Jose Luis Zumeta margolaria joan den apirilaren 22an zendu zen. Jaiotzez usurbildarra izanik ere, lotura estua zuen Araitz ibarrarekin eta bertako herritarrekin, urte asko baitira Gaintzako Errotetxea erosi eta bere bizitokietako bat gehiago bihurtu zuela.
81 urte bete berriak zituen eta margotzen jarraitzen zuen Usurbilgo bere tailerrean. Euskal artearen sektorean margolari handia zen, erreferenteetako bat. Espainiako Gerra Zibilaren ondorenak sortu zituen artista handi horietako bat.
Espresionismo abstraktua, arte figuratiboa... artean jantziak ez garenontzat kolore biziko artelan alaiak egiten zituen margolaria zen. Mundu osoko txoko asko eta asko ezagutu zituen eta izen handiko galeria garrantzitsuetan zintzilikatu zituen bere margolanak eta baita hainbat sari irabazi ere. Baina bere ibilbide profesional oparo horretako handitasun horrek, ez du halako garrantzirik bera gertutik ezagutu zutenentzat. Zumeta beste gauza askorengatik zelako handi Txitxi Orbegozo, Juan Manuel Garmendia “Lazkao”eta German Elordirentzat “Pepe”.
Txitxi Orbegozo tolosarra 1998 inguruan etorri zen gurera bizitzera eta garai hartan ezagutu zuen Araitzen Zumeta. Denborarekin lagun onak egin ziren eta pertsona nahiz artista bezala aski estimatua zuen Txitxik. Garai batean artista ugari bizi ziren inguruan, Carmelo Ortiz de Elgea, Iñigo Altolagirre, Angel Sandimas... Juan Gorritiren etxea izaten zuten maiz biltoki.
Lazkaok eta Pepek ere orduan ezagutu zuten Zumeta. Lazkao: “Beteluko ostatuan ostiralero mus txapelketa izaten zen. Han ezagutu nuen eta ondoren, pixkanaka harremana estutzen joan zen”. Euren kuadrillako lagun bat gehiago bihurtu zen arte.
Atalloarrako lokalean zuen tailerra eta hemengo parajea eta lasaitasun gustatzen zitzaizkion. Margotzea ofizioa ez ezik bere pasio handiena zen. Eta gogokoen zuen hori egitetik bizitzeko aukera izan zuen, talentua.
“Jose Luis”, “Zumeta”, “Zume”... Pepek “Tintoretto” ere deitzen zion maiz, modu maitakorrean. Pepe: “Pintorea zen eta tabernan elkartzen ginenean ardoa edatea zuen gustuko eta behin hitz-jokoarekin brometan hasi eta ordutik tarteka Tintoretto esaten genion”.
Arima librea zuen pertsona zela diote bere lagunek, zentzuduna, hitz onekoa, hizlaria, azkarra eta kuriosoa. Txitxi: “Edozerk pizten zion jakin-mina. Umeek izan ohi duten kuriositate bera zuen, ase ezina zen. Ez zuen barneko ume hori inoiz galdu. Gainera, pertsona baikorra zen, beti laguntzeko prest zegoena. Profil ezberdineko jendearengana egokitzeko gai zen, berdin zuen zein arlo sozial, ekonomiko eta kulturalekoa izan”.
Hainbat eta hainbat erakusketen irekieretan izan ziren Pepe eta Lazkao, Iruñean, Zarautzen, Bilbon... Pepek gogoan du, halakoetan ahal zuen bezain azkar hurbiltzen zela eurengana. Pepe: “Oso jatorra zen eta bizitasuna sumatzen zitzaion arren, pertsona lasaia, umila eta eskuzabala, beti aurreratzen zen tabernako erronda ordaintzera”.
Kirolzalea ere bazen eta pilota partida asko eta askotara joan zen bere kuadrillako kideekin. Lazkao: “Beti berdina egiten genuen: lehenik poteoa, ondoren bazkaria, mus partidaren bat jokatu eta frontoira. Eta iluntzean etxera. Behin Bilbora joan ginen. Han bazen taberna bat beti joaten ginena. Bertako paretan koadro asko zeuden eta tartean Zumetak gaztetan margotu eta tabernariari oparitako koadro txiki bat. Egun arten tabernan ginela koadro hura faltan sumatu nuen eta Zumetari esan nion: -Zure koadroa falta da!-. Zerbitzariari galdetu eta esan zigun nagusia jubilatu egin zela eta koadroa eraman zuela. Garrantzitsuena eraman zuen!!”. [Kar, kar].
Emoziotik margotzen zuela dio Txitxik. Sentitzen zuenaren arabera margotzen zuela. Margotzen hasi eta ezinezkoa zitzaion gelditzea, errealitatetik alde egiten zuen, kontzentrazio sakon batean murgiltzen zen eta gaitasun handia zuen inspirazio momentu horietan bere baitan sartzeko. “Deabruak hartuta balego bezala margotzen zuen, baina harrigarria zen hasierako kaos txiki horrek lana buka-tzen zuenean hartzen zuen zentzua”.
Behin hala esan omen zion Zumetak Txitxiri: “Bezero bat etorri zait eta koadroak ikusterakoan negarrez hasten zen hunkituta eta nik ez nekien zein aurpegi jarri!”. Ez zen kontziente berak sortzen zuenak halako emozioa transmititu zezakeenik.
Margotzeari dagokionez, Zumetarentzat ez zen mugarik existitzen. Margotzeko zuen gaitasuna, kolore edo material zehatz baten faltaren gainetik zegoen. Edozerekin margotzeko gai zen. Txitxi: “Hatz erakuslearekin margotzen ariko balitz bezala aritzen zen keinutan maiz eta nik azpian iPad bat jartzeko esaten nion, hala bilduta gelditu zitezen. Hainbestetan errepikatu nion azkenean erosi egin zuela. Lehenik nik ikasi nuen erabiltzen eta ondoren, berari irakatsi nion. Ez zitzaiola gehiegi gustatzen esaten zidan, baina handik pare bat hilabetetara, osasun ezbehar bat izan zuen eta hilabetez egon zen ospitalean ingresaturik. Bertatik margo digitaleko erakusketa oso batekin atera zen, 70 urte baino gehiagorekin. Pentsa!”. Ez zuen beldurrik gaur egungo azken teknologiak probatzera. Horietako asko Txitxiren eskutik ezagutu zituen.
Margotzeko erraztasun hura ongi gogoan du ere Lazkaok: “Behin Baraibarren izan ginen afaltzen, Ladis Galarzaren erretegian. Afaltzen astekoak ginen eta mahaian mahai-zapi zuri-zuria. Lehen platera iritsi zenerako arkatz batekin nire aurpegia marraztu zuen momentu batean. Ladis platerekin etorri zenean harrituta gelditu zen!”. [Kar, kar]
Bere lanaz kuadrillako lagunekin gehiegi hitz egiten ez bazuen ere hainbat serigrafia eta margolan oparitu zizkien. Bere eskuzabaltasunaren adibide. Pepe: “Tarteka esaten zuen ez zuela gehiago saltzeko beharrik, bazuela nahikoa bizitzeko!”.
Halakoxea baitzen Jose Luis, pertsona arrunta, baina era berean ikaragarria. Txitxirentzat bere idoloa zen eta berari ere hala esaten zion maiz. Txitxi: “Berak esaten zidan ez zuela ulertzen zergatik esaten nion hori, baina bizitzan ezagutu ohi ditugun pertsonen artean izaten dira gauzak egiteko moduarengatik oso gustuko dituzun zenbait. Bizitza filosofia miresgarria zuen, inbidia ematen zidan maiz berak bizitzeko zuen lasaitasun hark”.
Araitzera etorri zen lehen negu hartan, hotz handia pasa zuela eta neguak eguzkiak gehixeago berotuko zuen beste nonbaiten pasatzeko erabakia hartu zuen. Afrikan, Hego Amerikan eta Asian ibili zen. Motxila batekin joaten zen lekuak ezagutzera. Hamar urtez horrela ibili eta gero, Buenos Airesko San Telmo auzoko apartamentu bat gustatu zitzaion eta erosi egin zuen. Azken urtetan bertan pasatzen zituen neguko hilabete hotzenak. Ez zen geldi egoten. Txitxi: “Bizitza ideala zuen, neguak eguzkitan pasatzen zituen, etxea zuen han eta hemen, tailerra berriz Usurbilen...Berari gustatzen zitzaion bizitza diseinatu zuen”. Lazkao: “Askotan esaten zigun nahi izanez gero. Buenos Airesen etxea geneukala eta joateko, baina hemengo lanak utzi eta hara nola joanen ginen ba!”.
Izugarri gustatzen zitzaion karta eta punteriazko jokoetan ibiltzea ere, galtzea ez horrenbeste. Pepe: “Galtzen zuenean haserretu egiten zen, baina berehala pasatzen zitzaion”. Urte askotan, tarteka Txitxi eta Iñigo Altolagirrerekin batera, haurrekin muralak egin zituen, Kultur Astea zela, Euskararen Eguna zela... Izugarri gozatzen omen zuen haurrekin margotzen eta jendea margotzera ausartzen zela ikustean.
Urte luzez Araitz izan zen bere bizitokia, arratsaldero Usurbilgo tailerrera joaten bazen ere eta neguan kanpora. Ez zen gelditzen. Azken bost urteotan Donostian bizi zen bere familiarengandik gertuago, baina edozein egunetan etortzen zen gurera, lagunengana.
Azken hamazazpi urte hauetan hilero, azken asteartean, afaria egiten zuen Txitxi eta beste hainbat lagunekin. Araitzera etortzen zenean beti hartzen zuen tartea, Lazkao, Pepe eta gainerako lagunekin mus partidaren bat jokatu eta ardo batzuk hartzeko. Artista handia izanik ere, bizitzako momentu sinpleez gozatzen zekien.
81 urte izanik ere fisikoki oso indartsu zegoela diote denek. Horregatik inork ez zuen espero bere heriotza horren goiz. Ezustean harrapatu ditu denak. Pepe: “Hurrengo pilota partida noiz ikusteko aukera izanen genuen hitz egiten ibili ginen egun batzuk lehenago”. Lazkao: “Ongi bizi izan da amaierara arte!”. Txitxi: “Gustatzen zitzaiona egiten bizi zen eta azken urte hauetan bere bizitzako garairik zoriontsuenak izaten ari zirela ere aitortu zidan. Umore ironiko-inteligentea zuen. Behin baino gehiagotan, norbait hiltzen zenean aipatzen zuen: -Jendeak zer-nolako gauzak esaten dituen eta a zer esaldiak idazten dituzten hildakoen omenez-. Norberak bere esaldia aurrez erabaki behar zuela uste zuen eta berak argi zuen bera hiltzen zen egunean zer jartzea gustatuko li-tzaiokeen: Tabernan egonen banintz hobeto”.
Eta Txitxik bere hitza bete zuen Koronabirusak eragindako etxealdiaren erdian bere lagun-minaren heriotzaren berri jaso zuenean. Gain-tzako Errotara joan, ardo botila bat ireki, kopa bat bete eta pintzela bertan jarri zion eta hala idatzi zion etxe atariko alfonbratxoan: “Preferiría estar en el bar” (Tabernan egonen banintz hobeto).
Zapore gozoa utzi du Zumetak Araitzen. Lazkaok eta Pepek lagun bat gutxiago izanen dute pilota partida horietaz gozatzeko, baina berarekin bizitakoengatik topa egiten jarraituko dute. Eta Txitxik bere alboan ikasitako guztiari zukua aterako dio. Txitxi: “Zume ezagutu zutenei nolabait eragin die berak zuen izaerak eta bizitza filosofiak. Denoi eman digu zerbait. Niretzako mentore handi bat izan da!”.