“Musikak asko lagundu dit”

Mailope Aldizkaria 2019ko abe. 11a, 10:39

Betidanik izan du gustuko plaza, jaio ere bertan egin baitzen, Beteluko Labaienean. Plaza horretan hainbatetan eta hainbatetan aritu da jotzen, ondoan dagoen elizan abesten eta Labaienean bertan hamahiru urte baino gehiagoz musika irakasten. Mª Angeles Urrizalki beteluarra omenduko dute aurtengo Araitz-Beteluko Kultur Astean.

Belarri finekoa izan da beti Mª Angeles Urrizalki. Musikarekiko afizioa jaso zuen aitaren eskutik eta hori bera transmititu zien urte luzez bere ikasle izan zirenei ere. Gaur egun, 70 urte ditu eta oraindik ere herriko abesbatzan aritzen da, Diario Vasco egunkarirako bertako albisteak idatzi eta argazkiak ateratzen ditu eta amona ere bada, eta ez edonolakoa gainera. Ez da geldi egotea gustuko duen pertsona. Akordeoia ikasten hasi da Aralar Musika Eskolan eta ez du baztertzen dakiena fintzeko pianoa ere ikasten hastea. Behatzek ez diotela jarraitzen dio, baina hori ez da traba. Dagoeneko prest ditu Araitz-Beteluko Kultur Astean abestuko dituzten kantuen letrak. Baina oraingoan, abesteagatik ez ezik bertako kulturaren alde egindako guztiarengatik bera txalotuko dute.

Lau anai-arreba zarete zuek...

Bai. Ni hirugarrena. Lourdes, Ramon, ni eta Itziar.

Aita zenuten Labaieneakoa...

Bai, aita, Francisco Urrizalki hemen jaioa zen eta ama Aresoko, Modesta Azpiroz. Ama oso gazte hil zen, nik hamabost urte nituela.

Aita txistularia zenuten, ezta?

Bai eta berarekin hasi ginen musika irakurtzen eta txistua jotzen. Baina nik denbora batez utzi egin nion jotzeari. Niri ere musika beti gustatu izan zait eta pixka bat jarraitzen nuen nire kontua partiturak lortu eta pianoa jotzen.

Baina zu ume zinela txistulari talderik bazen herrian?

Ez. Nire aita ondoren hasi zen Don Jesus Jaimerenarekin batera haurrei txistua irakasten. Elizara joaten ziren entseatzera.

Eta gero nola hasi zinen zu solfeoa irakasten?

Lekunberriko musika eskolakoek egin zidaten proposamena. Hasieran ez nuen argi ikusten, baina hasi nin-tzen, eta ikasleak nire etxera etor-tzen ziren. Hementxe, gela honetan ematen genituen klaseak.

Nortzuk izan ziren zure lehen ikasle haiek?

Belen Buldain, Juan Carlos Buldain, Juan Ignacio Buldain, Amaia Ibañez, Idoia Otamendi, Garbiñe... Kuadrila bat. Aste osoan egunero-egunero elkartzen ginen eta larunbatean, autobus txiki batean Lekunberrira joaten ginen. Ni neu ere ikasle bezala joaten nintzen beraiekin. Don Jesusekin larunbatetan ikasitakoa astean zehar entseatzen genuen.

Bakar-bakarrik hasi zinen orduan...

Bai, ez zegoen beste mugimendurik hemen. Orduan etxe zaharra genuen, konpondu gabea. Gela hau okindegia izandakoa zen. Eta egokitze lanak egin bitartean alboko jangela batean hasi nintzen klaseak ematen. Halako mahai bat bazen eta hantxe!

Musika tresnen klaseak beranduago etorri ziren?

Bai. Ondoren Aralar Musika Eskolako irakasleak hona etortzen hasi ziren. Ana Mari Erroz Uitzitik etortzen zen pianoa irakastera. Eta egun hartan nik ez nuen klaserik ematen. Urte haietan hemen arratsaldeko hiruetan hasi eta gaueko zortziak arte musikarekin isildu gabe. Nire senarra nekatu ere egiten zen. Lanetik etorri eta beti “DOOO...”, baina ni gustura.

Ikasleak solfeoa ikasi ahala eta zure aitak txistua erakusten zienez, kalera irteten hasi zineten...

Txistulariena nire aitak mugitu zuen gehiago. Festetan irteten ginen, ihauterietan karri dantza jotzera, Olentzeroarekin... Mugimendu handia sortu zen musikaren inguruan. Hona ibarreko ume guztiak etortzen ziren. Gero nire senarrak egindako egurrezko mahai batzuk jarri genituen hemen ikasleentzat eta pianoa hortxe zegoen. Orduak eta orduak hemen...

Pazientzia ere beharko zenuen...

Bai. Ahoan txiklea zutela etortzen ziren asko eta mahai azpian uzten zuten itsatsita... Garai hartan solfeoa ez zen gaur egun bezala irakasten. Orduan diktaketen bitartez egiten genuen. Gainera dena erdaraz! Gogoan dut ikasle bati behin galdetu niola: - “¿Y aquí no has puesto nada más?”-. Eta ikasleak erantzun: - “Bueno, en el tarte le he puesto un silencio”-. [Kar, kar].

1997an utzi zenion musika eskolak emateari. Zergatik?

Irakasleei ikasketa berezituak eskatzen hasi ziren klaseak eman ahal izateko eta utzi egin nuen. Ikasleek omenaldi eta guzti egin zidaten herrian, polita izan zen. Baina pianorik gabe gelditu nintzen eta ikaslerik gabe, gaizki pasa nuen. Hamahiru urte pasa nituen egunero umeekin musika ematen eta bat-batean... Nire pianoarekin hasi nintzen klaseak ematen eta hura izorratu zenean musika eskolak berria erosi zidan, baina utzi nuenean pianorik gabe utzi ninduten, eskerrak gero berriro bueltatu zidaten! [Kar, kar]

Etxeko piano zahar hura nork jotzen zuen?

Nire osaba Ramon Urrizalkik eta baita nire anaiak ere.

Beraz, haurtzarotik hasita musika ez da falta izan etxean...

Ez, ez. Eta ospakizunetan ere beti abesten amaitzen genuen. Orain ere askotan! Otordu bat egin eta gero kantatu gabe, oso tristea dela iruditzen zaigu.

Herriko abesbatza ere zuk indartu zenuen...

Nire ikasleak solfeo ikasten hasi zirenean, oso gazteak izan arren, ikasitakoa praktikan jartzera animatu eta elizan abesten hasi ziren. Orain zaila egiten da jendea elkartzea. Abesbatzako gehienek ume txikiak dituzte eta kosta egiten da. Juan Bautista apaizarekin asko ikasi genuen eta bultzada ederra eman zigun. Ni ere saiatzen naiz, baina zaila da. Gaztetxoak gaur egungo musika nahiago dute eta ez dira animatzen.

Auroroak abesteko ere elkartzen zarete..

Bai. Gerra Zibilaren garaian desagertu egin zen Auroroen taldea herrian, baina gero nire aitak berreskuratu zuen eta 1980. urtean ateratzen hasi ginen eta ordutik jarraitzen dugu. Urteko ospakizun handietan abesten dugu eta urtean behin Nafarroan egiten den Auroroen topaketara ere joaten gara. Ni orain hasi naiz berriro abesten. Abesteko indarrik gabe egon naiz.

Zure alaba Garbiñek ere urrizalkitarren musikarako gaitasuna zuen ezta?

Bai. Umetan ibili zen txistua jotzen ia bukaerara arte. Ikaragarri ongi jotzen zuen.

Zu baino txistulari hobea zen?

Bai, bai, zalantzarik gabe. Hura ez zen gelditzen gainera, hau edo bestea antolatu behar zela, abestu edo txistua jo behar bazen, han zen. Gogorra izan zen, ez nuke sekula pentsatu izan...

Geroztik musika ezberdin bizi duzu?

Bai. Ez dakit zenbait abesti berriro abesteko gai izanen ote naizen. Baina era berean niri musikak asko lagundu dit eta ez dut baztertzen txistua ere ez dudanik berriz joko.

Diario Vasco egunkarian ere urte asko daramatzazu korrespontsal...

Bai, 1998tik. Egun batean etxera etorri ziren, hemengo berriak bidaliko zizkien norbaiten bila zebiltzala eta animatu egin nintzen. Festetako egitarauak, jaunartzeak, ihauterietako argazkiak eta denetarik bidaltzen diet. Baina hurrengo egunean jartzen ez badute, atzetik ibili behar izaten naiz deika.

Nola jaso zenuen Araitz-Beteluko Kultur Asteko omenaldiaren berri?

Poztekoa da, baina uste dut urduri jarriko naizela jendearen aurrean. Baina eskertzekoa da. Gainera egun horretan abestera irtengo gara. Ea horrela jendea abestera animatzen den eta tarteka entseatzera hurbiltzen diren. Ez dira elizako abestiak izanen, baizik eta abesti herrikoiak. Polita izanen litzateke beste hainbat herritan egiten duten moduan tarteka kalera irtetea abestera.

“Eskerrik asko Mª Angeles”

Yolanda Eskamendik eta Rakel Estangak ongi ezagutzen dute Mª Angeles. Biak beteluarrak izateaz gainera, abesbatzako kideak baitira.

Zeintzuk dira Mª Angelesekin dituzuen lehen oroitzapenak?

Rakel: Mª Angeles beti musikarekin. Bera izan zen gure musikako lehenengo irakaslea.

Yolanda: Baina orain baino beranduago hasten ginen orduan musika ikasten. Eta ondoren abesbatzan hasi ginen. Mª Angelesek igandero organoa jotzen zuen, batzuetan behean eta beste batzuetan goian.

Rakel: Hasieran elizako kantak abesten genituen, baina gaur egun bestelako abestiak ere abesten ditugu.

Yolanda: Lehen, urtean behin afari bat egiten genuen eta gustura ibil-tzen ginen afariaren ondoren ahotsetara abesten. Orduan gainera jende asko ginen. Hau dena bete egiten zen. Ni bere etxean aritzen nintzen akordeoia ikasten eta ez zitzaion inporta. Edozein partitura behar banuen berehala lortzen zuen. Urte Berri egunean ere, parranda egin eta gero abestera joaten ginenean, ez zigun inoiz errietarik egiten: “Atzo ongi eh!”. [Kar, kar].

Eta pertsona bezala nola deskribatuko zenukete?

Rakel: Oso pertsona ona. Musika ikaragarri gustatzen zaio, musikarekin gozatzen du eta hori transmititu nahi izan du beti. Guk hala bizi izan genuen. Batzuetan zorrotza zen, baina hala izan behar zuelako. Baina guk berari esker ikasi dugu musika eta gaur egun berari esker gozatzen dugu musikarekin. Olentzeroa ere berari esker daukagu. Bera ibili zen hasierako urte haietan antolatzen.

Yolanda: Eta eskuzabala. Bere etxea moldatu zuen klaseak emateko. Denda ere bazuen eta askotan denda itxi egiten zuen hileta elizkizunetan abestu edo organoa jotzeko.

Bere alaba Garbiñek alde egin zuenean, herritar askoren sentimendua izan zen kultur eragile garrantzitsu batek alde egin zuela...

Rakel: Bai eta guk pentsatzen genuen, Mª Angelesek egin duen guztia Garbiñek egiten jarraituko zuela. Eta orain nolabait kate hori moztu egin da. Garbiñe ez dago eta horregatik guk askotan esaten dugu, gure ahalegina egin behar dugula.

Yolanda: Garbiñe joan zen eta Mª Angelesek entseguetara etortzeari utzi zionean izugarrizko beherakada nabaritu genuen abesbatzan. Gu ere animorik gabe ginen eta ez genuela entseatzen ikusi zuenean berriro etortzen hasi zen.

Rakel: Eta noski, bera hor ikusita, ezin genion huts egin!

Yolanda: Azkenean Mª Angelesek denongatik tira egiten du! Ea jende berria abesbatzako entseguetara etortzera animatzen den. Behintzat proba egin dezatela!

Eta Mª Angelesi zer esanen zeniokete?

Rakel: Eskerrik asko, gauza askorengatik. Baina batez ere herrian egin duen lan guztiarengatik eta, nire kasu pertsonalean niregatik, musika ekarri didalako eta niretzako oso garrantzitsua delako bizitzan. Beraz, eskerrik asko.

Yolanda: Eta jarrai dezala urte askoan!