«Minutu bat kostatu zitzaidan errugbi inklusiboan sartzea eta, gorputzak uzten didan bitartean, ez naiz aterako»

Lekunberrin bizi da Borja Imaz ordiziarra. Bere jaioterrian errugbiari gaztaroa eskaini zion eta, urte batzuetako hutsunearen ostean, Hernaniko beteranoekin dabil orain. Bertan ezagutu zuen errugbi inklusiboa eta, probatu orduko, barruraino zegoen sartuta. Gaur egun, Ordizian errugbi inklusiboko talde bat eratu dadin dabil lanean.

Nola hasi zinen errugbiaren munduan?

Errugbia gorputz hezkuntzako klase batean ezagutu nuen. Behin, maisua meloi itxurako baloi batekin etorri zitzaigun eta, 11 urterekin, hori zer zen ez genekiela, esplikatu zigun zer zen errugbia. Klase horretan oso gustura ibili ginen jokatzen. Eta futbolean ez nintzen oso ona; beti aulkian... Orduan, klase bukaeran esan zigun maisuak: “Norbaitek larunbatean Ordiziako errugbi zelaira gerturatu nahi badu, etor dadila”. Etxera joan nintzen eta esan nion amari: “Ama, larunbatean errugbian jokatzera noa”. Ni beti argala izan naiz. “Zu hilko zaituzte, zu txikia zara...” eta nik: “Errugbira noa!”. Eta azaldu nintzen, eta imajinatu: 11 urte, belarra, lokatza... Oroitzapena dut harrapaketa joko antzeko baten sentipena utzi zidala: aurkaria harrapatu, lurrera bota eta ondoren lokatzetan... Eta hurrengo eskola egunean, ez dakit zer kontatu nien nire ikaskideei, baina gelatik bederatzi lagun erakarri nituen errugbira.

Artean ez zegoen errotuta errugbia Ordizian?

Ordizian, eta toki guztietan, errugbia amateurra zen. Taldea ez zegoen Ohorezko Mailan, gaur egun dagoen bezala; garai hartan euskal liga baten barnean bazebilen, baina oso desberdina zen daukagunarekin alderatuta.

Ordutik jarraitu zenuen errugbiarekin...

11 urte nituenetik 18 bete arte. Momentu horretan pasatzen zara adinkideekin jokatzetik 30 urteko gizonekin jokatzera, pentsa. Tamalez, ikasle txarra nintzen eta, 17 urterekin hasia nintzen fabrika batean txanda bitan lanean; nekez entrenatu ahal nuen eta uztea erabaki nuen. Oraindik ere, arantza hori kendu ezinik nabil. Gainera, Ordizian eta Euskadiko Selekzioan nenbilela hartu nuen erabakia; oso momentu ona bizitzen ari nintzela kirolari dagokionez. Baina lana...

Aurrerago, eta 23 urte nituela, Ordiziak Ohorezko Mailara igotzea lortu zuen eta senior bigarren taldean sartzeko animatu ninduten lagunek. Eta tarteka kirola egiten banuen ere, bost urteko hutsune hori oso handia izan zen, errugbia oso kirol fisikoa da eta. Gainera, nik jokalari-lerroen arteko lotura den erdi-mélée bezala jokatzen nuen. Postu horretan jarduteko baloi guztietara iritsi behar zara; baloia 40 metrotara dago, eta hura harrapatu eta jokoan jarri behar duzu. Horretarako, korrika asko egin behar duzu eta nik baloia ikusten nuen eta pentsatzen nuen: “Ez naiz iristen”, kar-kar. Gero lesio bana eduki nuen eskumuturrean eta sorbaldan, Nafarroara bizitzera etorri nintzen eta, orduan, berriz ere, utzi nuen. 25 urterekin errugbia utzita nuen nik.

Eta nola ezagutu eta inplikatu zinen errugbi inklusiboan?

Errugbia utzi banuen ere, hamaika partidu ikusten jarraitu dut eta zaletasun hori ez dut galdu. Eta, pandemiarekin, hainbeste denboran etxean edukita, World Rugby federazioaren webgunean Internet bidezko entrenatzaile ikastaroak bazeudela ikusi nuen. Besterik egiteko ez zegoela, kurtso batzuk egin nituen. Konfinamendua bukatu zenean, Ordizian lan egiten nuela oraindik, egun batean nire entrenatzailea izandako batekin hizketan, ikastaro horiek eginak nituela komentatu eta gazteen taldeetan entrenatzaile ibiltzea eskaini zidan. Orduan hasi nintzen, pixkanaka, errugbi inklusiboaren inguruan zerbait entzuten.

Handik gutxira, Hernaniko lagun batek beteranoekin jokatzera gonbidatu ninduen, eta animatu nintzen. Horiekin nenbilela, egun batean, zelaira lehenago jaitsi eta ikusi nuen, gure aurretik, inklusiboko taldea entrenatzen zela, eta ez hori bakarrik: nirekin zebiltzan beterano batzuek parte hartzen zutela. Horietako batek galdetu zidan “jokatu nahi duzu?”. Nola ez, ba! Haiekin ibili nintzen. Eta egun hartatik mutiko batek esan zidan zerbait dut gogoan. Ariketa bat egiten ari ginen, zehaztu genuen nola egingo genuen, burutu eta, bukatutakoan, galdetu zidan: “Ondo egin dugu?”. “Bai, ondo egin dugu!”, erantzun nion. Eta ikusi nuen bere poz aurpegia... Hiru urte neramazkien 16 urte azpikoak entrenatzen, eta inork ez zidan inoiz galdetu horrelakorik, kar-kar. Momentu hori niretzat izan zen... “Kontxo! Hau nahi dut! Hauekin egon nahi dut!”.

Errugbi inklusiboan edonork har dezake parte, ezta? Talde mistoak dira, beteranoak ere badabiltza horretan...

Bai,talde mistoa da. Hernaniko errugbi taldeko neska batzuek ere parte hartzen dute, guraso batzuek... Eta jokalari batzuekin dabiltzan laguntzaile batzuek ere parte hartzen dute. Adina aldetik ere askotarikoa da; beteranoez gain, 16 urtez azpiko batzuk ere animatu izan dira inoiz. Talde bereko edozein federatuk jokatzen ahal du. Oso aberasgarria da.

Zer eskaintzen dio errugbiak inklusiboan dabilen jokalari bati?

Ekipo bateko kide izatea, talde lanean aritzea... Azken finean, errugbia, talde kirola da. Horretaz aparte, lagunak egitea, kirola egitea, ondo pasatzea eta, asko ahalegintzen direnez, beren gaitasunak handitzea. Eta joaten garenean beste talde baten kontra jokatzera, “hirugarren denbora” famoso hori dago, zeinean anfitrioiak gonbidatzen du kanpotik etorri den taldea jatera eta edatera. Eta, horrela, lagun asko egiten dira; partida eguna ongi pasatzeko egun bat da.

Inklusiboan bakarrik ibiltzen ez den beste jokalari bati zer eskaintzen dio?

Ni oso gustura sentitzen naiz. Pentsatzen dut ere haiekin zerbait polita egiten ari naizela. Nik maite dudan kirolaz gozatzen ari direla ikusita disfrutatzen dut, eta haien ondo egiteko gogoa eta ilusioa kutsatu egiten dira. Ahazten zara kirol konpetitiboaz. Helburua, inklusiboan, entrenatutakoak aurrera eramatea da. Baditugu gure gako-hitzak jokaldi batzuk gauzatzeko: “Txixare! Dortoka!”... Aurkariak engainatzeko taktikaren bat ere asmatu izan dugu inoiz nahi gabe, kar-kar. Eta oso ongi pasatzen duzu, barre egiten duzu... Energia positibo hori jasotzea oso polita da. Minutu bat kostatu zitzaidan sartzea eta ez naiz aterako... gorputzak uzten didan bitartean.

Oso uztargarria da errugbia inklusibotasunarekin, ezta? Kiroltasun handiko kirola da.

Bai, errugbiaren oinarririk handienak umiltasuna eta errespetua dira. Taldekideen arteko errespetua, arerioarekikoa, epailearekikoa... Aurkariaren kontra 80 minutuz zabiltza borroka batean, nork irabaziko. Eta kolpeak daude, kontaktu handiko kirola izanik. Baina kontaktu hori guztia errespetuz egiten da. Eta hirugarren denbora... Hori, seniorretan, kasik parranda hasiera da. Eta, bai, errespetua hain garrantzitsua izanik, inklusiborako oso kirol egokia da. Tamalez, beste kirol batzuetan, ez dago kiroltasun maila hori.

Talde asko dago Euskal Herrian?

Ez daude talde asko, baina sustatzen ari dira. Ordizian errugbi inklusiboko hirugarren topaketa egin berri dugu eta horren helburua taldea eratzea da, datorren urterako ez bada, hurrengorako. Baina buruan sartu zaigu; klub bezala egin nahi dugun zerbait da eta lortuko dugu. Orain dela bost bat urte sortu zen Bultza liga-n parte hartzeko gogoa dugu. Gainera, beste talde bat sartzeak bi partida gehiago jokatzeko aukera ematen die besteei. Eta Gipuzkoako bi talde sendoenek, Hernanik eta Ordiziak, inklusibo taldeak edukita, errugbi inklusiboari oihartzun handiagoa emango genioke. Eta, era berean, oso aberasgarria izango litzateke klubentzat.

Ligaz gain, lagunartekoak ere badira, Valentziako Culleraraino joanak dira Hernanikoak, pentsa! Eta Oviedora joango dira hilabete honetan. Autobusean giro ona dago... Ikaragarria da nola hartzen duten partidaren txipa. Oso mentalizatuta ibiltzen dira partida eguna heltzen denean, beste taldeetan dabiltzanak bezalaxe. Beren errutinatik ateratzeko oso ona da.

Momentuz badira taldeak Iruñean, Getxon, Bilbon, Hernanin... eta, aurki, Ordizian.

Nafarroan oraindik ez dago oso zabalduta agian?

Ez pentsa! Iruña Rugby Taldeak oso talde inklusibo handia du, ia bi talde atera litezke hortik. Kirol inklusiboa geroz eta ezagunagoa da, futbolean ere badago, eta zenbat eta talde gehiago sortu, orduan eta jende gehiago erakartzeko aukera.