Txondorra eraikitzeko unean, antolatzaile nagusia Ondare Kultur Taldea izan den arren, proiektuak hainbat erakunderen ekarpen baliotsua izan du. Alde batetik, beharrezko finantziazioa eta babesa, Lekunberri eta Larraungo udalek eskaini dute; beste aldetik, Miguel Landerrek, Biloriako (Nafarroa) ikazkin profesionalak, zeregin garrantzitsua izan du hasieratik, ez bakarrik bere esperientzia teknikoagatik, baita antzinako tradizio hau zaintzen egindako lanagatik ere.
Azken Muga, Gipuzkoako elkarte artistiko eta kulturalak, txondorraren eraikuntzaren ideia adierazi zuen udaran egin zen bilera batean, eta Guillermo Olmo, bertako zuzendaria prozesuaren laguntzaile izan zen.
Iturraskarri, gainera, funtsezkoa izan zen ekitaldiaren kudeaketan eta antolaketan. Ahalegin kolektibo horri esker, teknika tradizionala suspertzeaz gain, komunitate harremanak eta kultura ondarea indartu dira.
Ikazkintza antzinako ogibide
Txondorra ez da prozesu tekniko bat bakarrik, mendeetan zehar Euskal Herrian praktikatu den artea da. Ikatza ekoizteko metodo tradizional honen bidez, zura modu kontrolatuan egosten da erretzera iritsi gabe ikatz bihurtzeko. Iraganean, hainbat lantokitan erabiltzen zen, metalen industrian eta etxeko sukaldeetan,
adibidez. Juanjok, prozesu honen garrantzi historikoa azaldu du: “XIX. mendera arte, ikatz minerala ez zen erabiltzen gure eskualdean. Horren ordez, landare-ikatza funtsezkoa zen sutegietarako, galdategietarako eta beste erabilera industrial batzuetarako. Gainera, etxeak berotzeko erabiltzen zen, batez ere berokuntza sistema modernoagoak iritsi aurretik”.
Txondorra, trebetasuna, pazientzia eta iraganarekiko lotura sakona uztartzen dituen prozesua da, eta gurean, herentzia kulturalaren ospakizun bihurtu da. Ekitaldi ezohiko honetan, komunitateak bat egin zuen antzinako prozesua berreraikitzeko eta ikatz ekoizpenaren magia bertatik bertara sentitzeko.
Antzinako txondorrak Aralar inguruan
Juanjok adierazi duen modura: “Gorrititik hasita, Uitzi, Etxarri, Aldatz, Madotz, Oderitz, etab. herri horietaraino guztietaraino, mendietan argi ikusten dira txondor-plazak, eta egia esan, gure ingurua josita dago. Aralarko mendietan ehundaka txondor-plaza daude, milaka ez esatearren. Horrek esan nahi du hemen ikazkinen lana oso indartsua izan zela garai batean, ikatz pila ekoizten
zela iraganean eta ikazkin pila egon direla, horien artean, gure arbasoak”.
Baina, nola identifikatu dezakegu iraganeko txondor bat Aralar inguruan?
Juanjok, leku historiko horiek ezagutzeko trikimailua azaldu du: “Txondorra identifikatzeko, ezinbestekoa da lurra behatzea. Lurrean erdi biribilak diren eremuak aurkitu behar ditugu, askotan landaretzaz partzialki estalita daudenak. Gakoa da eremu bat bilatzea, non lurrak kolore beltz bereizgarria duen, euskaraz ‘irudi’ bezala ezagutzen dena, lurra ikaztua izan dela adierazten duena”.
Ekitaldian zehar ikatzaren ekoizpena esanguratsua izan zen. Javierrek, txondorraren errendimenduari buruzko xehetasunak eman ditu: “Sei tona pago egurreko, gutxi gorabehera, ikatz kantitate horren laurdena ekoiztuko zela uste zen. Gure kalkuluen arabera, erabili ditugun 6,000 kg-tik 1,015 kg ikatz inguru lortu ditugu”.
Emaitza horrek, prozesuaren eraginkortasuna, inplikatutako guztien
ahalegina eta ilusioa ere adierazi du.