Amazabal Institutuko jantoki zerbitzua galtzeko arriskuan

Amazabal Institutuko Guraso Elkarteak eta institutua erreferentzia zentro duten ikastetxeetako Guraso Elkarteek jantoki zerbitzua mantentzeko sinadura bilketa jarri dute abian.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak Amazabal Institutuko jantoki zerbitzua diruz laguntzeari utziko diola iragarri zuen joan den ikasturtean. Goizueta, Arano, Ezkurra, Leitza, Areso, Lekunberri, Larraun, Araitz eta Beteluko DBHko ikasleak izanen dira kaltetuenak. Garraiatuak diren ikasleak izan ohi baitira bertan bazkaltzen gelditzen direnak. Estitxu Lertxundi (Amazabal Institutuko Guraso Elkarteko kidea), Fran Bravo (Ibarberriko Guraso Elkarteko kidea) eta Ane Urdanpilleta eta Idoia Goikoetxearekin (Araxes Ikastetxeko Guraso Elkarteko kideak) elkartu gara egoera gertutik ezagutzeko.

Fran: “Guk iaz izan genuen arazo honen berri. Hezkuntza Departamentuak jantoki zerbitzua institutu honetan bakarrik eskaintzen zela esan zigun eta bertan behera utziko zuela. Ez gara bakarrak, baina egia da oso gutxi garela jantoki zerbitzuarekin gelditzen garen zentroak. Zerbitzua kenduz gero, ez dakigu zer planteatuko duen, baina ordutegi jarraitua ezarri nahi dutela uste dugu”.

Ordutegi jarraia ezarriko balitz, DBH-ko ikasleek Batxilergokoen ordutegi bera izanen lukete. Klase ordu berberak izanen lituzkete eta ondorioz, ordu berean aterako lirateke. Estitxu: “Irakasle eta profesionalen iritzia ere jaso dugu eta denok bat egiten dugu, DBH-ko ikasleak oraindik oso gaztetxoak dira horren goiz jaiki eta gero, arratsaldeko laurak arte bazkaldu gabe egoteko. Adin horretan ikasle asko oraindik garatzeke daude eta osasun aldetik ez da ona eta klase ordu gehiago izatea ere ez da gomendagarria”.

Gaur egun, Larraun, Lekunberri, Betelu eta Araizko ikasleen kasuan, goizeko 7:15ak aldera hartzen dute Leitzara joateko autobusa. Leitzara iritsitakoan, ordu erdi egon ohi dira klasera sartzeko zain. Garraioa hala dago antolatuta arazo meteorologikoek sor ditzaketen atzerapenei aurre egiteko. DBHko ikasleek eguerdiko 14:20ean amaitzen dituzte klaseak eta Batxilergokoek berriz 15:15ean. Tarte horretan DBHkoek bertan bazkaltzeko aprobetxatu ohi dute eta ondoren, elkarrekin bueltatzen dira etxera.

Estitxu: “Leitzan edo gertu bizi direnentzat ez da arazoa, baina Goizuetan edo Larraun edota Araizko zenbait herritan bizi direnentzat gogorra da ordubete eman beharra etxera iristeko eta gainera bazkaldu gabe. Batxilergokoentzat gogorra izaten bada, pentsa hamalau urteko gaztetxo horientzat zer litzatekeen egunero lauetan bazkaldu beharra”.

Ane: “Aski gogorra da garraioa bera, gainera jantoki zerbitzua kentzeko. Araizko ikasleen kasuan bi garraio hartzen dituzte ikastetxera joateko, lehenik taxia eta gero autobusa eta bueltakoan alderantziz”.

Ibarberri Ikastetxeko ikasleentzat iaz bilakatu zen Amazabal erreferentzia zentro, guraso askoren urte luzeko borrokaren ondoren. Amazabal erreferentzia zentro bilakatzearekin DBHko ikasleek besteak beste etxera bazkalduta iristeko aukera bereganatu zuten. Urtebete eta gero, Hezkuntza Departamentuak gure landa eremuko ikasleen ikasteko baldintzak berriro gogor ditzakeen neurria hartu nahi du.

Iaz neurri berriaren berri izan zutenean, guraso elkarteak mobilizatzen hasi ziren eta Hezkuntza Departamentuak urtebeteko luzapena eskaini zien. Ez dute ulertzen landa eremuko ezaugarriak eta beharrak kontuan ez hartzea. Fran: “Nire ustez, honen atzean interes politikoak daude, bere garaian erreferentzia zentroa aldatzeko jarritako mugen atzean zeuden berberak. Amazabal Institutuaren alde egiteak eremu euskaldunaren alde egitea esan nahi baitu”.

Estitxu: “Ikastetxeak elkargune garrantzitsuak dira. Eskualde ezberdinetako ikasleek bizipen ugari bizitzen dituzte elkarrekin. Esperientzia positibo horiek eraginen dute neurri batean euren goi mailako ikasketak egin eta gero landa eremuan lana sortzeko gai izatea eta landa eremuaren alde egitea. Aurten esaterako, DBH 3. mailan ia 90 ikasle daude eta horietatik erdiak garraiatuak dira”.

Landa eremuan asko dira lan egitera kanpora joan beharra dutenak. Ondorioz, ordutegi jarraia jarriko balitz, guraso asko ez lirateke etxean egonen euren hamalu urteko seme-alabak bazkaldu gabe iristen direnerako. Dena bihurtzen da zailtasun landa eremuan: enplegua, internet konexioa, garraioa eta gaztetxoentzat baita ikastea ere.

Apirilean izan ohi den matrikulazio epea hurbiltzen ari da eta guraso elkarteak batzen hasi dira Hezkuntza Departamentuari eta udalei orain arteko ordutegi bera mantendu dadila eskatuz. Hori aldatzen ez bada jangela zerbitzua mantentzeko aukera izanen dutelako. Estitxu: “Matrikulazio epea gainean dugu eta dagoeneko jakin beharra daukagu zer izanen dugu datorren ikasturtean. Gurasoek informazio guztia izan dezatela nahi dugu”.

Guraso elkarteetako kideak, Hezkuntza Departamentuko ordezkariekin bilduko dira aurki eta dagoeneko jangela zerbitzuaren aldeko sinadura bilketa jarri dute martxan, udalei jangela diruz lagundu dezatela eskatzeko. Jangela zerbitzua beharrezkoa dela uste baitute DBH-ko ikasle garraiatuen ongizatea eta osasuna zaintzeko eta ikasle guztien, bai DBH bai Batxilergoko ikasle garraiatuei etxerako itzulia bermatzeko.

“Jantokirik gabe gogorra litzateke”

 

Amazabalen ikasetn duen Uxue

 

Uxue Etxarri Oderitzen bizi da, hamasei urte ditu. Amazabal Institutuan DBH 3. eta 4. maila ikasi eta gero, orain Batxilergoko lehen mailan dabil.

Uxue, zuk ikastetxera egin behar izaten duzun bidea ere ez da edonolakoa e!

Ez. Larraunen bi autobus ditugu. Nirea Oderiztik hasi eta Astitz, Alli eta Baraibartik pasatzen da eta Lekunberrin zenbait ikasle hartu eta gero Albiasu eta Uitzira joaten da eta handik Leitzara. Beste autobusa Aldatz, Etxarri eta Arruitzera joaten da. Gero Lekunberriko ikasleak hartzen ditu eta Gorritin geldialdia egiten du Leitzara iritsi baino lehen.

Oderizkoen kasuan, zein ordutan hartzen duzue autobusa goizetan?

Goizetan 7:15ean etortzen da autobusa herrira eta 8:00etan iristen gara Leitzara, nahiz eta klaseak 8:25ean hasi. Kalean zain gelditzen gara.

Neguan ere kalean egoten zarete?

Eguraldi txarrarekin batzuk frontoian egoten dira eta beste batzuk jarri berri duten karpan.

Etxera bueltatzeko autobusa zein ordutan hartzen duzue?

Hirurak eta hamarretan irteten gara eta ni arratsaldeko lauretan iristen naiz Oderitzera. Orduan bazkaltzen dut. DBHn jantokirik gabe gogorra izango litzateke. Iaz ere ni arratsaldeko lauetan iristen nintzen etxera, baina bazkalduta. Arratsaldeko lauetan bazkaltzea gogorra da, baina gainera gosez egon eta zain egon beharra are eta gogorragoa.

"Goizeko 6:30ean esnatu ohi naiz”

 

Amazablaen ikasten duen Ainhoa

 

Ainhoa Paraderak 15 urte ditu, Intzakoa da eta DBH4. maila ikasten dabil Amazabal Institutuan.

Goizetan zein ordutan ateratzen zara, Ainhoa?

Goizeko 6:30ean esnatu ohi naiz eta autobusa 7:25ean hartzen dugu herrian. Taxian jaisten gara Beteluko aparkalekuraino. Bi taxi ibiltzen dira garraioan. Batek errazkindarrak jaisten ditu lehenik eta Intzara etortzen da gero. Eta bigarrenak Azkarate, Uztegi eta Gaintzakoak jaisten ditu. Betelun, Atallu eta Arribetik datorren autobusean igotzen gara.

Eta handik Leitzara?

8:00etarako iristen gara institutura.Eta klaseak hasi bitartean kanpoan egoten gara. Hotz handia egiten badu institutura sartzen gara, baina berez debekatuta dago. Eta beste batzuetan frontoia irekitzen digute. Baina gehienetan kanpoan itxaron behar, baita eguraldi txarrarekin ere.

Eta eguerdian zein ordutan amaitzen duzue?

14:20ean amaitzen ditugu klaseak eta hirurak eta hamar bitarte bazkaltzeko tartea daukagu.

Zeintzuk gelditzen zarete bertan bazkaltzera?

Areso, Arano, Goizueta, Lekunberri, Larraun, Araitz, Betelu eta baita Leitzako ikasle batzuk ere. Jende asko elkartzen gara jantokian. Kenduko balute, Batxilergokoei itxaron beharko genieke. Orain 15:40ean iristen naiz etxera, baina bazkalduta. Jantokia kenduko balute ordu horretan iritsiko nintzateke baina bazkaldu gabe. Herri txikietan bizi garenok denbora gehiago pasatzen dugu bidaian. Ostiraletan, 14:20ean amaitzen ditugu klaseak, baina gure taxia lehenik Lezaetara joaten da, gero Errazkinera eta azkenik Intzara.