Alegria eta osasuna, “bizi” bizitzeko

II. Emakume Artzainen Eguna ospatu zuten Arriben izandako Mendialdeko Azoka Ibiltarian. Araizko eta Beteluko emakume baserritarrak omendu dituzte oraingoan, urte hauetan guztietan egin duten lana goraipatzeko eta eskerrak emateko. Kontxi Irigoien Ezkurdia izan zen omenduetan helduena, baina, 93 urte izanagatik ere, bizipoza ez zaio falta. Arruitzen izanen da hurrengo azoka ibiltaria, maiatzaren 14an.

 

Behingoagatik, emakume artzainak, baserritarrak, izan ziren plazako protagonistak. Urteetan eta urteetan itzalpean, isilarazita eta errekonozimendu apurrik jaso gabe gau eta egun lanean aritu diren baserrietako habe nagusiak, izan aziendarekin, etxeko lanetan, zaintzan nahiz beste hamaika egitekotan. Hain justu, II. Emakume Artzainen Egunak eman zien horretarako abagunea, Arriben antolatutako Mendialdeko Azoka Ibiltariaren barruan, eta herritarrak haien inguruan elkartu ziren plazan, haiei so, mirespen eta aitortzaz betetako ekitaldian. Omenaldi hasieran esan zuten bezalaxe, emakume baserritarrei esker mantendu baitira bizirik baserriak, herriak eta transmisioa. Iaz, Larraun eta Lekunberriko emakumeak omendu zituzten, eta aurten testigua Araizko eta Beteluko emakumeei pasatu ondoren, heldu den urtean Leitzako emakume baserritarren txanda izanen da. Antolatzaileen arabera, egun “ederra” izan zen, eta omenaldian parte hartu zuten guztiei beren eskerrik beroenak eman nahi izan dizkiete. Dena den, jakitun dira emakume batzuk faltatu zirela: “Espero dugu inor mindu ez izana. Badakigu ardiarekin eta baserrian lan egiten duten emakume asko geratu direla deitu gabe. Hauen lana ere goraipatu eta hauspotu nahi dugu”. Azoka ibiltariak beste hainbat geltoki eginen ditu heldu diren hilabeteetan; maiatzaren 14an Arruitzen jarriko dituzte beren postuak artisauek, eta ardi latxaren enkantea ere eginen dute, iaz Gorritin egin zuten moduan.

 

“Bizi garen bitartean, denok disfrutatu behar dugu”

Ibarreko hemezortzi emakume eseri ziren bata bestearen ondoan. Segur aski, haiek uste baino gauza gehiagotan etorriko dira bat, eta elkarri begiratzeko eta hitz egiteko maneran begi-bistakoa zen konplizitate hori, lotsaturik baina harro ikusten baitzitzaien, baita hunkiturik ere. Hala ere, bakoitzaren berri norberak baino ez daki, eta, horregatik, emakume bakoitzak bere istorioa gordetzen du irribarre konplize horren atzean, esku gogortuek eta zimurrek bizitakoaren zantzurik utzi arren. Asko bizitakoak ziren guztiak, baina bazen gainerakoek baino gehixeago konta zezakeen bat: Kontxi Irigoien izan zen omenduetan helduena, eta hari eskatu zioten garai berriko gazta moztea. Pozarren heldu zuen labana esku artean, eta txalo zaparrada baten abaroan partitu zuen.

 

Alegria ez baitzaio sekula falta Kontxiri. Igande hartan ere gogotsu jaitsi zen Arribera, “begiak bendatuta bezala”, zer gertatuko zen eta zein bilduko ziren jakiteko irrikaz. Ailegatu orduko “ikaragarrizko errezibimendua” egin zietela kontatu du, gozo gosaldu zutela elkartean, eta plazako omenaldian ere oso gustura sentitu zela. Bera gustura sentitzeaz gain, gainerakoak ere gustura sentiarazten dituzten horietakoa baita, eta argi dauka beti izan behar duela hala: “Bizi garen bitartean, denok disfrutatu behar dugu”.

 

Bizi-bizi bizi da orain, egunetik egunera “hobeki”, baina 1929an jaio zenetik lana gogotik egindakoa da. Beteluko Olanotxiki etxean jaio zen, eta bi anai-arreba ziren. Aita Oderizkoa zuten, argiña lanbidez, eta amak, berriz, Sorabilleko bainuetxean egiten zuen lan, garai hartako hotelean. “Soro batzuk ere ibiltzen genituen errentan hartuta, Baldenekoak-eta…”. Hala ere, “oso pobreak” zirela gogoratzen du, baina jatekoa ez zitzaien sekula falta zain. Aziendak ere, dezente: “Ahuntzak eta txerriak genituen. Txerri asko hazitzen genuen, gero saltzeko. Ahuntz esnea aitak edaten zuen, eta guk Mitxikoneko edo Matxineko behi esnea. Txekor bat edo beste ere hazitzen genuen. Ahal bezala ateratzen ginen aurrera”. Txerriak ez ziren, ordea, saltzen zuten bakarra, amak arrautzak saltzen baitzituen: “Nire ama arrautzen tratuan ibiltzen zen, eta nik batzuetan lagundu egiten nion. Inguruko herri hauetako arrautzak biltzen zituen, Azpirotzen, Errazkinen, Gaintzan, Uztegin… eta gero Tolosara eramaten nituen saltzeko, larunbatero”.

“Bakar-bakarrik nintzen ohatzean seigarren umea jaio zenean; eskerrak preparatuta nengoen”

14 urte zituela, Intzako izeba bat zaindu behar izan zuen, “eskolatik atera eta segituan”. Izeba hark ez zuen umerik, eta harekin bizimodua egitera eraman zuen amak, gaizkitu zen arte. “Gero gaizkitu zenean ere han nintzen”. Ondoren, Lekunberriko Ayestaran hotelean hasi zen lanean, garbiketa lanetan eta zerbitzari bezala. Eta hala ailegatu zen Uztegira, 1952. urtean, Iriartea etxera, maitasunak itsututa, haren “zeruko aingeruarekin”: Gracian Goikoetxea Otamendirekin. “Oso gizon berezia zen niretzat”, akordatu da senarrarekin. Uztegiko elizan ezkondu ziren, hiru apezaren bedeinkapenarekin, eta etxean egin zuten banketea. Eztei bidaietan ere joan ziren, bizilagunari 9.000 pezeta eskatuta, eta Donostia eta Iruñea izan zituzten helmuga. Gogoan du Donostiako funikularrean ibili zirela eta ederki jan zutela, hainbeste non senarra gizenago itzuli baitzen. Halere, nahikoa: “Diruarekin bueltatu ginen!”.

 

Etxean eta bakarrik erditzen

Etxeko aurreneko alaba 1954an jaio zen. Kontxi Tolosara joana zen, erosketak egitera, eta konturatu ere ez zen egin urak botata zituela. Inora joateko denborarik gabe, koinata baten amaren etxean erditu zen. Abailan etorri ziren gainerako seme-alabak: 1955ean bigarrena, 1956an hirugarrena… Bederatzi izan zituen hamar urtean. Eta, aurrenekoa izan ezik, gainerakoak etxean bertan jaio ziren. Seigarrena, gainera, Kontxik berak tira eginda jaio zen, ohatzean bakar-bakarrik zela: “Karnabalak ziren Uztegin. Etxeko bi aitonek seme-alabak hartu eta plazan ziren. Nire gizona eta ni bakarrik ginen etxean. Ekonomika zahar bat genuen, eta hura piztu nahi zuen senarrak ur beroa izateko, baina eginahalak eginda ere, ezin. Azkenean, ni bakarrik nintzen ohatzean umea jaio zenean”. Senarraren amonak erakutsitako erremedio batekin moldatu zuen dena: “Esan zidan toalla bat preparatzeko, eta lokarri bat alkoholean sartzeko, kotoi puska batekin. Garai hartan aspirinak kristalezko hodi batzuetan izaten ziren, eta halako batean neukan gordeta dena. Eta tokatu! Eskerrak preparatuta nengoen”. Zilbor hestea lokarri horrekin lotu zuen, eta medikua ailegatu zenerako dena txukunduta zeukan, baita karena ere, ontzi batean gordeta.

 

Jendez gainezka etxea, eta behiez beteta ukuilua. “Behizaina” izan baita Kontxi, hori ere “artzain” izatea kontsideratzen ote den galdetuta hori erantzun baitu segituan. Uztegira joan zenean, ehun bat ardi eta lau behi-edo zeudela esan du, eta bi uztarriko, orduan ez baitzuten traktorerik. Baina senarraren aita zen etxeko artzaina, eta lanak egitea gero eta gehiago kostatzen zitzaionez, Gracianek pentsatu zuen ardiak saltzea eta behi gehiago jartzea izanen zela onena. Hala, Beteluko Baldenea etxetik bi behi ekarri zituzten, eta, pixkanaka-pixkanaka, behitaldea handituz joan ziren, dozena bat inguru izateraino.

 

Ume egin berritan hiru aldiz jezten zituen behiak Kontxik, goizean, eguerdian eta gauean; 100 litro baino gehiago biltzen zituen. Esnezaleari Antsoneara eramaten zioten esnea, astoari karroa erantsita. Gona jantzita, baina, ezin eroso egon hankak zabalduta behiak eskuz jezten, eta ordura arte inguruko emakumeek egin ez zuten zerbait egin zuen: galtzak jantzi. “Arteraino inork ez zituen janzten. Inguru honetan ni izan nintzen galtzak jantzi zituen lehendabiziko emakumea; 30 bat urte nituen ordu hartan. Eskuz jezten nituen, eta hankak zabalduta… bestela nola?”. Tuberkulosia ailegatu zen ukuilura 1978 inguruan, eta azienda guztia kendu behar izan zuten. Kolpe gogorra izan zen familiarentzat, baina, dena desinfektatuta, behiak jarri zituzten berriro ere. Ordu hartan, Bizkaitik ekarri zituzten bigak.

 

Tamalez, gazte hil zen Gracian, 64 urte zituela, eta Kontxik bere onena eman behar izan zuen familia eta etxea aurrera ateratzeko. Seme-alabak beti izan ditu laguntzeko prest, bizitzako bidelagun, eta gaur egun ere haien abaroan eta konpainian bizi da, zoriontsu eta ingurukoak alaitzeko prest. Bizi duen guztia gogora ekarrita, sinestezina iruditzen zaio dena, baina orain egunerokoaz gozatzen saiatzen da: larunbatetan, Tolosako feriara joaten da; igandetan, jatetxeren batera edo alabaren baten etxera bazkaltzea… Ederki bizi dela dio. Familia elkartuta ikusi nahi du, eta horixe du gustuko, maite dituenekin egotea eta haiei gozaraztea. Hain ongi eta alegre egoteko sekretua zein den ere aitortu du: “Osasunari kasu egin, ez erre, ez edan, eta alegre bizi! Bizitza bat da, eta denok bizi behar dugu ahalik eta alegreena”.