Kirol elkarte guztiek bezala Larraungo Pilota Elkarteak ere garai hobeak eta okerragoak izan ditu sortuz geroztik. Estatutuen arabera, 1992an sortu zen elkartea, nahiz eta betidanik izan den Larraunen pilotan jokatzeko ohitura. Urte hartan Guillermo Mazok, Don Jesus Jaimerenak eta Carlos Baldak Larraungo Pilota Elkartea sortzeko estatutuak sinatu zituzten. Geroztik asko izan dira modu batean edo bestean laguntzen eta entrenatzaile lanetan aritu direnak, Iñigo Arozena, Joxe Mari Astiz, Angel Soroa, Aimar Lansalot, Julio Soto, Josu Oreja... Orain dela sei urte hartu zuten Igor Mitxausek, Lourdes Noguerak eta Mikel Ijurkok elkarteko zuzendaritzaren ardura. Igor Mitxaus: “Hasi ginenean, estatutuak berrikusi eta eguneratu egin genituen. Ez genituen pilotariak kategoria guztietan eta pixkanaka hori lortu dugu”. Gaur egun 95 haur eta gazte dabiltza pilota eskolan eta esan liteke Larraunek kategoria guztietan ordezkariak dituela. Mikel Ijurko: “Gure garaian Guillermo Mazorekin entrenatzen genuen, Lekunberriko frontoian. Baina orduan ona zenak aurrera egiten zuen eta beste guztiak kanpora. Onenak entrenatzen zituen. Hori guztiz aldatu da egun”. Izan ere, Pilota Elkartearen helburua pilotan jokatzen irakatsi eta ahalik eta maila onena lortzen laguntzeaz gainera, kirolaren bitartez heztea ere bada. Horregatik denek dute bertan jokatzeko aukera. Horretarako entrenatzaileen lana ezinbestekoa da. Igor: “Urtero lortzen dugu entrenatzaile izatera animatzen den norabita, baina egonkorragoak izatea gustatuko litzaiguke. Urtero entrenatzaileak aldatzea ez da komenigarria, umeak ere ohitu edo konfiantza hartzen dutenerako aldatu egiten diezulako. Hori egonkortzea lortu behar dugu eta entrenatzaileak formatzen joan”. Gaur egun palako saioetaz Andrea Ijurko, Maddi Galarza eta Xabi Azpirotz arduratzen dira eta pilotako entrenamenduetaz berriz, Oinatz Iriarte, Iñigo Gurrea eta Juan Miguel Soroa. Prestakuntza fisikoa Martxel Kalonge leitzarrak ematen die.
Babes ekonomikoa ere ezinbestekoa da. Gaur egun, 31 babesle ditu elkarteak eta Kirol Mankomunitateko ekarpenari esker eta Pilarika Jaietako saskiaren zozketari esker, eskolako kideek urtean 110 euro baino ez dituzte ordaintzen.
Frontoi hotza da Lekunberrikoa, garai honetan batez ere. Baina astelehenetik ostiralera behintzat arratsaldero beteta egoten da. Pilota eskolako helduenak Aldazko frontoian entrenatzen hasi dira. Mikel: “Futbolarekin alderatuta esaterako pilotak badu alde gogorrago bat. Partiduei askotan bakarrik egin behar zaio aurre. Donozteberaino joan, takoak jarri, partida jokatu, agian galdu eta, etxera. Baina ongi ibiliz gero, asko gozatzen da”.
Eta badira ongi dabiltzanak. Ikasturteko lehen hilabete hauetan jada zenbait emaitza on jaso ditu elkarteak. Adibidez, Nafarroako Federazioko Pala Txapelketa irabazi zuten Maria Eguzkizak eta Olaia Iriartek Infatiletan. Eta Kadeteetan ere txapeldun izan ziren Saioa Berekoetxea eta Irati Garziarena. Pilotan berriz, Federazioko Banakako Txapelketan finalera iristea lortu zuten AItor Baldak, Julen Bildarrazek eta Aimar Goldarazenak. Oinatz Iriartek ere Guillermo Mazo Txapelketako finalera iristea lortu zuen. Larraunen entrenatzen duen Julen Sotilek txapela lortu zuen Sopelan eta Iñaki Galarza eta Iñigo Gurrea Nafarroako Binakako Txapelketako txapeldun izan dira.
Palan neskak baino ez dabiltza. Eskuz berriz mutilak gehiago dira. Etorkizuneko erronken artean du elkarteak nesken artean goragoko kategorietan ere pilota sustatzea eta orokorrean pilota eskolako maila hobetzea.
Igor: “Saiakera egiten ari gara eskualde mailako txapelketak antolatzeko. Leitzako eta Beteluko eskolekin batera urtarrilean banakako txapelketa eginen dugu eta udaberrian binakakoa. Horrela bertako eskolen arteko harremanak sendotu eta bertan jokatzeko aukera emateko. Eta ea berriro ere Larraunek Nafarroako Herriartekoa irabaztea lortzen dugun, garai batean egiten genuen moduan. Horretarako lanean gabiltza”.
“Ez nuen espero ikasturtea horren ongi hastea”
Baraibarko Oinatz Iriartek zortzi urte zituenetik darama pilotan jokatzen Larraungo Pilota Elkartean. Hamasei urte ditu orain eta Jubeniletan dabil. Aurten Guillermo Mazo Txapelketa irabazi du.
Gartzarongo Pilota Txapelketa izaten duzue ikasturteko lehena...
Bai. Arbizuko Ioritz Gorrotxategirekin batera irabazi nuen Gartzarongo Binakako Txapelketa. Altuna eta Uzkudunen kontra aritu ginen finalean eta 18 - 6 irabazi genien. Gartzarongo txapelketa uztailean hasten da eta azaroaren erdialdean amaitzen da, Guillermo Mazo Txapelketaren hasierarekin batera.
Zenbat urte daramatzazu Gartzarongo Pilota Txapelketan parte hartzen?
Txikitatik, baina ez nintzen behin ere finalera iritsi. Orain dela bi urtez lortu nuen lehen aldiz hiru partida jarraian irabaztea, baina ordura arte partidaren bat irabazten banuen, pozik. Eta aurten finalera iritsi eta irabazi izanarekin oso pozik nago.
Eta abenduaren 3an Guillermo Mazo Txapelketako finala jokatu zenuen...
Eugiko Aingeru De La Fuenteren kontra jokatu nuen, bai. Bera Ultzaman dabil entrenatzen eta oso maila ona du. Hemezortzi eta hiru irabazi zidan. Aingeruk hala utzi du markagailua partida gehienetan. Finalaurrekoa Patxi Loiarteren aurka jokatu nuen eta 18 - 15 irabazi nion. Nahiko justu ibili ginen, baina partida ona izan zen. Gainera inguruko lagun eta jende asko etorri zen frontoira animatzera. Banekien final hori ez zela partida erraza izanen, badakidalako aurkaria askoz hobea dela, baina tanto gehiago egitea espero nuen. Pena ematen dit jende asko etorri zelako eta ezin gehiago egin, gainera partida itsusia izan zen.
Baina finalera iristea ere bada meritua...
Bai, bai. Datorren urtean ere jokatuko dut eta ea zer gertatzen den. Aurten Jubenil mailan lehen urtea dut eta ez nuen espero ikasturtea horren ongi hastea.
Eta hurrengo txapelketa zein duzu?
Orain Aimar Saralegirekin Nafarroako Binakako Txapelketa jokatzen ari naiz. eta ondoren izanen ditugu, Lizarrako Txapelketak, Zizurrekoa, Nafarroako Herriartekoa... Udan ez gara asko ibiltzen baina baten bat izaten dugu.
Nola moldatzen zara entrenamendu saioekin?
Ongi. Aurten adibidez, partida asko ditudanez, hemen gutxiago entrenatzen dut, baina hala ere Iñigo Gurrearekin eta AImar Saralegirekin entrenatzen dut eta Lenitz Galarza ere batzuetan etortzen da. Eta Lau eta Erdiko Txapelketa prestatzeko Iñaki Galarzarekin ere entrenatu izan dut, asko laguntzen dit.
Eta Lekunberriko frontoian entrenatzen duzu?
Astearteko entrenamendua egitera Aldazko frontoira joaten gara, Lekunberriko frontoia beteta egoten delako.
Astean zenbat egunez entrenatzen duzu?
Pilotan astean bitan entrenatzen dut, baina asteburuetan askotan bi partida izaten ditut, hiru ere batzuetan. Eta horrez gain, astean zehar fisikoa lantzen ere saiatzen naiz.
Aurrelaria zara zu. Partidetan zertan asmatzen duzu?
Nik uste mozten pixka bat asmatzen dudala.
Eta zertan ez?
Makurtzen! [Kar, kar, kar].
Eskuak ongi dituzu?
Lehengo urtean gaizki ibili nin-tzen eskuetatik. Eta adibidez Errenteriako Txapelketan ezin izan nuen jokatu horregatik. Aurten hobeto nabil. Baina jokatzen hasi eta eskuak ez badituzu ongi, azkenean ez duzu gustora jokatzen, ez duzu berdin gozatzen.