elkarrizketa

Muxu baten truke

Mailope Aldizkaria 2024ko abe. 26a, 08:41

Laura Saigos Beteluko artista gazte eta sortzailea da. Haren obrak ilustrazioaren, argazkigintzaren eta gorputzaren adierazpen artistikoaren inguruan garatzen dira. Heziketa sexualarekin lotutako gaiak eta edertasunaren ohiko estereotipoei aurre egitekoak dira bere lanetan ikus ditzakegun ardatz batzuk.

Saigosek Valentziako Bac. Artea, politika eta kultura gunean inauguratu du Musu-truk izeneko erakusketa berria, eta bertan, ikusleek gorputzari eta sexualitateari buruzko hausnarketa aske eta sakona egin dezakete, tabuak alde batera utzita.

Nola piztu zitzaizun artearen inguruko interesa?

Txikitatik, artearekin konektatuta sentitu naiz. Marraztea eta eskulanak egitea gustatzen zitzaidan, eta maiz, lagun batzuekin elkartzen nintzen marrazteko. Bederatzi urte inguru nituela, argazki kamera bat oparitu zidaten eta bertako landareei argazkiak ateratzen hasi nintzen, xehetasun txikienak harrapatu nahiean. Geroago, nire lehen aurrezkiekin argazki kamera hobea erosi nuen,
eta handik aurrera teknologia sortzaileen inguruko interesa piztu zitzaidan. Diseinu grafikoa ikasi nuen, eta horrek argazkigintza eta marrazki digitala uztartzeko aukera eman zidan. Valentziara bizitzera joan nintzenean, heziketa sexualarekiko interesa piztu zitzaidan eta nire obrak norabide horretan garatzen hasi nintzen. Sare sozialetan argitaratzen nituen nire lanak, baina Instagramen, adibidez, partekatzen nituen argazkiak zentsuratu egiten zizkidaten. Horrek gorputzaren biluzia beste era batera lantzera eraman ninduen: marrazki eta collage artistikoak sortzen hasi nintzen.

Mundu artistikoan egiten duzu lan?

Profesionalki ez; proiektu pertsonalak egin ditut, lagunekin, diseinatzailea ere izan naiz departamentu desberdinetan, baina oso zaila da. Valentzia hiri bat izan arren, askoz errazagoa da ildo honetako lana Bartzelonan edo Madrilen bilatzea. Orain diseinu grafikoarekin zerikusia duen master bat egiten hasi naiz;
Motion Graphics izena du eta bertan, pelikuletako animazioak, sarreratxoak eta bideo mundu horretan lotuta dagoen ilustrazioa lantzen da.

Zer arte mota sortzen duzu?

Nire lan gehienak gorputzarekin lotuta daude: argazkigintza, ilustrazioak eta batzuetan biak nahastuta uztartzen ditut. Oso zaila da modelo bat bilatzea, eta are gehiago biluzik posatu nahi duen norbait aurkitzea. Horregatik, nire obra gehienak autoerretratuak dira. Ispiluekin eta argi-itzalekin jolastea maite dut,
gorputzaren formak deformatzeko eta ohiko edertasun arauetatik ateratzeko.

Gaur egun, teknologia ezinbestekoa da arte munduan...

Bai, nik Photoshop eta tableta digitala erabiltzen ditut ilustrazioak eta edizioak egiteko. Artea tradizionalki lantzea gustatzen zait, akrilikoekin adibidez, baina errealitatean, teknologiarekin azkarrago eta garbiago egin daiteke lan. Gainera, baliabide guztiak eskuragarri daude plataforma bakarrean. Hala ere, beti azpimarratzen dut oinarriak ikastea garrantzitsua dela, eskuz marraztea eta teknika tradizionalak ulertzea ezinbestekoa da hasieran. Oinarri teknikoa ezin
da alde batera utzi, nahiz eta gero teknologiarekin beste aukera artistiko
batzuk esploratu.

Zer da Musu-truk?

Musu-truk hitza asko gustatu izan zait betidanik. Valentziako jendeak ez du hitza ezagutzen, baina erakusketan azaltzen da. Azkenean, hitzak esaten duen bezala, erakusketa muxu baten truke da, dohainik, eta edonor joan daiteke ikustera. Musu baten truke, nire artea erakusten dut.

Bertan, 22 argazki eta 10 ilustrazio inguru daude. Erakusketa hilabete baterako antolatu zen hasieran, baina, Dana ekaitzak sortutako egoeraren ondorioz, luzatu egin da.

Erakusketaren inaugurazioan, urriaren 20an, hitzaldi ireki bat antolatu genuen. Bertan, hainbat gai jorratu genituen: erlazio irekiak eta itxiak, taldeko sexua, eta
gorputzarekin lotutako esperientziak partekatu ziren. Oso aberasgarria izan zen ikuspegi desberdinak entzuteko espazio bat sortzea. Nik ez dut heziketa sexualeko hezitzailea izateko formakuntzarik, baina irakurri eta entzundako guztiarekin parte hartzeko aukera izan nuen. Ikusle mordoa bildu eta iritzi desberdinak partekatu genituen; oso interesgarria izan zen.

Gai hau gehiago lantzea beharrezkoa dela uste dut.

Nola eta non lortu daiteke zure obra artistiko bat?

Argazkiak aterazteko, artelan bat lortzeko edo pin bat eskuratzeko, norbaitek erosi nahi badu, Instagrameko kontutik idatzi eta postaz bidaltzen dut. Hau da kontuaren izena:

@iirrintzi

Beraz, helburu nagusia...

Nire artearen helburu nagusia gorputzaren inguruko beldur eta lotsa gainditzea da. Gorputz biluziak ez dira zertan sexualak izan. Gizarteak ezarritako edertasun arauak eta estereotipoak gainditzeko garaia da. Titiburu bat titiburu bat da, eta ez da ezer gertatzen!

Gorputzak norbanakoaren adierazpena dira, eta naturaltasunez bizi behar dira. Edertasuna subjektiboa da, eta gorputz bakoitza berezia eta ederra da bere
horretan.