erreportajea

Kirola, errezeta eraginkorra

Mailope Aldizkaria 2024ko mar. 19a, 08:16

Iazko apirilaren 27an jarri zen martxan  “Kirol Errezeta” programa eta Amaia Landak (Plazaola kiroldegiko kudeatzailea), Estibaliz Garziandiak (erizaina) eta Beñat Barberenak (prestatzaile fisikoa) daramate aurrera. Une honetan, 40 pertsonek jasotzen dute zerbitzua.

Noainen, Zubirin eta beste leku batzuetan kirol errezeta martxan jarrita, oso pozik zeudela esan zion  kudeatzaile batek Amaiari. Hemen ez al zuten martxan jarri nahi galdetuta, Amaiari programa azaldu eta Lekunberriko udaletxera joan ziren. Gorka Azpirozek hasieratik ikusi zuen ongi eta aurrera eramateko prestutasuna adierazi zuen. Irurtzungo oinarrizko osasun eremuak hartzen du gure eskualdea, eta bertako zuzendari Blancarekin hitz eginda, hitzarmen bat sinatu zen Lekunberriko udala eta Oinarrizko Osasun Zentroaren artean. Hortik aurrera, hamar hilabete irauten dituen zerbitzua martxan jarri zen. Arkaitz Goikoetxea, Lekunberriko alkate berria ere programarekin ados zegoen, eta hitzarmenean, Larraun sartzea ere proposatu zen osasun etxetik. Hori onartuta, bertako biztanleak dira programa jasotzen dutenak gaur egun, kiroldegiko bazkide ez denak 7 euro ordainduz hilabeteko, eta bazkide denak berriz, 2 euro hilabeteko.  Oraingoz, denbora gutxi darama zerbitzuak martxan, baina inguruko udalei ere aipatu zaie honen garrantzia, eta pixkanaka, aurrerapausoak emango direlakoan daude langileak.

Programa jasotzeko pausuak

Osasun etxearekin jartzen dira harremanetan herritarrak lehenik. Erizainarekin izaten dute lehenengo elkarrizketa eta duten patologiaren arabera ematen zaie kirol errezeta. Hasieran, arrisku kardiobaskularra zuten guztiak bidaltzen zituzten eta osteomuskularrak zituztenak ere bai. Pixkanaka bestelakoak dituztenei ere eman diete errezeta hau: depresioa, antsietatea... dutenei esaterako. Dokumentatu ahala, zer kasutan nabaritzen diren hobekuntzak jakin dute, gero eta kasu gehiago bideratuz programa honetara.

Prestatzaile fisikoak hartzaileak ze patologia duen jakin dezan, txosten bat egiten du erizainak. Jarraian, kiroldegiko harrerara joaten dira herritarrak errezetarekin, eta bertan, orrialde bat betetzeko eskatzen diete. Horren ostean, prestatzaile fisikoak hitzordua jartzen du pazientearekin, zer gertatzen zaion kontatzeko: mina non duen, mobilizazio falta... edo dena delakoa. Txostena eta elkarrizketako informazioarekin, hilabeteka diseinatzen ditu entrenamenduak prestatzaileak. Lehen hilabetean, astean behin behintzat Beñat prestatzailearekin egoten da hartzailea, eta prest dagoela ikusiz gero, beste egun batean edo bitan bere kabuz aritzeko esaten zaio, entrenamendu berdinarekin. 

Gainerako bederatzi hilabeteetan, hilean behin Beñatekin aritzen da pazientea ariketak nola egin ikasteko, eta hortik aurrera, gainerako saioak bere kabuz egiten ditu, esaten zaion progresioa jarraituz: pisuak igoz, serieak igoz edota ariketak aldatuz. Hilabete horretako saioak bukatzean, bien artean balorazioa egin eta hurrengo hilabeteko prestaketa antolatzen dute. Hilabetea luze ez egiteko, lehen hamabost egunak pasatzean, gimnasioko Aitor Garzaron teknikariarekin ere egoten dira hartzaileak, ariketekin zer moduz doazen aipatu eta jarraipena mantentzeko.

Kirol jarduerak      

Hasieran, nahitaezkoa da jarduerak gimnasioan egitea. Bi zati ditu gimnasioak: bat erresistentzia edo ariketa kardiobaskularrak egiteko, eta bestea, indar ariketak egiteko. Bi eremuetako ariketak jartzen dizkie Beñatek, patologiaren arabera, hauek egokituz. Batzuk, oinez zein korrika ibiltzeko zinta, bizikleta estatikoa edo beste ariketa kardiobaskularren bat egiteko ariketak behar dituzte nagusiki. Gehiengoak aldiz indarra behar du, eta hau lortzeko, patologiaren araberako ariketak jartzen zaizkie. Prestatzailearen saiakera nagusia, hartzaileak jarduera hauek egiteko ohitura hartzean datza. Behin ohitura hauek hartu eta minak edo arazoak joan ahala, gauza berriak sartu eta beraiei gehien gustatzen zaizkien jarduerak jartzen zaizkie, hauek etxean zein gimnasioan egiteko aukera emanez.

Hasieran, batzuei lotsa ematen die gimnasiora joan eta ariketak egiten ari diren bitartean jendeak begiratuko dituela pentsatzeak, baina Beñatekin noiz geratu adostean, goizeko 8:30etan edo 15:30etan gelditzea proposatzen die berak. Ordu horietan ez da jende asko egon ohi gimnasioan. Horretaz ohartu eta gainera bakoitza berean zentratuta aritzen dela ikustean, gero eta erosoago egiten zaie bertaratzea. Badago kirol errezeta jaso gabe ia egunero gimnasiora doan 80 urte inguruko emakume bat esaterako. Batez ere goizetan, jende jubilatua eta denetarik egoten da, hori ikustean bertaratzen dena lasaituz. Askok gimnasioa gazteentzat dela pentsatzen zuten, baina ez dela horrela konturatzen dira. Adin guztietako jendea kabitzen da bertan. 

Patologiaren arabera, uretako ariketak egitera ere animatzen dituzte zenbait hartzaile eta  igerilekua erabiltzeko aukera dago horretarako. Gehienek ez dute ura bereziki gustuko, baina bada gustura ibiltzen denik, eta hainbat mugimendu egiteko oso lagungarriak dira bertako ariketak. Guzti honetaz gain, norbaitek zumba, pilates, aquagym edo mugitzea gustuko badu, eta dagoeneko martxan dauden taldeetan lekurik badago, talde horietan sartzeko aukera ere badaukate.

Esan bezala, hamar hilabete horietan, ohitura on hauek barneratzea da helburua, gero haien kabuz jarraitu dezaten. Hamar entrenamendu ezberdin egiten dituzte ariketa ezberdinetan trebatuz, aurrerantzean beraz, ez dago “ez daukat ezer egiteko” bezalako aitzakiarik. Hilabete horietan behar adina ikasi ohi dute, eta gainera, teknikariak etengabe daude kiroldegian edozein kontsulta egin nahi bazaie.

Bilakaera

Lehen hilabetean nabari ohi dituzte hobekuntza gehien. Osasun etxera joatean, lehen galdera “zer moduz?” izan ohi da noski, eta haien erantzuna: “lehenengo bi asteak gaizki, sekulako agujetak... baina orain dagoeneko nabaritzen dut hobekuntza”. Komentario deigarriak egin ohi dituzte: “lehen ezin nituen kristalak garbitu eta orain bai”, “orain etxeko eskailerak igo ditzaket lasai asko”... Aldaketa oso handia izan ohi da beraientzat, eta psikologikoki ere, sekulako aldaketa egin dute askok. Tentsio zefaleak zeuzkaten batzuk, dagoeneko ez dauzkate, edo medikaziorik gabe daude. Lo ere hobeki egin ohi dute eta lehen alde batek mina ematen bazien, ondoren ez die ematen... Hori sumatzen dutenean, jarraitu beharra daukatela ikusten dute.

Kirol errezetara bideratu dituzten arrazoiaren arabera, jarraipen bat edo beste egiten die Estibaliz erizainak. Arazo kardiobaskular baten kasuan esaterako, jarraipen estu xamarra egiten zaie, eta hiru hilabeteetara analitika... honela, beraiek ere nola doazen hobetuz ikusten dute. Gauza ez da gehienbat pisua galtzea, baizik eta beraiek beraien analitika nola doan hobetzen ikustea. Askotan giharra garatzen hasten direnez izutu egiten dira, pisu gehiago daukatelako, eta hori ere lasai hartzeko esan behar zaie. Beste kasu batzuetan, hasi eta hilabetera erizainarengana joan, eta hortik aurrera, segun eta zertarako, batzuk bi hilabetetara edo hirura itzultzen dira, egoeraren arabera.

Amaia kudeatzailea oso-oso pozik dago. Zerbitzu ederra ari dira ematen eta jendea ongi ikustea oso positiboa da. Estibaliz ere oso pozik dago: “lehen kontsultan medikazio eske oso maiz ikusten nuen jendea, orain ikusten dudanerako... auskalo” eta hortaz ohartzean “ostras... asko da hori!”. Sekula kirolik egin ez duen jendea eta gimnasiora sekula etorriko ez zirenik pentsatzen zutenak, alaiago eta motibatuago ikusten dira, eta hori hein handi batean Beñaten meritua da. Berak hasieran, astean bi saio jartzen dizkio bakoitzari eta zenbaitek saio gehiago eskatuta, badago astean bost egunetan edo egunero etortzen denik ere. Errutina hori hartzea izaten da zailena, baina behin hasita, hegan jarraitzen dute. Orain, ikusi egin beharko da ze jarraipen izaten duten programarekin bukatzen dutenek, baina hiruren ustez gehiengoak jarduera fisikoa egiten jarraituko du.

Estibalizek paziente guztiei azpimarratzen die kirolak duen garrantzia. Haietako askok, haiek daukatenak kirolarekin zer erlazio duen galdetzen diote. Esaterako, zer erlazio dauka buruko minak kirolarekin? Hasieran ez dira konturatzen, baina behin kirola egiten hasi eta aldaketa nabaritzean, orduan bai. Probatu egin behar dute lehenengo eta gutxienez horretara animatzen dute jende guztia. Behin probatuta norberak ikusiko du. Kirola aisialdiko edota denbora libreko kontu gisa ikusi izan da orain arte, baina oso erlazionatuta dago osasunarekin eta baita autonomiarekin ere.  Edozein gauza egiteko behar dugu indarra, izan zutik egoteko, esertzeko, altxatzeko... eta hori lantzea ezinbestekoa da. Gero eta indartsuago egon errazagoa egingo zaigu guztia. Kirol errezeta tresna ona da, baina horretaz gain, bakoitza bere kabuz kirola egitera ere animatzen dute. Bertako instalakuntzak ere aprobetxatzeko daude.