“Fanfarrea ez da soilik musika talde bat, elkarlanaren zati bat da”

Mailope Aldizkaria 2025ko ots. 11a, 07:48

Aurten, Betelun inoiz izan den lehen fanfarre taldea sortu da
abesti tradizionalak jo, praktikatu, eta aldi beran bertako musika maitaleen harremanak indartzeko. Proiektu berezi honetako kide bakoitzak bere doinua eskaini, eta bide batez, herriko kalejirak eta ekitaldiak musika eta alaitasunez betetzeko aukera zabaldu du.

Betelu eta Araitz ibarreko musikak kulturaren oinarri sendoa osatzen du, denboran zehar festa eta ospakizunetan funtsezkoa izan delako herriaren identitatea eta kulturaren ondarea mantentzeko.

Araitz ibarrean, adibidez, musika tradizionalak beti izan du presentzia handia, bereziki herriko festetan eta ospakizunetan, baina baita eguneroko bizitzan ere. Azken urte hauetan txistua eta akordeoia izan dira ekitaldi kultural gehienetako laguntzaile nagusiak, Araitz-Beteluko Kulturaldian adibidez, antolatutako musika eta dantza jaialdiak eskualdeko kultura eta musika tradizioak bizirik mantentzea ahalbidetu du, eta horrek herriko bizitza soziala eta kulturala aberastu ditu.

Fanfarre honek herriko kultura musikalari osagarri berri eta berezi bat eskaini dio, izan ere, eskualdeko bederatzi musikarik osatzen dute, melodia tradizionalak interpretatzen dituzte eta kalejiretan eta ekitaldi komunitarioetan jotzeko prest daude. Gainera bertako herritarrek diotenaren arabera, fanfarre honek alaitasunez betetzen ditu Betelu eta Araitz inguruko kaleak, eta, musikaz gain, elkarlana uztartzen du herriko tradizioaren eta modernitatearen arteko nahasketa interesgarria izanik.

Betelu eta Araitz haraneko musika historia, beraz, harremanen adierazlea da. Belaunaldi ezberdinen joan etorriek musika tradizioa bizirik mantentzea lortu dute, eta baita egungo garaietara egokitzea ere, belaunaldiz belaunaldi transmisioan oinarrituz.

Gogoa, doinuaren iturri Bederatzi musikarik osatzen dute taldea eta bakoitzak bere instrumentua jotzen du: Leire Satrustegi (Alli) irakaslea fanfarrearen gidaritzaz arduratzen da; Idoia Garmendiak (Betelu) eta Mirentxu Eskamendik (Betelu) zeharkako txirularen doinu leunekin laguntzen dute; Adur Cobosek (Atallu) eta Urko Gorostidik (Azkarate) saxofoiak jotzen dituzte, musikari inda-
rra eta sakontasuna emanez; Yolanda Eskamendik (Betelu) eta Maria Ange-
les Urrizalquik (Betelu) akordeoiarekin giro goxoa sortzen dute; Josune Ochotorena (Betelu) klarinetearen doinu biziaz arduratzen da; eta Angel
Rekalde (Betelu) eta Ramon Ascaray (Gaintza) erritmoaren gidari dira, atabal eta bonboaren bidez.

Fanfarrea sortzeko ideia bat-batean jaio zen, Beteluko kaleetan dantza eta musika uztartzen zituzten une txiki batean. Hasieran bertako herritar batzuk instrumentu gutxirekin ekitaldietan jotzen aritzen ziren, baina geroago, taldean gehiago batzeko nahia sortu zen, eta Aralar Musika Eskolaren laguntzarekin, gaur egungo fanfarrea eratzea erabaki zuten. Ondorioz, taldearen gidaritzan Leire Satrustegi jarri zen, musika tradizioan eta talde lanetan esperientzia handiko irakaslea.

Fanfarreko partaideek hainbat helburu dituzte: instrumentuak jotzeak eskaintzen duen poztasuna bizitzea, musika ikasi edo ahaztutako teknika berreskuratzea eta herriko ekitaldietan eta kalejiretan jotzea. Fanfarrearen errepertorioa Euskal Herriko kantu tradizionalek osatzen dute, gehienbat.