Zintzarri hotsa isildu ez dadin

Mailope Aldizkaria 2024ko abe. 9a, 20:02

Josetxo Goldarazena, Angela Goikoetxea, Olatz Altuna, Ander Mikeo, Aiala Razkin, Eider Martirena eta Ibai Martirena

IX. Nekazari Eguna ospatu zen Lekunberrin irailaren 1ean, azkeneko alditik zortzi urtera, eta ganaduzaleak pozik daude feriak izandako harrerarekin. Gazteen eta emakumeen presentzia nabarmendu dute gehienbat, behorretan segida izanen den seinale.

Lekunberriko errepideetan ez zebiltzan autoak joan-etorrian irailaren 1eko goizean, behorrak baizik; apoen zanpa-zanpa eta zintzarrien mihiri hotsak aditzen ziren bazterretan. Desfilean ailegatu ziren aziendak herrira, bi muturretatik. Ganaduzaleak sokei eusten, eta herritarrak ikusmiraz haiei so. Urteak ziren Lekunberrin Nekazari Eguna ospatzen ez zela, zortzi urte zehazki, baina IX. ferian bildu zen jendetza ikusirik argi dago urte hauetako etenak ez duela itzali gure ibarrean behorretarako eta oro har aziendarako dagoen zaletasuna. Larraungo eta Lekunberriko udalak, Cederna Garalur, Plazaola Partzuergoa eta ganaduzaleak elkarlanean aritu dira feria eguna antolatzeko, eta behorzaleak behinik behin pozik daude egunak emandakoarekin. 

Ehun abelburu inguru juntatu ziren ferian; behiak, astoak, ardiak… denetariko animaliak ekarri zituzten abeltzainek Lekunberrira, baina behorra izan zen protagonista nagusia, Burgete arrazako behorra. 2016ko azken feria egun harekin konparatuta, baina, aurtengoak bazuen berezitasun bat: lehiatzeko ez, ganduzaleek beren aziendak erakusteko antolatu zuten Nekazari Eguna, esposizio modura. Horrez gain, behorrak saltzeko eta erosteko abagunea ere izan zen, nahiz eta, Josetxo Goldarazena behorzaleak azaldu bezala, horrek tradiziorik ez izan inguru honetan: “Ez da erraza lehendabiziko urtean azienda ekarri eta erostunak etortzea, baina saiakera egin genuen”. Eta baita lortu ere.

Esnetarako behiak behera, behorrak gora
Izan ere, soka luzea duen feria da Lekunberriko Nekazari Eguna. 1988an egin zen lehendabiziko aldiz, eta orduz geroztik abeltzaintza dezente aldatu dela kontatu dute ganaduzaleek. Gaztetan ere ezagutu omen zuen etxean behorra Angela Goikoetxeak, Araitzen bertan, eta Larraunen ere beti egon izan direla gogoratzen du, “behor onak, gainera”. 

Hala ere, garai haietan esnetarako behiak indar handiagoa zeukan gurean behorrak baino, eta orduko ferietan ere behiak gailentzen ziren. Hala omen zen ordena barrutiko belar gozoa mozteko: esnetarako behiek aurrena, ardiek ondoren, eta, dena garbi zegoenean, behorrek mozten zuten, behi esnearen produkzioa baitzen abeltzaintzaren ardatza. Gaur egun, aldiz, makina bat behorrek moztuko du garai batean behientzako ziren larreak.

Uitziko Eider Martirenak ere txikitatik ikusi ditu behorrak etxean, aitak betidanik izan baititu, baina azaldu du berak ez diela beti erreparatu izan: “Umetan zeozer ibiltzen nintzen behorretan, baina gero ez, eta 17 urtetatik hona lagundu izan diot, baina denbora batean ez. Aitak lehen ere ekartzen zituen behorrak Nekazari Egunera, eta premio batzuk ere irabazi izan ditu”. Aurten, gainera, alaba bera atera zen etxeko behorrekin desfilatzera, ordu hartan ez bezala.

Baina ez zen izan behor artean ibili zen emakume bakarra; Arribeko Ander Mikeo eta bere arreba ere Lekunberrin izan ziren etxeko aziendarekin, haiek ere txikitatik ikusi baitituzte behorrak haienean. “Aitak betidanik izan ditu behorrak, eta osabak ere bai”. Lekunberrira ez ezik, Urdazubira ere eraman zituzten behorrak mikeotarrek irailean; han bai, lehiatzera, eta baita sariak lortu ere.

Lehen, emakumerik ez
Inor gutxi harrituko da segur aski gaur egun emakumeak halako feria batean ikusteaz, baina, ganaduzaleek gogoratu dutenez, orain dela gutxi arte ez zen batere ohikoa izaten, eta 2016ko azken hartan ere gizonezkoak izan ziren plazara atera ziren ia denak. Olatz Altuna azkaratearra izan zen VIII. ferian behorra hartuta plazara atera ziren emakume gutxietariko bat, eta ongi gogoan dauka egun hura. “Eskerrak aldatu den”, nabarmendu du atzera begirakoan.

“Bazen garaia”, esan du Berueteko Aiala Razkinek. Gehitu du Altsasuko behor ferian ere atera zirela plazara emakumeak, eta orain arte gizonaren itzalean egindako lana azaldu du: “Gure etxean ere amatxiren izenean daude behorrak, baina jendeak Navarro [gizona] ezagutzen du. Lehen azienda emaztearen izenean jartzeko ohitura zegoen, eta oraindik ere badago, gizonak etxetik kanpo egiten baitzuen lan, eta emakumeak, berriz, etxean”. 

Zalantzarik gabe, mugarri bat jarri du aurtengo Nekazari Egunak, eta behorzaleek espero dute heldu diren urteetan ere antolatzea feria gurean. “Beste okerrik ez bada, berriz egingo da!”, bota du Ibai Martirenak. Alabaina, argi daukate gazteen bultzada gabe eta aurtengorako izan duten ilusioari eutsi gabe ezinezkoa dela horrelako ekitaldiak aurrera eramatea. Azken finean, hori baita gehien gustatu zaiena, elkarri laguntzeko egon den prestutasuna eta denen artean lortu dutena. Azienda denena baitzen egun hartan, ganaduzale guztiena.