“Nafarroako bertsogintza inoizko momenturik onenean dagoela iruditzen zait”

Mailope Aldizkaria 2024ko urt. 18a, 11:35
Julio Soto txapelarekin. Arg: Josu Santesteban

Egiten ari den ibilbidearekin gustura dago Julio Soto Ezkurdia. Seigarren aldiz irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta aurrerantzean ere ilusioz jarraitzeko grina sumatzen zaio gorritiarrari.

Hasteko, zorionak, Julio. Nafarroako seigarren txapela duzu hau. Ibilbide oparoa ari zara egiten.
Eskerrik asko. Ez dakit ibilbidea oparoa den edo zer den, baina ez nuke txapeletan neurtu nahiko, badaudelako txapel gutxiago dauzkaten edo txapelik gabeko bertsolariak eta nirea bezain ibilbide oparoa edo oparoagoa egiten ari direnak. Gehiago erreparatzen diot urte luze hauetan plazan ibiltzeko izan dudan zorteari, niretzako hori da benetako oparotasuna.

Nola prestatu duzu azken txapelketa hau?
Aspaldiko urteetan lan egiteko nahiko molde berdintsua erabili izan dut. Etxean prestatzen dut txapelketa nire irakurketa, idazketa eta gogoetekin, eta azken bizpahiru hilabeteetan bertso eskolan ibiltzen naiz. Aurten Euskal Herriko txapelketatik gentozen eta hura prestatzen lan karga gehiago sartu nuen. Nahiko nekatuta bukatu nuen eta sumatzen nuen aurtengo Nafarroakorako ez neukala horrenbesteko indarrik. Beraz, nahiz eta hilabete luzeetako lana izan den, kontzienteki, lana eta deskantsua uztartu behar izan ditut. 

Arkaitz Goikoetxearekin joan zinen autoan finalera. Nolatan?
Nik eskatu nion ea lagunduko zidan. Finalerdietara ere elkarrekin joan ginen. Nire bertso ibilbidean Arkaitz izan da eta gaur egun ere bera da figurarik garrantzitsuena. Estitxu Arotzenarekin hasi nintzen bertso eskolan,  eta esan dezaket harekin ikasi nuela bertsotan egiten. Baina behin bertsoa egiten ikasita, Arkaitzi esker eman nuen hurrengo saltoa. Begiratzeko modu bat erakutsi dit bereziki, eta garaian garai, arreta non jarri pista handiak eman dizkit. Ez dit sekula doktrinarik eman, baina beti iradoki izan dit nondik jo beharko nukeen txapelketa bakoitzean. Eta beti oso modu goxoan eta gertukoan. Aurten ere gehien balio izan didaten aholkuak berak eman dizkit. Horregatik zen niretzako horren garrantzitsua, ahal izatera, finalerako ordu erdiko bide hori berarekin egitea.

“Ez nuke txapeletan neurtu nahiko nire ibilbidea”

Zortziko handian, esaterako, “gizonek nahasi egiten dute zaintza eta bigilantzia” kantatu zenuen. Zenbait hausnarketa garatzeko, aurrez, lan handia egiten duzue, ezta?
Bai, noski. Halere, gai guztien aurrean gure ikuspuntua landu eta hausnartu behar izaten dugun arren, beti dira norberarentzako gai batzuk interesgarriagoak beste batzuk baino. Gaur egun niretzako, adibidez, gizontasunarena oso gai potoloa da, eta gaiak horretarako bide ematen zuen. Nire ustez, gizonok hausnarketa eta aldaketa handiak egin beharrean gaude, eta ez gara egiten ari. Gure partetik itxurakeria handia dagoela deritzot. Gizonon partetik emakumeenganako dagoen jazarpena izugarria da. Orain kamuflatuago egiten dugu, baina hor dago ezkutuko bortxa hori. Botere posizio batetik begiratzen diegu, gainetik, eta gure inguruan, egunero ikusten dut hori. Onartu ezin diren jarrera asko onartzen ditugu. 

Zein ariketatan sentitu zinen asebeteen?
Zortziko handian oso gustura geratu nintzen Sarairekin. Hamarreko txikia ere oso gustura egin nuen Saatsekin. Eta, beharbada, bat aukeratzekotan, azkeneko buruz burukoko ganbarako lana aukeratuko nuke. Gustura eseri nintzen egindakoarekin eta esandakoarekin. 

Saats eta Sarairi ongi etorria emanez hasi, eta gero, haiekin kantatu zenuen gainera.
Bai. Lehendabiziko bertsoan ongi etorria ematea pentsatua neukan. Ez zen zozketan haiekin kantatzea egokitu eta gero pentsatutako bertsoa izan. Ez dakit ni inor naizen inori ongi etorririk emateko, baina keinu polit bat izan zitekeela iruditu zitzaidan eta, oro har, bertso saioetan, baina bereziki txapelketako saioetan, elkar zaintzea oso inportantea dela uste dut. Oholtza gainean norberak ahalik eta ongien egin nahi du, norberak bere aspirazio pertsonalak dauzka, baina ezer baino lehen denoi elkar zaintzea dagokigula uste dut. Orain bi urte ez bezala, aurten bertso-kideok elkar zaintzen asmatu genuela uste dut.

Zure ustez, nola dago bertsolaritza Nafarroan?
Bertso mailari dagokionez, Nafarroako bertsogintza inoizko momenturik onenean dagoela iruditzen zait. Bertsolari gazte oso onak etorri dira, Nafarroako gune desberdinetakoak gainera. Oso ahots anitzak daude, eta denak interesgarriak. Entzule kopuruari dagokionez ere, bertsoa jendearengana inoiz baino gehiago iristen dela uste dut. Inoiz baino entzule gehiago daukagu. Nire lehendabiziko finalean, 2006an, 700 lagun geunden Lurren, eta aurten Anaitasunan ia 2.400. Inoiz baino Iruñerriko entzule gehiago egon da gainera. Hori guretzat oso inportantea da. Orain arte, euskararen arnasgune bezala ezagututako herrietakoak ziren bertsozale eta bertsolari gehienak baina gaur egun hori irauli egin da. Ordea, oholtza gainean gertatzen ari den loraldia ez dator bat oholtzapean gertatzen ari denarekin.

Zer ari da gertatzen, bada?
Urtero ohikoak ziren bertso-saio asko galtzen ari garela, bai jaietan, baita jaietatik kanpo egiten zirenak ere. Araitz eta Larraunen ere bertso-plaza asko galdu dira. Joera hau Nafarroako beste zenbait eskualdeetara ere zabaltzen ari da. Zentzu horretan egoera kezkagarria da. Bertso-saioen galerak ez baitakar bertsolari falta bakarrik, gauza asko galtzen dira bidean. Orain arte inertziaz antolatzen ziren bertso-saioak eta ez zegoen asko pentsatu beharrik, horrela zen urtero eta ongi funtzionatzen zuen. Inertzia nahikoa ez den garaia iritsi dela uste dut, ordea. Gure hizkuntza nahiko egoera kezkagarrian dago. Gure euskal kulturara ere globalizazioa iritsi da eta ez preseski gure hizkuntzaren eta kultura propioaren mesedetan. Momentu honetan korrontea ez dago gure alde eta inportantea da honetaz kontziente izatea. Bertso saioak antolatu behar liratekeen beste herri batzuetan ere, bereziki Iruñerriaz ari naiz, ez gara asmatzen ari eta horra ere bertsoa gehiagotan eramaten saiatu behar genukeela uste dut.    

“Gizonon partetik emakumeenganako dagoen jazarpena izugarria da”

Orokorrean, ze ekarpen egiten du bertsolaritzak gaur egungo gizartean?
Hasteko, hizkuntza darama bertsolariak, euskara. Huskeria bat dela dirudi, baina gaur egun kontsumitzen dugun kulturak gero eta gutxiago du euskaratik. Bestalde, bertso saio batean jendea bildu, sozializatu eta elkarrekin egoten da, eta gurea bezalako herri eta  txiki hauetan, oso inportantea da elkarrekin egoteko motiboa ematen duen zerbait edukitzea. Bertsoak elkarrekin gustura egoteko bide ere ematen du, bertsoari esker barre egitekoa, eta gaur egun barre eginaraziko digun kultur mugimendu bat izatea ere inportantea da. Baina ez da hori bakarrik, bertsoaren bidez jendeari gogoeta ere eginarazten zaio. Eta gogoeta egiten duen jendarteak bide askeago bat urratu dezake. Gauza asko dira, beraz, bertsoak bere txikian eta umil horretan daramatzanak, eta horregatik da hain albiste txarra bertso saioen kopuruak behera egitea. 

Agurra, “sinetsi nahi dut gizakiarengan” esanez bukatu zenuen. Zer dela eta?
Inguruari begiratu eta egoera nahiko tamala da. Gizakiak elkarri gain hartu nahirik darrai, botere gosez, gizakiak gizakia zapaltzen. Gero eta nekezagoa da aterpe bat bilatzea, duin jatea, etxeak berotzea, euskaraz bizitzea, gizaki eta herri libre bezala bizitzea... Eta gu baldin bagara mundua bizitzeko hain toki zail, injustu eta bortxaz beterikoa ereiten dugunak, gu izan beharko gara bestelako mundu eta gizartea ereingo dugunak. Positibotasun pixka bat, gizakiongan eta gu garen horretan fedea izatea ere beharrezkoa iruditzen zait eta argitasun pixka bat transmititu nahi nuen azken agur horretan. Nik ere gizakiarengan sinetsi nahi…

Imanol abeslariaren Ausencia kantako doinua erabili zenuen agur horretarako.
Bai. Imanolen antologia bat atera zuten orain dela gutxi eta hor entzun nuen lehendabiziko aldiz kantu hau. Gerora jakin nuen Lope de Vegaren bertso batzuk zirela. Lehen momentutik iruditu zitzaidan oso doinu berezia eta nahiko azkar erabaki nuen, txapela irabaztekotan, doinu horretan kantatuko nuela azken agurra. Egitura aldrebesa du eta badakit entzulearentzat ez zela erraza izan, baina garrantzitsua da norberari ilusioa pizten dion doinuetan kantatzea.

“Araitzen eta Larraunen ere bertso-plaza asko galdu dira”

Txapela, Alaitz Rekondo gai jartzaileak jantzi zizun.
Oso berezia izan zen txapela Alaitzek jartzea. Bera izan da nire bertso ibilbideko gai jartzailerik garrantzitsuena. Aurtengoa kenduta, esaterako, ni izan naizen final guztietan bera izan da gai jartzaile. Ez da bakarrik gaiak jartzeko lana izugarri ongi egiten duela, beti asmatu izan du bertsolariak ongi zaintzen, oholtzan zein oholtzatik kanpo. Eta horretan asmatu behar du gai jartzaile batek: bertsolaria lasai, zainduta eta maitatuta sentiarazten. Laguntasun oso berezi bat sortu da gure artean eta bihotzez maite dut. Txapela berak jartzea izugarria izan zen niretzako, eta ez ditut sekula ahaztuko elkarri eman genion besarkada eta elkarri esan genizkionak. Finalak utzi didan momentu politenetakoa izan da.

Kuriositatez... finalean Lorian kamiseta eraman zenuen soinean.
Lekunberrin sortu den arropa marka berezia da Lorian eta beraien kamiseta batekin oholtzaratzeko ilusioa nuen. Ohore handi bat izan zen etxean egindako kamiseta batekin kantatzea. Janzten dugun arropa non, nola eta zerekin egina dagoenari ere arreta jarri behar genioke. Hemen horrelako proiektu eder bat sortu eta arratsalde hura erakusleiho izan bazitekeen, ni pozik. Ilusio handiz jantzi nuen.

Aurrera begira, zer erronka dauzkazu?
Nire erronka asteburuero ahalik eta bertso-saio onenak egitea da. Astebururoko lan hori da gurea. Beti da proba bat jendaurrean jartzea eta beti saiatzen gara jendeari ahalik eta bertso onenak ematen.
Bigarren erronka, neure begirada lantzen jarraitzea da. Hori da egin behar nukeen lana, hori sentitzen dut. Gure ingurua, mundua, norbera... aldatzen goaz etengabe eta bertsolariaren begiradak etengabeko lanketa behar du. Nik ere datozen hilabete eta urteetan begirada hori lantzerako unean asmatu nahi nuke. Erne egon eta ea asmatzen dudan nire begirada non jarri eta zeri kantatu.