Elkarrizketa

Jarraipena da lorpen handiena

Mailope Aldizkaria 2024ko mai. 9a, 10:01

Malloen barren-barrenean, abenturaren espiritua eta lagunartea berekin daraman Ttutturre mendi elkartea ezagun da, natura eta mendia maite dutenentzat aproposa. Hainbat udalerritako bazkideekin osatzen da, baina ez da bakarrik mendiko elkarte bat, komunitate bat dela ere diote Idoia Igoak eta Xabin Atxelandabasok, bertako mendizaleek.

Zer da Ttutturre Kirol Elkartea? Noiz eta nola sortu zen?
1989an sortutako mendi irteerak egiten dituen elkartea da, iraganean mendira ateratzen zen eta jendearentzat sortu zuten. Garai horretan gurasoak seme-alabekin ateratzen ziren. Lehenengo irteeretan familia eta kuadrilla handiak elkartzen ziren, hilabetero, astero... Gehien bat inguru honetan ibiltzen ziren, nahiz
eta gero beste eboluzio bat izan.

Zeintzuk dira bertan parte hartzeko jarraitu behar diren pausoak?

Taldean sartzeko ez da ezer berezirik egin behar, mendian ibiltzeko gogoa izatea eta besterik ez. Jendeak probatzeko aukera dauka, bertako giroa sentitzeko, eta egiten diren ibilbideak ikusi eta probatzeko. Aurten ere kide berriak sartu dira. Gero ere, aukera dago federatzeko, hori gomendagarria da segurtasun aldetik. Gehienek mendi asegurua daukate, baina ez daukatenak ere etortzen dira, guk beti gomendatzen dugu segurua egitea baina gai irekia da.

 

Zer jarduera mota eskaintzen dizkie elkarteak kideei eta publiko orokorrari?
Urte bukaeran bilera bat egiten dugu eta urte osorako egutegia prestatzen dugu. Aurten adibidez Urmuga ibilbidea prestatu dugu, Bizkaitik hasi eta etapaz etapa gure ingururantz etorriko gara ibilbide osoa eginez. Bi ibilbide prestatzen ditugu, lau, bost eta batzuetan sei ordukoak eta beste ibilbide bat errazagoa, desnibel gutxiagoarekin, eta motxagoa, bi edo hiru ordu ingurukoak. Norberak erabaki behar du zein den egin nahi duen ibilbidea. Irteerak beti hilabetean behin izaten dira, azkeneko igandez. Guk autobusa eskaintzen dugu, eta ibilbideondoren egiten den bazkaria.

Beste aldetik, zein da elkartearen egiteko nagusia eta zein dira epe luzerako helburuak?
Egiteko nagusia egutegia prestatzea da, ibilbideak prestatu, informazioa,
etab. Nolabait jendeari laguntzea,mendira ateratzea eta kirola bultzatzea. Bi urtetik behin Aralarko ibilbidea egiten dugu, gero urrian Onddo-en Eguna, Larraungo Egunerako zerbait prestatzeko ere esan digute, eskolako DBHko ikasleekin urtean behin ere irteera bat egiten dugu, eta gu beti laguntzeko prest gaude, norbaitek mendira joan nahi badu gurekin harremanetan jarri daiteke.

Zer nabarmenduko zenukete elkartearen lorpen edo mugarri gisa sorreratik?

Jarraipena da lorpen handiena. Hasieran familia bat hasi zen eta orain taldea asko zabaldu da, jendea Araitzetik, Betelutik, Leitzatik, Ultzamatik, Iruñetik eta Larraunetik, Lekunberritik etortzen da. Mendi talde asko daude izenarekin gelditu direnak, baina ez dago horrelako aktibitatea. Guretzat helburua da horrela jarraitzea eta hemen horrelako aukera izatea, mendi talde baten bitartez mendira ateratzea eta kirola egin ahal izatea. Eta gero, elkartasuna asko lantzen dugu, bazkariak ere egiten dira elkarrekin egoteko, giro ona sortuta. Era guztietako jendea dago eta euskaldun giroa.

Zeintzuk dira elkarteak gaur egun dituen erronka nagusiak?
Gauden bezala jarraitzea eta ahal bada jende gaztea berreskuratzea, nahiz eta badakigun haien kabuz ere ibiltzen direla. Hala ere, aurten ere egin dira bazkide berriak eta 150 inguru daude jada.

Nola finantzatzen dituzue elkartearen jarduerak eta proiektuak?

Alde batetik bazkideen kuotaren bidez, urtean hogei euro dira, Aralarko martxan ateratzen dugunarekin, eta onddoen erakusketarekin baita, honetarako Lekunberriko Udalak laguntzen gaituela. Beste aldetik, hitzaldia egiten badugu erdia Lekunberriko Kirol Mankomunitateak ordaintzen du.

Etorkizunerako hedapen-planik edo ekimen berririk ba al duzue buruan?

Bai, aurtengo egutegia dagoeneko prest daukagu, dagoeneko irteera batzuk egin arren, hainbat ibilbide berri aurreikusi eta prestatu ditugu: apirilaren 28an Euskal Herriko Urmugaren 9.etapa garatuko da Hirumugarrietara, maiatzaren
26ean 5.etapa abiatuko da Marietan, ondoren ekainaren 26an 6.etapa
egingo da Arantzatzun, irailaren 6, 7 eta 8an asteburu pasa Palentzian,
bertako Curavacas eta Pico Murcia egitera. Urriaren 17an 7. etaparekin
jarraitzeko asmoa da Otzaurten, azaroaren 24an 8. etapa Lizarrustiko
mendatean, eta urtea amaitzeko, abenduaren 15ean 4. etapa Krutzetan.

Zer aholku emango zeniekete mendizaletasunaren munduan gehiago sartu nahi dutenei?
Beldurrik ez izatea, eta probatzera animatzea.