“Zahar etxe publikoak nahi ditugu, duinak”

Nafarroako zahar etxeetako langileek zortzi hilabete daramatzate borrokan probintziako hitzarmen bat lortzeko. Patronalak atzera bota ditu sindikatuek aurkeztutako proposamenak, eta ez da negoziatzearen alde agertu. Beteluko Amavir zahar etxeko langileak ere hori aldarrikatzen ari dira. Uste dute Nafarroako Gobernuak estutu beharko lukeela patronala, azken finean, diru publikoa jasotzen baitu zahar etxeak kudeatzeko.

Zer da zehazki eskatzen duzuena?

Nafarroan zahar etxeetako langileentzako hitzarmen bat egon dadin eskatzen dugu. Hitzarmen horretan zehaztuko lirateke urteko lan orduak, soldata, ratioak… gauza asko. Nafarroako zahar etxe batzuek hitzarmen propio bat daukate, eta guk, berriz, estatukoa daukagu, Espainiakoa. Asko daude gure egoera berean. Baina hitzarmen propio bat daukatenen egoera ere txarra da, halere. Enpresentzat errazena da estatukoa aplikatzea, eta baita patronalarentzat ere.

Gipuzkoan eta Araban, esaterako, badaukate probintziako hitzarmen bat, propioa, eta hori da guk lortu nahi duguna. Hasieran, patronala ados zegoen, baina negoziazioak hastean ez dira estatuko hitzarmenaren baldintzak hobetzeko prest agertu, eta egin dituzten proposamenen baldintzak are txarragoak dira. Urtarrilaren 11n izan zuten azken bilera sindikatuekin, eta esan zuten ez zituztela ez soldatak, ez lan orduak aldatuko. Gainera, azken proposamenean, ordaindutako hiru egun izatetik, bi egun izatera pasatuko ginateke, hau da, baldintza txarragoekin. Gutaz barrez ari dira.

Zergatik egin du atzera patronalak?

Hori da ulertzen ez duguna, orain ez nahi izatea. Nafarroako Gobernuak patronalaren aldeko jarrera hartu du, eta kontrakoa egin behar du: planto egin. Izan ere, zahar etxeetako itunpeko plaza batzuk ditu, eta hori diru publikoarekin ordaintzen da; baina diru hori patronalaren esku geratzen ari dira, eta zahar etxe publikoak eskatzen ditugu guk, duinak.

Zer lan baldintza zehazten ditu estatuko hitzarmenak?

Urtean 30 opor egun ditugu, eta 1.792 lan ordu; hori astakeria bat da. Garbitzaile baten oinarrizko soldata 903 eurokoa da, eta geriatra batena, berriz, 997 euro ingurukoa; ez gara 1.000 eurora ailegatzen. Ordu estra euro bat eta pixka bat gehiago kobratzen dugu, bi euro baino gutxiago, eta igandetan lan egiteagatik 18 euro gehiago ematen dizkigute, estra gisa.

Estatuko hitzarmena aplikatu aurretik, guk Nafarroako beste hitzarmen bat genuen, baina ez ginenez akordio batera iritsi, hitzarmen horretatik atera egin gintuzten, eta estatukoa ezarri. Aurreko hitzarmen horrekin, 100 lan ordu gutxiago genituen urtean, eta 100 euro gehiago irabazten genituen. Ezin izan genuen ezer egin.

 

ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuak elkartu dira orain negoziatzeko. Zuen eskariak aintzat hartzea espero duzue?

Hori espero dugu, ezin baitugu horrela segi. 11n egindako bilera hartan esan zieten grebarik ez egiteko. Zahar etxeetako langileok ezin dugu grebarik egin, Nafarroako Gobernuak gutxieneko zerbitzu bat emateko exijitzen baitu, eta gutxieneko zerbitzu hori urte guztian aritzen den bera da. Greba egiteko eskubidea ere kendu digute, langileok dugun eskubide bat izan arren. Hori da manifestazioetan aldarrikatzen dugun gauzetako bat. Nire ustez, alde horretatik huts egiten dugu: izatez, 4.000 langile baino gehiago gara Nafarroan, baina ezin gara denok batera grebara atera, eta horrela ezinezkoa da greba bat ongi egitea. Oso jende gutxi elkartzen gara elkarretaratzeetan. Pandemia garaian asko txalotu gintuzten, gure lana izugarri eskertu zuten denek, baina orain ez gaituzte laguntzen.

Zuen kasuan, nahiko ongi moldatu zarete pandemian, baina zahar etxe askotako langileak lanez lepo aritu dira, ezinean.

Bai. Orain bertan Iruñean kasu pila bat omen daude, eta ez daukate langile nahikorik baja guztiak egiteko. Horrek guztiak karga psikologikoa handia dakar, eta guk ere nabaritu dugu hori. Gainera, gure zahar etxean dagoen arazoetako bat da ez dutela jendea aurkitzen bajan daudenen ordez aritzeko. Azkenean beti topatzen dute baten bat, baina asko kostatzen zaie. Nork egin nahi du lan baldintza horietan? Normala da. Iruñetik etortzen den jendeari, adibidez, kilometrajea ordaintzea eskaintzen diete lan egin dezaten, soldata konpentsatzeko.

Zein da negoziazioen hurrengo pausoa?

Beste bilera bat egingo dute, otsail hasieran segur aski. Hogei egunero elkartzen dira. Baina berriro ere baldintza kaxkar horiek proposatzen badituzte… ez goaz inora. Nik uste dut gobernuak presionatu behar duela, baina ez du presionatzen. Azken finean, patronala etekina ateratzen ari zaio honi guztiari, diru publikoa hartzen duelako. Eta gobernuak ematen dionez diru hori, langileentzako lan baldintza duinak exijitu beharko lizkioke. Gobernua ez da ezer egiten ari.

Zer esaten dizuete sindikatuek?

Borrokan jarraitu behar dugula; animatu egiten gaituzte. Zortzi hilabete daramatzagu jada horrela. Nafarroak duen arazo orokor bat da, eta patronala sindikatuen proposamen guztiak atzera botatzen ari da, haiek ezertxo ere proposatu gabe.