Zerk bultzatu zintuzten zientziaz eta ikerketaz interesatzera?
Izadi: Niri egia esan betidanik gustatu zait ikerketa mundua, biologia eta horrelako ekintzak. Uste dut nirekin zerikusia daukan adarra dela. Zuze-
nean “Laborategi Teknikak” ikasgaiko irakasleak bultzatu gintuen proiektu
hau egitera. Ikasgai hau laborategian lan egiten ikastera eta esperimentuak egitera bideratua dago.
Isabela: Niri arrazoi nahiko antzekoak. Ondorioz, esperimentu desberdinak egiteko aukera izan genuen eta bueno, beste ikasgaiak, niretzat, agian ez ziren hain interesgarriak.
Nola sortu zitzaizuen “Zigarrokinen eta botiken eragina hazien erneketan” ikertzeko ideia?
Izadi: Lehenengo brainstorming bat egin genuen (pentsamendu sortzailearen teknika bat da, ideia berriak sortu eta arazoak konpontzeko erabiltzen dena) eta ideia mordoa bota genituen, baina pixkanaka, proposamen desberdinak baztertzen joan ginen, geneukan denbora eta materialaren arabera. Horren ondorioz, ideia guztiak ezin genituen gauzatu, eta zigarrokinen eta botiken eragina hazien erneketan aztertzea erabaki genuen.
Isabela: Izan ere, aukeratutako ideia esperimentatzeko egokia iruditu zitzaigun, eta alde teoriko zein praktiko zabala eskaini zigun.
Zer metodologia erabili zenuten ikerketak egiteko? Zein izan da proiektua?
Isabela: Lehenengo beti informazioa aurkitzea.
Izadi: Bai, informazioa iturri desberdinetan bilatu genuen.
Isabela: Hori da, eta beti bezala hipotesi bat planteatu genuen, zer ikusi edo aztertu nahi genuen jakiteko. Hurrengo pausua materiala erosi eta prestatzea izan zen, eta gero esperimentazioaren prozedura. Azkenean erabaki genuen hiru landare hazi mota haztea: belarra, hirusta eta dilistak. Gero bi substantzia hartu genituen: zigarrokinak eta ibuprofenoa. Jakin nahi genuen bi substantzia horiek nola eragiten zuten ingurumenean.
Izadi: Laborategian, “petri” izena duten gauza batzuk daude, eta horrekin ura kutsatuta geneukan zigarrokinen edo ibuprofenoen kontzentrazio desberdinekin. Hori “agarraga” substantziarekin nahasi genuen (algetatik datorren substantzia bat da hau). Beranduago, sortu genuen nahas-
ketatik, prozesu baten ondoren ateratzen ziren landareak aztertzen
genituen kontzentrazioaren arabera, banan-banan.
Nolako emaitzak lortu zenituzten? Zein izan zen harrigarriena?
Izadi: Emaitza bitxiak izan ziren. Ibuprofenoetan, adibidez, ikusi genuen haziak ez zirela behar bezala hazi, asko kostatu zitzaien. Adibide oso ona iruditu zitzaigun hirusta, emaitzarik argienak eman dizkiguna izan baita. Belarrarekin arazo bat izan dugu: denbora gehiago eduki genuen ernetzeko, gainean egon ginen erabat, eta ez zen oso ongi atera. Gero dilista, handia denez, erraz hazi
zen. Izan ere, barruan babes gehiago ditu, eta, ondorioz, ez zen hainbeste
hondatu ibuprofenoarekin eta tabakoarekin. Orokorrean, ibuprofenoarekin gutxiago hazi dira.
Isabela: 50 zigarrokin nahastu genituen 500 mililitrotan, baina ez zuten eragin handirik izan. Belarraren kasuan, ez genituen oso emaitza onak lortu, eta dilistaren kasuan, handiagoa denez emaitzak antzekoak izan ziren. Ho-
rretan emaitzak ez ziren hain zuzenak edo egokiak izan.
Zer erronka izan zenituzten ikerketa egiten?
Izadi: Erronka handiena denbora falta izan zen; urtarrilean hasi ginen
esperimentazioarekin, zer egin pentsatzen, informazioa bilatzen, eta apirilerako denak prest egon behar zuen, lanak bidalita. Guk astean bi ordu besterik ez ditugu izan Laborategi Teknikak egiteko. Bi ordu horiek plaka eta haziak prestatzen igarotzen genituen, eta jolas-orduan laborategira joaten ginen, landareak nola hazten ziren ikusteko. Irakasle batzuei ere, atseden orduak kendu genizkien, denbora behar genuelako. Arazo handiena denbora falta izan da.
Isabela: Ainhoa gure irakaslearen laguntza aipagarria izan da, oso ona.
Zer sentimendu izan zenituzten zuen proiektua aurkeztuta Elhuyar Zientzia Azokan?
Izadi: Azkenean guk ez genuen ezer espero, proiektuarekin aurrera jarraitu genuen, baina ezerren esperoan. Bilbon geundela, esan ziguten seietarako ez bagenuen mezurik jasotzen ez genuela ezer irabazi. Paseatzen ari ginela, bat-batean deitu ziguten eta ez genuen ezer espero.
Isabela: Esperimentua ikasgai honen parte delako egin genuen, ez genuen inoiz pentsatu gure helburua irabaztea zela. Bat-batean jaso genuen mezua, eta hasieran uste genuen gezurra zela; izan ere, beste hainbat sari txiki daude, “sari bereziak” deitzen direnak. Baina berehala adierazi ziguten sari nagusia irabazi genuela.
Zer ikasi zenuten azokan parte hartu zuten beste proiektuetatik?
Isabela: Ez genituen asko ikusi beste proiektuak, bueno, nik behintzat. Baina bai ikusi genituela egoera eta giroa. Oso jende prestatua zegoela ikusi nuen, beste esperimentu oso interesgarriekin. Gure egunerokoan egiten ditugun gauzak ikerketa batean aplikatzea oso interesgarria iruditzen zait.
Izadi: Azokan egoten gauza bera behin eta berriro azaldu genuen, baina giroa oso ona zen. Ni gustura sentitu nintzen.
Zuen ustez, zer eskaintzen die zuen ikerketak zientzia-komunitateari eta gizarteari?
Isabela: Bueno, uste dut jende askok agian ez duela ulertzen azaldu duguna, baina orokorrean izango litzatekeela kontuan hartzeko lehenengo zenbateko erraztasunarekin hartzen dugun ibuprofenoa; egia da ematen duela kontzentrazio txikia daukala, baina asko hartuta gorputzean pilatzen da. Beraz, mina daukagunean ez da beti egokiena ibuprofeno bat hartzea. Tabakoaren kasuan, ez da ezer berria, denak dakigu zer dakarren, baina behintzat berriro ere kontzientziatzea ez dela osasungarriena.
Izadi: Nire ustez, gure ikerketak adierazten duela zientzia-munduak zer alderdi on eskaintzen dizkigun.
Zein izan da prozesu honetako unerik atseginena?
Isabela: Hasierako emaitzak ez ziren onak izan eta pentsatzen nuen: “Jo, non sartu garen... Zergatik egin behar dugu hau?”. Baina azkenean, denen artean lana bukatzea eta bidali ahal izatea ederra izan zen. Izan ere, ez da bakarrik esperimentua egitea: bideo bat egin behar genuen, poster bat, ekintza desberdinak. Justu azterketekin batera tokatu zitzaigun eta uste nuen ez ginela iritsiko, baina azkenean bukatzea eta bidaltzea oso atsegina izan zen, dena bukatu genuela jakitea.
Izadi: Niretzat, egin genuen lan guztia egin ondoren, amaitzea, hori izan da sari handiena. Egia da irabaztea ere atsegina dela, baina bat nator Isabelarekin.
Etorkizunean zientzia-munduko lanetan ikusten duzu zuen burua?
Isabela: Niri zientzia-munduan lan egitea gustatuko litzaidake, baina ez
ikerketa-munduan. Guk egin dugun esperimentua oso xinplea da, baina
zerbait sakonagoa egiteko, denbora oso beharrezkoa da eta beti ez dira
bilatutako emaitzak lortzen, eta hori pixka bat desesperagarria iruditzen
zait. Baina bai, osasun-munduan lan egitea gustatuko litzaidake.
Izadi: Nik uste dut ikerketa-mundua pixka bat frustragarria dela, guk izan
dugun esperientzia kontuan izanda. Hortaz, ikerketa-munduan ez, baina zientzia-munduarekin zerikusia duen irakaskuntzan aritzea gustatuko
litzaidake, edo horrelako zerbaitetan.
Zer aholku emango zeniekete ikerketa zientifikoko proiektuetan parte hartzea pentsatzen ari diren beste ikasle batzuei?
Izadi: Nik animatuko nituzke, ez bakarrik saria irabazteko, baizik eta prozesua oso polita delako. Beste lekuetako zientzia-ikerketak ezagutzeko aukera ona da, asko ikasten da prozesu honekin, eta ikerketa zientifikoa zer den ikusteko aukera ona da.
Isabela: Nik esango nuke bidea batzuetan aspergarria izan daitekeela, baina dena ezin da ona izan, emaitza txarrek ere ondorio bat daukate. Guk zorte handia izan dugu saria irabazten, baina beti ez da horrela izaten. Bilbo ezagutzeko, gauza berriak ikusteko eta egun ederra igarotzeko merezi du parte hartzeak.
Zerbait gehiago aipatu nahi duzue?
Izadi: Bai, gure klasean beste proiektu interesgarri bat zegoen: haiek isolamenduaren lana egin zuten: “Material ezberdinen isolamendu
termikoa”. Proiektua aurkeztera bi joan ziren, baina taldean lau mutil
zeuden, horien artean Lekunberriko bi: Josu Iribarren eta Unax Navascues. Haiek ez zuten saria lortu, baina prozesuan guk adina lan egin zuten.
Isabela: Ikusi dugu ikasturte osoan guk bezainbesteko lana egin dutela,
eta oso esperimentu interesgarria egin zuten.