“DJak izaten,gustuko dugun musika partekatzen dugu”

Mailope Aldizkaria 2024ko aza. 24a, 09:14

Eneko Etxarri eta Izei Ijurko, duela urte bat hasi ziren musika berritzailea sortzen. Lagun baten proposamenari esker, musika munduarekin partekatzen hasi ziren, eta haien abestiek, entzuleen harrera beroa izan zuten. Duela urtebete “Izzei – Las Ganas”, YouTuben argitaratutako lehenengo abestiak, milaka ikustaldi izan zituen. Artista gazteek, reggetoiaren erritmoa erabiltzen dute haien abestiak sortzeko, eta horretaz gain, DJ saioak ere eskaintzen dituzte, gehien bat, gazteentzako musika anitza partekatuz.

Nola sortu zen “DJ Izzei eta Eneko”?
Izei: Egia esan, prozesua motza izan zen. Nire lagun batek, Atallukoa den Oier Goikoetxeak, bertan DJ ekitaldi bat egiteko eskatu zigun. Bere anaiak eta herritarrek, asko lagundu ziguten dena prestatzen, eta bueno, Oierrek bazekien haien eta gure gustu musikalak antzekoak zirela.  Hasiera batean ezetz esan genion, Eneko kanpoan egonen zela uste genuelako, baina azkenean, hemen inguruan gelditu zenez, gauzak prestatu eta animatu ginen. Hasieran nahiko urduri sentitu arren, DJ saioa ongi atera zen. Hori izan zen gure lehenengo agerraldia; ia materialik gabe, ordenagailu bat eta aurretik prestatu genituen nahasketekin, besterik ez.

Eneko: Bai, baina hortik asko hobetu dugu: musika nahasteko mahai bat erosi dugu, eta pixkanaka hobetzen ari gara. Hasieran lotsa apur bat sentitu genuen, baina orain, ongi moldatzen gara. Egia esan, nik beti pentsatzen nuen parrandan gustatuko litzaidakeela musika zehatz bat entzutea eta partekatzea, baina inoiz ez nuen pentsatu DJ izatea.
Izei: Bai, orain guk aukeratzen dugu musika, eta batzuetan eskatzen digutena ere bai. Oso esperientzia interesgarria izaten ari da.

Nola ezagutu zenuten musika?
Eneko: Niri betidanik gustatu zait abestiak entzutea, txikitatik. Familiaren aldetik asko ikasi dut. Beti egon naiz musikaren inguruan, edozein generotan. Egia da gu biok nahiko zentratzen garela musika komertzialean, baina denetarik gustatzen zaigu.
Izei: Enekok esan duen bezala, nire familia ere musika munduan murgilduta egon da betidanik, behintzat instrumentu bat jotzen. Pixkanaka, txikitatik musika ezagutzen hasi nintzen, baina reggaetoia nahiko berandu ezagutu nuen. Lagunek erakutsi zidaten eta poliki-poliki gustatzen hasi zitzaidan, eta orain, hori entzuten dut gehien.

“Musika nahasteko mahai bat erosi dugu, eta pixkanaka hobetzen ari gara” 

Gai honekin zerikusia duen zerbait ikasten ari zarete?
Izei: Ba egia esan, ez. Ni telekomunikazioak ikasten ari naiz, eta bertan, ikasgai bat daukagu musika pixka bat lantzen ari garena, baina ezer zehatzik, ez.
Eneko: Ni ingeniaritza elektronikoa ikasten ari naiz, eta ikasgai bat daukagu, non musikaren uhinak aztertzen diren, baina hori beste kontu bat da.

Nolako musika sortzen eta partekatzen duzue?
Izei: DJ Alvama Ice, Alex Martini eta estilo horretako artistek inspiratzen gaituzte. Oso teknika ona dute eta oso saio politak egiten dituzte. Egia esan, saiatzen gara artista anitzak sartzen, baina partekatzen dugun genero gehiena reggaetoia da. Teknoa ere batzuetan eskatzen digute, eta ondorioz, gure saioetan gehitzen dugu. Horrez gain, euskal kantak ere jartzen ditugu eta rock kantak ere, baina gehien bat musika komertziala. Adibidez: Anuel AA, Bad Bunny eta horrelakoak.
Eneko: Bai, eta gainera, beti aztertzen dugu zein artista itzultzen den, haien musika berriro ere partekatzeko. 

Zein da abesti bat sortzeko egin behar den prozesua?
Izei: Gure lehenengo kanta bertsio moduko bat izan zen, Bad Bunnyk atera zuen abesti batena. Bueno, egia esan, abestia ez zuen kaleratu; Instagrameko zuzeneko batean erakutsi, 
eta hor entzun genuen.
Eneko: Instagramen partekatu zuen unean, nik akordeak atera nituen, oinarria sortu eta lortutakoa Izeiri bidali nion. Nahiko zati itsaskorra zen.
Izei: Gero, letra guztia egin genuen, eta grabatzeko elkartu ginen. Horrela sortu genuen gure lehenengo abestia. 
Eneko: Prozesua normalean nahiko antzekoa izaten da: nik abestien oinarriak egiten ditut lehen aipatu dudan modura, eta gero Izeik gustatzen zaiona aukeratzen du, eta elkarren artean adosten dugu nola egin. Gero nahasketa sortzen dugu eta ondoren, grabaketa. Beranduago masterizatzen dugu, eta hori da dena. Amaitzeko, distribuidorara igo eta listo.
Izei: Bueno, saiatzen gara ere pixka bat promozionatzen.
Eneko: Bai, oraindik ez gara horrekin fuerte hasi, zeren guretzat denbora-pasa bat da. Orduan, ez dakigu; agian, hemendik gutxira saiatuko gara zerbait serioagoa egiten. Hala ere, laster zerbait berria igotzea pentsatu dugu, bost kanta inguruko LP txiki bat. DAW programa erabiltzen dugu kantak egiteko, eta bertan bokalak grabatzen ditugu. Gainera, gure ekitaldietan lortutako diruarekin mikrofono berria erosi genuen eta materiala hobetzen goaz.
Izei: Bai, eta soinu-txartela ere erosi genuen. 

“Gure lehenengo kanta bertsio moduko bat izan zen, Bad Bunnyk atera zuen abesti batena” 

Kanta asko sortu dituzue?
Eneko: Kanta asko egin ditugu, baina asko gordeta daude; oraindik ez ditugu zabaldu. Aurrerago partekatzea da gure asmoa.
Izei: Une honetan, hamarnaka abesti dauzkagu.

Uste duzue zaila dela jendea dantzatuaraztea?
Izei: Egoerak baldintzatzen du hori, asko aldatzen da dagoen giroaren 
arabera. Azkenean, adin desberdinetako jendea baldin badago, zailagoa da hori lortzea.
Eneko: Hor musika zehatz bat bakarrik erabiltzea zailagoa da. Guk, adibidez, jende gaztearentzat badakigu zer musika mota erabili, eta erraz dantzatzen dutela ikusten dugu.

Zuen ustez, nolakoa da gaur egungo musika joera? Eta hemendik urte batzuetara, zer uste duzue entzungo dela?
Eneko: Nire ustez, gaur egungo musika komertzialean, jendeak kanten osotasuna bilatzen du: doinu pistak burua guztiz betetzea. Nik gauza sinpleagoak nahiago ditut, baina hala ere, horrelako abestiak gustuko ditut. 
Izei: Bai, eta letra edo kanta itsaskorra sortzea ere oso garrantzitsua da.
Eneko: Gainera, aipagarria da musika komertziala nahiko antzekoa bilakatzen ari dela. Askok abesti guztiak doinu berdinetan kantatzen dituzte, eta hori nabaritzen da; zerbait monotonoa bilakatzen ari da.
Izei: Hemendik urte batzuetara zer entzungo den jakitea oso zaila da. Azkenean, aurreko belaunaldiek ez zekiten zer zen reggaetoia, beraz... 
Eneko: Aurrerago, nire ustez, betiko generoetako abestiak egingo dira, baita teknoa eta honen deribatuak ere.
Izei: Arrakastatsuenak genero mugituak izango direla pentsatzen dugu. Azkenean, reggaetoiak dantzatzeko erritmo bikaina dauka.
Eneko: Jendeak oso gustuko du hori, baina posible da beste genero bat sortzea.

Egiten duzuen musika guztia erdaraz da? 
Eneko: Bai, dena erdaraz egiten dugu. Azkenean, gure inspirazio gehienak horrela dira. Erritmo latinoak egiten ditugu, eta ez dugu hizkuntza hainbeste begiratu arlo horretan, gure erreferente gehienak musika erdaraz sortzen dutelako. Baina orain pixka bat banantzen ari 
gara, eta gure estilora eramaten.
Izei: Polita izango litzateke, kasu hipotetiko batean, gure musikaren jarraitzaile kopurua handitzen hasten denean eta audientzia zabaltzen dugunean, bat-batean euskarazko kanta bat ateratzea.

“Egiten dugun musika erdaraz da, baina euskarazko kanta bat ateratzea polita izango litzateke” 

Baduzue proiekturik etorkizunerako?
Eneko:
Gure helburua lehen aipatu dugun EPa (Extended play) ateratzea da. Dena ahalik eta hoberen egiten ari gara: soinu hoberenak bilatzen, nahasketak zaintzen... Gero bideo bat ere atera nahi dugu, zerbait interesgarria egin nahi dugu proiektu honetan.
Izei: Orain arte, beti kantak distribuidorara igo eta kito, baina orain pauso txiki bat eman nahi dugu.

Baduzue aholkurik musika egiten eta DJ izaten hasi nahi duen jendearentzat?
Izei:
Bai, pausoa ematea. Niri, adibidez, musika egiteak hasiera batean lotsa ematen zidan, eta lehenengo abestia atera genuenean, ingurukoek zer esango zuten pentsatzeak urduri sentiarazten ninduen. Egia esan, zortea izan dugu; jendeari gustatzen zaio egiten duguna.
Eneko: Probak egitea ere oso garrantzitsua da, zeren azkenean gure lehenengo eta azkeneko kantak oso desberdinak dira. Orain egiten ditugun abestiak hasieratik asko aldatu dira. Nire ustez, frogatzen lortzen da aurrera pausoa ematea.
Izei: DJ izateko, dirudi norbaitek kontratatu behar zaituela. Baina pixkanaka prestatzen hastea aukera ona da. Instagrameko kontu bat egin eta bertan nahasketak partekatzea modu egokia da sortutako musika mundu guztian zabaltzeko. 
Eneko: Azkenean, sare sozialek nahiko indarra daukate horretarako. Benetan gustatzen bazaizu eta ongi egin dezakezula uste baduzu, ba, aurrera. Agian lehenengo aldian ez da nahi 
bezala aterako, eta errealitate kolpe bat jasoko duzu, baina konfiantzarekin proba egitea garrantzitsua da.