriari aurre egiteko produktuen eskaintza? Gaur egun, konpresak daude, tanpoiak, kopak...
A: Ez da asko aldatu.
M: Koparena izan da berritasunik handiena.
“Adin ezberdinetakopertsonekin esperientziak partekatzea lagungarria izan daiteke”
Produktu horiek oinarrizko behar bat izanagatik BEZa jaitsi edo kentzearen aldeko aldarrikapena egiten hasia da gizartearen zati bat. Zer iritzi duzue?
A: Uste dut oinarrizko marka bat sortu beharko litzatekeela, denontzako eskuragarria.
M: Bai. Azken batean, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desoreka horretan, emakumeak gastu estra hori dauka. Prezio hori, doakoa edo sinbolikoa izan beharko litzatekeela uste dut. Egia da koparekin asko aurrezten dela eta gainera, gorputzak kanporatzen duen hori ikusten duzula, usaina, kolorea... Hilekoarekiko erlazio naturalagoa ahalbidetzen du.
A: Eta erlazio naturalago horrek zeure burua ezagutzen laguntzen du, askotan gorputzaren orekaren adierazgarri ere badelako. Adibidez hilekoa joaten baldin bazaizu, haurdun zaudelako izan daiteke, baina baita osasun arazo bat daukazulako ere, edo nerbioak direlako edo beste mila faktore.
Eta tabua izateari uzteko zein pauso eman daitezkeela uste duzue?
I: Eskolan askoz lehenago azaldu beharko lukete, eta ez bakarrik zikloa bera, baita eskuragarri izan ditzakegun gauzak ere, konpresak, tanpoiak...
A: Bai, agian adin ezberdinetako pertsonekin esperientziak partekatzea lagungarria izan daiteke. Hilekoa bizitzeko modu ezberdinak daude eta sintomatologia bera oso anitza da. Uste dut horretan lan handia egiten ari direla mugimendu feministak eta hainbat sortzailek.
M: Uste dut estigmatizazio hori kendu edo aldatu egin behar dugula. Hilekoa oso naturala den zerbait da, lurrarekin kontaktua duena, positiboa, ziklikoa, sormenarekin harremana daukana... eta dituen adjektibo negatiboak positibo bihurtu behar ditugu. Besteak beste, mina beste modu batera bizitzen ikasi behar dugu.
Gaur egun, beste hainbat gauzekin bezala, hilekoarekin ere ematen den automedikazioa ikaragarria da...
M: Pentsa, minarengatik edo irregulartasunarengatik zenbat botika eta antisorgailu hartu ohi diren. Hor atzean izugarrizko negozioa dago.
A: Automedikazio handia dago. Mina arintzeko beste bide batzuk bilatzea, hilekoa hobe ulertzea eta horretarako ikerketa gehiago egitea klabea izan daiteke.
M: Gainera, hilekoarekin zauden egunetan, sufritzen egon zaitezke edo oso ahul, baina ezin duzu gelditu. Munduak bere erritmoan jarraitzen du eta zuk ekoizten jarraitu behar duzu. Ezin duzu esan: -Gaur hilekoarekin nago eta ez noa lanera-. Gorputzak deskantsatzeko eskatzen digu eta ez diogu ematen. Pilula edo dena delakoa hartu eta aurrera. Eta azkenean, ez dugu errespetatzen gure natura zikliko hori.