Umetatik ardi tartean ibili izan zara...
Bai, ikasle garaian ere asteburuero hona etortzen nintzen. Gustuko izan dut beti eta etxeko ardiekin aurrera jarraitu nahi nuen. DBH bukatu ondoren, Nekazaritza eta abeltzaintza ikasketak egin nituen.
Osaba Bixenteren ardiak dira hartu berri dituzunak...
Bai. Aitonak erosi omen zituen lehen ardiak eta osaba Bixente eta Kalisto ibiltzen ziren artzain. Baina Kalisto hil eta gero, nire aita laguntzera etortzen zen eta ni ere berarekin. Osaba asko poztu zen nire erabakiarekin. Nik ikasketak amaitu bitartean berak eutsi dio eguneroko martxari eta orain, joan den udaberrian bera erretiratu egin zen eta geroztik nik hartu dut ardura.
Zenbat ardi dituzu momentu honetan?
400 buru inguru.
“Ardi hauek handiagoak dira morfologikoki eta esne gehiago ematen dute”
Eta zein arrazatakoak dira?
Lacaune arrazakoak dira, frantsesak. Aitonak latxak erosi zituen eta gero, osabak israeldarrak ekarri zituen. Baina mendian eta kanpoan ibiltzeko ez ziren onak, ez zuten belarra jaten eta pentsua ematen ibili behar izaten zuen. Gastu handia zen. Orduan Frantzian arraza hau ikusi eta probatzeko ekarri zituen orain dela hamar bat urte.
Itxuraz nahiko ezberdinak dira latxarekin edo sasi-ardiekin alderatuta...
Bai. Hauek handiagoak dira morfologikoki eta esne gehiago ematen dute. Latxak uda partetik udazken aldera esnea emateari uzten diote, baina hauek ez dute etenik, urte osoan aritzen gara jezten.
Oraingoz baserrian bertan duzu ukuilua, ezta?
Bai. Oraingoz bai, baina nabea egiteko asmoa daukat. Paperak martxan ditut eta ea udaberri alderako eraikitzen hasten naizen. Esplotazioan titular berri gisa jartzeko ez zidaten hemen jarraitzen uzten, industriak eskatzen dituen gaur egungo baldintzak betetzeko instalazioak egokitzera behartzen gaituzte.
Eta etorkizunean artaldea handitzeko asmoa duzu?
Oraingoz ez, lehendabiziko urteetan kopuru bera mantentzea da nire asmoa eta behin ukuilu berria jartzearekin eta ongi egokitzen naizenean agian pentsatuko dut gehiago jartzea. Aukera izanen nuke, nabeak etorkizunean buru gehiago jartzeko aukerarekin diseinatu delako.
Nolakoa izaten da zure egunerokoa?
Goizeko zazpi eta erdiak aldera ukuilura etortzen naiz ardiak jeztera. Gaur egun dena mekanizaturik daukagu. Ez da eskuz jezten. Ondoren kanpora ateratzen ditut, belazeetako belarra jan dezaten. Eta gero, ganbeletan pentsua eta belar lehorra jartzen dut, iluntzean berriro bueltan ekartzen ditudanerako prest izan dezaten. Beste zereginik ez badut, goizeko hamaikak aldera amaitzen dut eta ondoren, arratsaldeko seietan berriro etortzen naiz bigarren jetzialdia egitera.
Baina tarte horretan bestelako zereginak ere izanen dituzu...
Bai, beti izaten da zerbait. Kanpoan dauden ardiak begiratu, bildotsei kasu egin. Baten bat hanketako minez badago hura sendatu etab.
400 buru horietatik erdiak dituzu produkzioan...
Bai, baina denboraldiak izaten dira. Orain gutxi jezten gabiltza. Hemendik bost hilabetera gehixeago izanen dira. Udan, kanpaina baxuan, bi ordu behar izaten ditut jetzi eta jeztokia garbitzeko. Baina, esne gehiago ematen duten denboraldian, ia lau ordu. Lau ordu goizez eta lau arratsaldez.
Urtean zenbat umatze aldi izaten dituzue?
Bost. Gehienak bi ume izaten dituzte, baten batek baita hiru ere. Bi diren kasuetan, askotan amak ez ditu biak onartzen, bat baztertu egiten du, eta halakoetan gainean egon behar izaten da bere ondoan hartzen duen arte.
Zein teknika erabiltzen duzue horretarako?
Lehen osabak soka batekin lotzen zituen umeak amaren hanketara. Gaur egun, nik departamentu modukoak egiten ditut hesiekin. Artaldetik bereizi egiten ditut ama eta bi umeak. Hor hiru edo lau egunez elkarrekin egotearekin aski izaten da normalean. Batzuek agian astebete behar dute eta beste batzuek ordu batzuk baino ez.
Umatze garaian gauez ere adi egon behar, ezta?
Bai. Hogei egun izaten dira, baina nahiko gogorrak. Gauetan ere askotan hemen egon behar izaten dut. Baten bat jaioz gero hura berehala bereizteko, umea errapean jartzeko etab.
Zer nahiago izaten duzu ume bakarra izatea hala binaka etortzea?
Bakarra hobea izaten da. Bat egiten dutenean normalean handiagoa izaten da eta, indartsuagoa. Bi etortzen direnean beti txikixeagoak eta ahulagoak izaten dira. Gainera arraza honek ez du kalparrik izaten jaiotzerakoan. Ez da latxa bezala. Hauek ez dute ilerik izaten eta kontu handia eduki behar da. Neguan batez ere txoko hotzenak edo haizeak jotzen duen lekuak saihestu behar dira. Ukuiluan loteka antolatzen ditut eta gero, handitu ahala nahasten joaten naiz.
Garai bateko artzainen modura zu ere ardi bakoitza begi-kolpe batez identifikatzeko gai zara?
Batzuk bai, arrazoi bategatik edo besteagatik begitan hartzen dituzulako, baina askotan belarrian daramaten zenbakiari begiratu behar izaten diet.
Nora saltzen duzu esnea?
Erronkarira saltzen da esnea, Erronkari Gazta egiteko. Astean hirutan etortzen dira esnea biltzera, igande, astearte eta ostegun gauean. Esnearen zati bat Arraztio Esnekiakera saltzen dugu.
Arazo berezirik izaten dute?
Ez. Umatze garaia zaintzea da garrantzitsuena. Eta garbitasun handia mantendu behar da beti. Esnea ahalik eta kalitate handienarekin irteteko hemendik. Hilabetean lau edo bost aldiz esnearen laginak hartu eta analizatzen dituzte. Urtean behin Irunberritik artiela moztera etortzen dira. Arraza honekin behin moztarekin aski da.
Gazta zeuk egitea ez dago zure asmoen artean?
Pentsatu izan dut, baina bakarrik egotearekin. Orain aitaren eta osabaren laguntza daukat baina etorkizunean... Gaur egun jarriz gero egingo nuke, baina etorkizunean gazta egin ahal izateko langile bat edo bi hartu beharko nituzke eta horretarako kontu asko atera behar dira. Momentuz esnea saltzearekin aski!
Sendagai asko ematen dizkiezu?
Ez, guk oso sendagai gutxi erabiltzen ditugu. Hanka-minak direnean, horiek sendatu eta desinfektatzeko. Axuriei jaio berritan txertoa jartzen zaie indartzeko bitamina batzuekin eta dauden bakterietatik babesteko. Txerto hori guk geuk jartzen diegu. Ez da arazo handirik izaten hemen. Batzuetan eguraldi aldaketa bortitzak daudenean, biriketako gaixotasunen bat har dezakete eta halakoetan likido bat ematen zaie ahotik.
Osabak bezain ilusio handiarekin hartu zuten zure erabakia inguruko guztiek?
Aitak eta amak bai. Amak ikasten jarraitzera animatzen ninduen eta aitak berriz ikasten jarraitu nahi ez banuen lan egin beharko nuela. Askori pasa ohi zaien moduan niri ere ez zitzaidan ikastea gustatzen eta hemen gelditzea erabaki nuen. Lagunek zoratuta nagoela esaten didate, lan hau oso esklaboa dela. Egunero lan egin behar dela eta oporrik gabe ia...
“Bere alde onak ere baditu lanbide honek eta hori askok ez dute ezagutzen”
Eta zuri zer iruditzen zaizu? Horren lotua al da lana?
Egia da asteburuan parranda eginez gero, goizean berdin-berdin etorri beharra duzula ardiak jeztera. Baina ni txikitatik hemen hezi naizenez eta hau bizi izan dudanez, ez zait horrenbesterako iruditzen. Batzuetan egun osoa hemen pasa arren ez zait horren gogorra egiten.
Bere alde onak ere baditu...
Bai, nire kasuan familiako esplotazioa izanik, ez dut nagusirik eta ni neu antolatu naiteke. Ardiak egunero jetzi behar dira, baina badira beste zenbait lan nahi bezala antolatu ditzakezunak.
Nola ikusten duzu zuk artzaintzaren etorkizuna?
Ibili izan naiz pixka bat inguruko ibarretan eta gazte gutxi ikusten ditut, gehienek nahiago dute lantegietan lan egin, zortzi orduko lanpostu batean eta nahiko opor egun izan. Nirekin batera nekazaritza eta abeltzaintza ikasketak egin zituzten asko ere ondoren lantegian hasi dira lanean. Gaur egun ezerezetik zeure ardiak jartzea ez da erraza. Gobernuak diruz pixka bat lagundu arren, pentsua oso garesti dago eta esnea oso gutxi ordaintzen dute.
Zure kasuan, hemengo belazeekin moldatzen zara?
Bai, guk Alliko eta Iribasko lurrak erabiltzen ditugu eta ditugun ardi kopuruarentzako aski izaten da. Belarra guk geuk egiten dugu eta kanpoan pentsua eta ahotza ekartzen dugu. Belarrak ekainetik abuztura bitarte egiten ditugu eta moldatzen gara. Batzuetan herriko bizilagunen batek ere laguntzen dit. Garrantzitsua da bizilagunekin ongi moldatzea, bestela jai dago! [Kar, kar, kar].
Baina aurten adibidez oporrak izan al dituzu?
Aurten ez naiz inora joan, baina aitak bere lanpostuan hilabete oporrak izan dituenez, tarte hori aprobetxatu dut lagunekin gelditzeko eta parranda egiteko.
Beraz, zuk gazteak artzain izatera animatuko zenituzke?
Bai, bai, nahi izanez gero hurbildu daitezela nahi dutenean, nik hemengo martxa erakutsiko diet. Bere alde onak ere baditu lanbide honek eta hori askok ez dute ezagutzen. Eta artzaintzarik eta abeltzaintzarik gabe, gure barrutiak eta mendiak guztiz zikindu eta galduko dira. Gainera, herrian bertan bizitzeko aukera ematen duen lanbidea da.