"Araxesen gainetik, Malloen azpitik" dokumentalaren estreinaldia

Araizko udaletxean estreinatuko da eta bi pase izanen dira, bata arratsaldeko 19:00etan izanen da parte-hartzaileentzako eta bigarrena 20:30ean, herritar ororentzako.

 

 

 

Ia hamar urte pasa dira Araitz eta Beteluko udalek Labrit Ondarearen bitartez euren udalerriko memoria immateriala biltzea erabaki zutela. Amaia Apalauza eta Kontxi Arraztio arduratu ziren bilketa fase horretaz. Ikus-entzunezkoan jasotako 22 elkarrizketa horietan oinarrituta, gure bailarako memoriaren transmisio lana egitea erabaki dute udalek. Labrit Ondareak ekoiztutako ikus-entzunezkoa da. Bi udalen ahalegin ekonomikoaz gainera, ezinbestekoa izan da Beteluko Uraren babesa.

 

 

 

Dokumentala ekoizteko, 2020ko udan egin ziren ikus-entzunezkoaren errodaje lanak eta bertan 60 herritar baino gehiagok parte hartu zuten modu batera edo bestera. Batzuek aktore lanetan, beste batzuek, errekreazioetarako materiala prestatzen, mendiko irudiak jasotzen... Eta baita musikarekin ere. Oskar Estangak, Javier Irigoienek eta bailarako txistulariek jarri baitiote doinua.

Maiatzaren 7an, Araizko udaletxean estreinatuko den dokumentalak, gure aitona-amonen ahotik joan den mendeko ohiturak, ogibideak, ospakizunak, harremanak, sinismenak eta askoz gehiago ezagutzeko aukera ematen du. Juanito Huarte, Esther eta Rosario Amondarain, Maria Otermin, Joxe Iriarte, Dolores Arraztio, Martin Otermin, Agustin Askarai, Rosario Saralegi, Graxian Olasagarre, Maria Estefania Irigoien, Juan Jose Goikoetxea, Begoña Saralegi, Txomin Otermin, Maria Dolores Goikoetxea, Anttoni Soravilla, Maria Josefa Buldain, Antton Arrizibita, Alejandro Yeregi, Francisco Soravilla, Jose Miguel Iribarren eta Feliciano Buldain izan ziren orain dela zenbait urte euren etxeko ateak ireki eta denboran atzera egiten lagundu zigutenak.

 

 

 

Dagoeneko, horietako zenbait ez daude gure artean, baina bailarako gaur egungo identitatea eta errealitatea ulertzeko altxorrik onena utzi ziguten, memoria. Guk ere gure ondorengoei transmititzen diegun bitartean hilezkorra den memoria. Nekazaritza eta artzaintza lanen nondik norakoak erakutsi zizkiguten, malkorraren kontra pilotan aritzen zirenekoak, ihoteetan egin ohi zituzten antzara-jokoak, herrien arteko harremanak, ondoko herriko festetatik bueltan neska eta mutilen artean sortzen ziren hartu-emanak...

 

 

 

Araitz-Betelu dokumentala

 

 

 

Baina baita kontu gogor eta ilunagoak ere, Aralarren ume-umetatik artzain izatearen gogortasuna, Gerra Zibila eta gero, Zaraten barna estraperloan aritzen zireneko pasadizoak, Elizak plazan “al agarrado” dantzatzea bekatutzat jotzen zuenekoa eta sorgin-ehiza.

 

 

 

Bai, gurean ere Espainiar Inkisizioak gogor zigortu zituen herritarrak. Zeinen ezaguna dugun Zugarramurdiko sorginkeria prozesua eta zeinen ezezagun bertakoa. Ziur aski, Intzako herriak hainbat desgrazia bizi izan ditu bere historian zehar. 1715ean Aralarko akuiferoetako batek gainezka egin eta harkaitza lehertu zuenekoa etortzen zaigu burura. Luizi horiek herrigunean zeuden etxe guztiak suntsitu zituen. Hura desgrazia. Baina hondamendi hark ez zuen hildakorik utzi eta nola edo hala herritarrek aurrera egin zuten. 1595ean gertatutakoak ordea, benetako sufrimendua ekarri zuen. Urte hartako lehen hilabeteetan Intzako 28 herritar atxilotu zituzten Espainiako Inkisizio prozesuaren baitan. Sorginkeria kontuak egozten zizkieten.

 

 

 

Intza herri zaharreko 1715 baino lehenagoko etxe hauetatik

atxilotuta eraman zituzten (+ ikurra daramatenak ziegan bertan hil ziren):

 

 

  • Baratzarte: Martin (40 urte).

 

 

  • Usarbarrena: Martin (80 urte), honen semea Mitxeto (50 urte, +) eta bilobak Johanes “Txalkorra” (21 urte) eta Grazia (18 urte).

 

 

  • Zapatagindegi: Johanes (57 urte) eta Maria.

 

 

  • Domingonea: Maria (29 urte).

 

 

  • Merzero: Catalina “Txurdina” (29 urte, +) eta Karlos.

 

 

  • Txorro: Maria Hernandoiz (37 urte, +), Miguela (13 urte, +) eta Maria Joana (9 urte, +).

 

 

  • Perugorri: Joanes Martiniz (60 urte, +).

 

 

  • Perunea: Maria (+).

 

 

  • Peruxenea: Maria (20 urte, +), Mariana eta Maria Andres (15 urte, +).

 

 

  • Orexanea: Miguel, Maria Hualde eta Maria Miguela (26 urte, +).

 

 

  • Urrutia: Katalina eta Maria (16, +).

 

 

  • Zamarginea: Johanes (60 urte), Grazia, Frantzes (40 urte) eta Maria.

 

 

  • Zubieta: Grazia (60 urte, +).

 

 

 

 

Itzako baserrien kokapena

 

 

 

Prozesu bidegabe hura ulertzea zaila bezain sinplea da. Historian atzera egiten badugu eta Erdi Aroan kokatzen bagara. Baskoien lurralde honetan, jendea herri sakabanatuetan bizi zen eta naturarekin harreman fisiko nahiz espirituala zuen. Euskara zen euren hizkuntza nagusia. Naturako elementuek (urak, suak, lurrak, haizeak, ilargiak, eguzkiak...) izugarrizko esanahia zuten eurentzat eta tradizio eta sinismen askorekin lotuta zeuden. Adibidez, hildakoak lurperatzen zituzten lekuetan, suarekin edo argiarekin ematen zieten azken agurra izpiritu txarrak uxatzeko. Txulubita, ttunttuna eta danborra jotzen zituzten eta kantatuz eta dantzatuz ematen zioten ongi-etorria urtaro berri bakoitzari. Gaitzak uxatzeko ere erabili ohi zen musika hura.

 

 

 

Eliza Katolikoa ordea, pixkanaka bere sinesmen eta ohiturak ezartzen hasi zen, baina hasieran herritarrek lehendik zituzten ohitura eta jakintzekiko errespetuarekin. Adibidez, hildakoak elizen barruan lurperatzen hasi ziren, baina kandelarekin argia emanez eta musikaren laguntzarekin kantatu eta dantzatuz.

 

 

 

Pixkanaka gauzak okertzen hasi ziren. Inkisizioa Eliza Katolikoak eta garai hartako agintari latinoek sortu zuten gainerako erlijio, ohitura eta jakintza ezberdinekin amaitzeko helburuarekin. Garai hartan hasi ziren ezartzen gaur egun ezagutzen dugun kapitalismoa, Eliza Katolikoaren baloreak eta bestelako hainbat gizarte eredu. Euren ereduarekin bat ez zetozenak gizaki basati eta herejetzat hartzen hasi ziren “sorginen maldizioa” asmatuz.

 

 

 

Inkisizioa Erromako Luzio III. Elizburuak, 1184an bulda edo dokumentu zigilatu baten bidez, Frantziako hegoaldean, Albi, Tolosa eta Aran ingurutik Pirinio guztira zabaldu zuen. 1249an Aragoiko Erreinura ere iritsi zen. Eta 1252an Erromako Inozentzio IV. Elizburuak, buldaren bidez baimendu zuen atxilotutakoen aitorpenak lortzeko tortura ere erabiltzea.

 

 

 

Testuinguru horretan, benetako psikosia zabaldu zen eta herritarren artean ere mesfidantza eta beldurra nabarmendu zen. Batak besteari gaitzen eta eguneroko bestelako zorigaitzen errua botatzen hasi ziren eta sorgin kontuekin nahasten. Ukenduak, sendagai naturalak pozoiak zirela zioten agintariek eta horretan adituak zirenak azti edo sorgintzat hartu zituzten.

 

 

 

Fernando Aragoikoak eta Isabel Gaztelakoak, bi erreinuak elkartu zituztenean indarra hartu zuen Inkisizioak, euren interesen alde. Gaztelako armada Iruñean sartu eta gero nabarmen areagotu zen sorgin-ehiza. 1531n Eliz Buruek Iruñean egindako bilkuran, herrian errotuta zeuden ohiturak galarazteko, erabaki hau hartu zuten: “Siendo las vigilias de los santos establecidas para la oración y contemplación y satisfacer a los votos hechos y no para favorecer la disolución, por consiguiente, establecemos y ordenamos que todos aquellos que van a cualquier Iglesia, sea basílica o ermita, para estar en vela según voto o devoción suya, se abstengan de bailes, danzas sagradas y canciones, así como de toda insolencia o atrevimiento”.

 

 

 

Debeku horren aurrean euren ospakizunak elizatik kanpo egiten hasi ziren herritarrak. Eta ospakizun horiei agintariek akelarre deitzen zioten edo sorginkeriarekin lotutako ospakizunak zirela zioten.

 

 

 

Andueza Jauregia Atallun zegoen dorredun erakina zen. XIV. mendetik Nafarroako Erreinuak, jauregiko jauntxoak izaten zituen. Araitzerako alkate iraunkor eta babeserako edo larrialdietarako kapitainak. Baina 1512an, bertako Johan Martinez de Anduezak, Gaztelako Erreinuari laguntzeko 400 gizon behartuta eraman zituen Nafarroako Erreinua menderatzeko. Geroztik, Araitzen zazpi herrietako biztanle eta erregidoreak jauregiko nagusiekin liskar, arazo eta auzi ugari izan zituzten.

 

 

 

1595era salto eginez gero, Andueza jauregiko nagusia Fermin de Lodosa y Andueza zen. Araizko alkate eta epailea ere bazen, Nafarroako diruzain nagusia eta Erregearen aholku kidea. Intzatarrekin ez zuen harreman onik. Besteak beste, gurutzearekin San Migelerako erromerietara joateko protokoloaren gainean ere auzia izan berria zuten. 1569an Intzak irabazitako auzia zen. Ferminen semea, Pedro de Lodosa y Andueza, aitaren kargua hartzeko merituak egin nahian zebilen eta Intzan atxilotutako hamaika herritarrei sorginkeriei buruzko galdeketa egin zien jauregian bertan eta bere aitaren aurrean. Juan de Areso eskribauak erromantzez jaso zuen itaunketa eta ondoren Iruñeko espetxean sartu zituzten. Ondorengo hilabeteetan beste hamazazpi intzatar atxilotu zituzten.

 

 

 

Guztira atxilotutako 28 pertsona horietatik bost musikariak ziren, beste batzuek, herri mugimendua sortzen zutenak, ihote eta festen antolatzaileak etab. Garai hartan, besteak beste, Intza eta Errazkin arteko Errege Bide ondoko Urritzolan eta San Migeleko erromeria baliatuz, Albi parajean, Kapatar iturriko zokoan, biltzen ziren ospakizunak eta gau pasak egiteko.

 

 

 

Ospakizun horiek Andueza jauregiko jauntxoen aurkakoak zirenez, sorginen “akelarrea” edo “Ayuntamiento / Junta” deitzen zioten Intzako herritarrek egiten zituzten elkarretaratze horiei. Sorginkeriarekin lotutako zantzuak harrapatu zituztela idatziz jaso zuten. Antza Zapategindegi etxean, hartzaren koipea harrapatu omen zuten eltze batean eta beste etxe batzuetan oilo arrautzen azaletan. Hartzaren koipea izatea ohikoa zen. 1548Ko maiatzaren 20an, Zaldibian, Aralar zaintzen zuten herriek, hartza, otso eta beste piztiak ehizatzeko sariak adostu zituzten.

Sorgin salaketa hauek, herritarrengan beldurra zabaltzeko erabili zituzten Anduezako jauntxoek.

 

 

 

Bereziki emakumeak beldurtu nahi zituzten, hauek bilkuretara edo festara joan gabe etxean geldituz gero, mugimendua errazago kontrolatuko zutelakoan. Errazkin eta Arribeko apaizak ere estu hartu zituzten, bilkuretan parte hartzen zuten susmoekin. Atxilotu gehienak euskaraz baino ez zekiten eta eskolatu gabeak zirenez, erdarazko itaunketan lagundu nahi ez izatea ere egotzi zieten. Gizon-emakume horiei lizunkeria, anbizioa, izaera indartsua izatea eta elizaz kanpoko sinismenak izatea ere egotzi zitzaien. Tartean, bederatzi, hamahiru, hamabost eta hamasei urteko lau neskato ere baziren.

 

 

 

Urteko lehen hilabeteetan atxilotu eta azarora arte epaiketaren zain egon ziren preso Iruñeko espetxeko ziegatan sartuta. Baina goseak jota egoera tamalgarrian aurretik ziegan hil ziren horietako hamabi.

 

 

 

Martin Barazarte txulubiteroa epaitua izan zen, 100 azote jaso zituen eta 6 urtetarako urruntze agindua ezarri zioten. Gainerakoen kasuan kargurik gabe oso egoera txarrean bueltatu ziren etxera eta gainera euren ondasun guztiak bahitu zizkieten atxiloaldia ordaintzeko.

 

 

 

Gertakizun horiek apenas izan dute oihartzunik gurean. Beldurrak hein handi batean gertatutakoa belaunaldiz belaunaldi transmititzea eragotzi du. Eta sorginak pertsonaia mitologiko bihurtu izanak ere akaso ez du gehiegi lagundu. Baina gure aitona-amonek, Araizko Goierrin batez ere, eurek entzun dituzten sorginkeria kasuak ongi gogoan dituzte. Beldur eta lilura artean kontatutako istorioak dira. Batzuek egiaz gertatu zirela diote, beste batzuek kontakizunak baino ez direla.

 

 

 

´Araxesen gainetik, Malloen azpitik´ dokumentalaren bitartez omenaldi xume bat egin nahi zaie sorgin-ehizaren biktima izan ziren Intzako herritar horiei. Garai hartako gure arbasoei esker oraindik euren lanbide, sinismen, ospakizun eta ohitura asko eta asko ditugulako. Horietako batzuk jasotzen ditu ikus-entzunezkoak. Estreinaldia maiatzaren 7an izanen da Araizko udaletxean.