Arkaitz Goikoetxea 30 urte hauetako ibilbidearen eta etorkizunari begirako erronken inguruan mintzatu zaigu.
Nolakoa izan da Plazaolaren ibilbidea?
Bi fase nagusi izan dituela esango nuke. Alde batetik, hasieran, udalak eta kide pribatuak gutxi ziren, eta Natur Bidea proiektuaren ardatz bakarra zen. Zailtasun ekonomiko handiak ere izan ziren. Hala ere, 2015ean udalen kuotak bikoiztu egin ziren eta Plazaolak gorakada eman zuen. 30 urteko ibilbidearen ondorioz, Partzuergoa erreferentziazko erakunde bihurtu da, eta gainera, Natur Bidea Iruñeraino iritsi da aurten, 55 km-ko luzera duen ibilbidea osatuta.
Beste aldetik, 2021ean fase berri bat hasi zen. Parte-hartze prozesu baten bidez, turismo estrategia berria zehaztu zen. Eta orain, Plazaolak naturarekin lotutako turismo jasangarria sustatzen jarraituko du, baina baita gure kultura,
ohiturak eta hizkuntza ere.
Zein dira azken aurrerapen garrantzitsuenak?
Turismo Bulegoan, berrikuntzak egiten hasi da Turismo Saila. Obrak lau hilabete inguru iraungo du eta hainbat hobekuntza eginen dira efizientzia energetikoa hobetzeko. Gainera, aurrerago, Nafarroako Gobernuak 12 kilometro birmoldatuko ditu mugikortasun zailtasunak dituztenentzat. Eta horretaz gain, Europako diru-laguntza berriak sortu dira, PSTD eta ACD deiturikoak, Cederna Garalurrek kudeatzen dituenak. Laguntza ekonomiko hauei esker, hainbat azpiegitura sortu eta berrituko dira.
Nola uztartzen dituzue turismoa eta jasangarritasuna?
Natur Bidea oso lotua dago bizikletari eta oinezko txangoei, eta jarduera gutxi izango dira horiek baino jasangarriagoak. Gure paisaia eta kultura ondare aberatsa erdigunean jartzeak ere indartu egiten du jasangarritasunaren ikuspegia: jendea etortzera gonbidatzen dugu, non gauden eta zer garen ikusi eta aintzat hartzera.
Zure ustez, zein dira Plazaolaren lorpen nagusiak?
30. urtean, Plazaolak gure lurraldea egituratu du eta turismorako helmuga erakargarri bihurtu du. Beste herrialde batzuetara joan, eta Plazaola erreferentzia bat da. Udalen inplikazioa handitzea eta sendotzea ere lorpen handia izan da, eta kide pribatuak erakartzea ere bai. Gaur egun, 100 baino gehiago dira. Horiek zaintzea dagokigu.
2021ean egin zen parte-hartze prozesuari ere balio handia ematen diot, epe luzeko turismo eredua eta estrategia finkatzeko balio izan zuelako: jasangarria, Natur Bidetik haragoko eskaintza dibertsifikatuko duena, zikloturismoa eta natura erdigunean izango dituena, eskualde osora begira dagoena, eta komunikazioan indarra jarriko duena.
“Bide Berdeen Eguna” ere jarduera arrakastatsuen artean kokatzen da. Bizikleta eta oinezko txangoekin batera, jai giroko egitasmoak antolatzen dira, eta eskualdeko dinamizazioan eragin positiboa dute.
Amaitzeko, “Emakume Artzainen Eguna” ere nabarmentzekoa da, emakumeen lanari ikusgarritasuna ematen dion egun berezia delako.
Etorkizunera begira, zein dira erronka nagusiak?
Natur Bidea Iruñeraino iritsi delarik, Plazaolatik kanpo dauden beste udalerriekin elkarlanerako bideak esploratu behar ditugu. Nafarroako Gobernuarekin ere lan handia dugu egiteko Natur Bidearen inguruko
mantentze-lanen inguruan. Eskaintza turistikoari dagokionez, Natur Bidetik
harago, gure kulturarekin lotzeko balioko duten benetako esperientziak
sortu beharko ditugu, eta horretarako, promozioan eta komunikazioan asmatu egin beharko dugu. Komunikazio plana egitea funtsezkoa izango da.
Leitzako geltokia konpontzen eta atontzen dutenean, hiru geltoki izango ditugu, Latasa-Lekunberri-Leitza, eta horiek eskaintzaren barrenean saretzeak aukera berriak sortuko lituzke.
Gainera, azken urteotan, Plazaola indartzeko, digitalizazio arloa aktibatu dugu. Sare sozialetan presentzia handitu dugu eta, komunikazio plan berriei esker, erakunde moderno eta ikusgarria sortu da.
Plazaolaren etorkizuna bide argiz dator, eta ezin dugu aurrera jarraitu orain arte bidea erraztu duenari eskerrak eman gabe. Gustavo Ortiz de Barronek bederatzi urtez bertako gerente gisa egin duen lana funtsezkoa izan da, Partzuergoak erronka handiak izan dituenean batez ere. Plazaolaren Egonkortasuna bermatzeko, langileak motibatzeko eta taldea eroso sentiarazteko zuen gaitasunaren falta nabarituko dugu, eta baita bere lan miresgarria ere. Eskerrik asko bihotzez, Gustavo, egindako lanagatik eta utzitako arrastoagatik. Haren ordez, Maitena Ezkutari izanen da gerente berria eta ongietorria egin nahi diogu. Plazaola inoiz baino indartsuago dago, eta denbora luzez horrela jarraitzea eta hobekuntza berriak egitea espero dugu.