Bai. Aurrez film labur, ipuin eta argitalpen asko kaleratu izan ditut bestelako bitartekoen bidez, baina hau da atera dudan nire lehen nobela.
Zure ofizioak ere badu nolabaiteko lotura horrekin guztiarekin, ezta?
Ez dut inoiz idazletzat izan neure burua. Idazle gisa lan asko egin izan ditudan arren, Baga Biga txotxongilo konpainia bat dut eta txotxongilolaria naiz.
Hitz egin dezagun liburuaz... Etxealdian sortzen den liburu batez ari gara?
Ez. Eleberriaren azpian dagoen etxealdiaren gai hori kointzidentzia baino ez da izan. Zonbiei buruzko eleberri apokaliptiko bat idazteko ametsa izan du beti. Oro har literatura sakona eta pedante xamarra gustatu arren, salbuespena egiten dut zonbiei buruzko film eta nobelekin. Txarrak izanda ere irakurri egiten ditut. Eta etxealdian bizitako apokalipsi simulakro horren erdian pentsatu nuen: “Eta zonbiak aterako banitu?”. Bizitzen ari garen egoera hau ez da munduaren amaiera, oinarrian osasun krisi bat baino ez da, baina apokalipsia izan zitekeela pentsatzera eraman gintuen. Eta azkenean idatzi nahi nuen nobela idatzi dut, baina zonbirik gabe eta birus baten presentziarekin, nahiz eta eleberrian zehar ez duen protagonismo handirik.
Baina aurrez zenuen ideia bat zen...
Bai, istorioaren ideia uste dut nire koadernoetako batean nuela jasoa, eta bizitako egoera horrek testuingurua aldatzeko ideia baino ez zidan eman.
“Eleberria Lekunberrin bizi den familia baten ihesaldiarekin hasten da”
Liburua gaur irakurriz gero, bizitzen ari garen errealitateak sortzen dizkigun zenbait sentsaziorekin identifikatuta sentiarazten zaitu, ezta?
Noski! Eleberria Lekunberrin bizi den familia baten ihesaldiarekin hasten da. Guk bizi izan dugun etxealdi bat bizitzen ari dira, baina muturreko egoera batean eta, jende asko hiltzen ari da. Horregatik familiak erabakitzen du gaizki pasa behar badute gutxienez ez dadila apartamentu txiki batean izan eta alde egiten dute mendi aldera. Leku horretara iristea dute helburu eta tartean introspekzio eta gogoeta momentuak nahasten diren arren, abenturazko nobela bat da.
Gizonezko eta emakumezko batek osatzen dute bikotea, zortzi urteko alaba bat dute eta bigarren haurra noiz jaioko zain daude. Nor da protagonista?
Aita da protagonista eta berak darama pisu handiena, baina eleberria hirugarren pertsonan dago idatzita. Egia da karga psikologiko aitaren gain erortzen dela, baina akzioen protagonista familia da eta baita handik eta hemendik sartzen diren pertsonaia horiek ere. Bera ez da akzioen gaineko erabakiak hartzeko gai, ez du inoiz gertatzen denaren kontrola bere eskuetan.
Larraunen girotutako eleberri bat da. Zergatik? Zer eskaintzen dizu bailarak halako eleberri bat idazteko?
Lekunberri eta Baraibar aipatzen dira, zenbait ezaugarri faltsutuak izan diren arren, noski. Baita Baraibarko usategiak ere, bertan bizi dituzten momentu esanguratsuenak. Ikuspuntu literariotik eta fikzioa idazteko dena eskaintzen zidan. Larraun (Lekunberrirekin batera) esan dezakegu hamazazpi herrik osatzen duten mikrokosmos bat dela. Eleberria idazten nuen bitartean Larraungo mapa nuen paretan zintzilikatuta. “El señor de los anillos” idaztea bezala izan da, baina mundu bat sortzeko beharrik gabe. Gustatzen zitzaidan bertako basoek duten sakontasuna, euria... Istorioa perfektuki osatzeko elementu guztiak eskaintzen zizkidan. Eta bestalde, maila pertsonalean, uste dut ez dela erraza jaiotzez bertakoa ez zaren lekuan integratzea, are gutxiago halako identitate handiko leku batean. Baina eleberria hemen kokatzeak pertsonalki “hemengoago” sentitzen lagundu didala uste dut.
Erabili dituzun pertsonaia ereduak bertako edonoren profila bete dezakete...
Bai, ez dut lanik hartu profil arrotzak sortzen. Konparaketak ezin izaten dira saihestu halakoetan eta, galdetu izan didate ea nire familia irudikatu duda pertsona horiengan, baina ez. Ez da nire alter egoa, baina egia da familia eredu hori eroso zitzaidala eta gutxi gorabehera nik hemen dudan eredua dela.
Españolez idatzia izan den arren, euskarazko hainbat hitz eta kontzeptu erabili dituzu... Bertako irakurleei gertukoa eginen zaiela uste duzu?
Hori da asmoa! Inguruko norbaitek irakurtzen duenean arrotza ez izatea espero dut. Hala ere, inguru menditsu batean gertatzen den istorio bat da, beraz izan zitekeen ere Kanadako baso batean gertatua.
Abentura eleberria dela diozu, baina misteriotik ere badu zerbait...
Esaerak dio idazle batek ez duela sekula idatzi nahi zuen nobela idazten. Nik abenturazko nobela bat idatzi nahi nuen. Stevenson miresten dut. Hori zen nire asmoa, baina egia da tentsio handiko nobela bat gelditu zaidala, momentu batzuetan itogarria, baina gustatzen zait. Pozik nago emaitzarekin. Ez da eleberri apokaliptikoa, testuingurua hala den arren. Birusaren eta lainoaren artean, naturarekin harreman horren estuan bizitzera ohituta ez dauden zenbait pertsonen istorioa da eta euren kontrolpetik kanpo dauden egoerei egin beharko diete aurre. Abentura horretan sartuko dira!
“Uste dut nobela entretenigarri bat dela eta bukatutakoan irakurleak ez duela sentituko denbora galdu duenik”
Trilogia bateko lehen lana izan arren, “El fin” jarri diozu izena. Zergatik?
Bai. Hitz hori hainbatetan errepikatzen da eleberrian zehar. Titulu sinplea da eta gainera, hiru liburuak horri buruzkoak dira, munduaren amaierari nola aurre egin. Koronabirusak zoritxarrez, egoera dramatikoak ekarri dituen arren, ez gaude apokalipsiaren aurrean inondik inora ere. Baina gizakia beti egon da apokalipsi gosez. Horren adierazgarri dira erlijioak, denak mintzatzen dira horren inguruan. Eta Koronabirusa gure bizitzetara iritsi zenetik momentu batean edo bestean eta emozionalki bada ere denok sentitu dugu apokalipsia bizitzen ari ginela. Eta itsusia eta gogorra bezain erakargarri zaigu.
Zonbiak aipatu ditugu hasieran, baina ez dezala inork pentsa zonbiei buruzko eleberri friki bat denik...
Ez. Ohiko irakurle bati dago zuzendua. Ez ditu zertan abenturazko eleberria gustuko izan. Uste dut nobela entretenigarri bat dela eta behintzat bukatutakoan irakurleak ez duela sentituko denbora galdu duenik. Hori lortu dudala uste dut.
Trilogia baten lehena da... Noizko izanen dugu bigarrena?
Bidean daude. Bigarrena udaberrirako kaleratzea gustatuko litzaidake, baina ikusiko dugu.
Momentuz goza dezagun lehenengo honetaz. Non eskura daiteke?
Oraingoz Amazonen dago eskuragarri formatu digitalean nahiz fisikoan. Egoerak uzten digunean tertulia interesgarriren bat antolatzea gustatuko litzaidake, bertan liburua aurkezteko eta liburua herritarrei modu zuzenagoan eskaini ahal izateko.