Araxes Herri Kirol Taldeko kadeteak, Nafarroako Herri Kirol Jokoen finalean sailkatu dira

Mailope Aldizkaria 2025ko api. 8a, 10:38

Pasa den igandean gauzatutako laugarren kirol jardunaldi berezia izan zen. Gure eskualdeko Araxes Herri Kirol Taldeak antolatutako egitasmoa primeran joan zen, eta bertan egon ziren herritarren laguntza ezinbestekoa izan zela adierazi zuten antolatzaileek. (Argazkiak: Juan Antonio Garaikoetxea)

Kirol arloan, etxean jokatzeak indar berezi bat piztu zuen gure kirolarien artean, eta lan bikaina egin zuten, emaitza onuragarriak lortuz.

Kimuek beren txanda nagusitasunez irabazi zuten, eta, denera, emaitza txukuna lortu zuten. Sailkapen orokorrean erdialdean sailkatu ziren, aurtengo txapelketa bukatu da txikienentzat. Haurrek, ordea, aurrekoetan izandako emaitza txarrei buelta eman zieten, eta postu itxurosoa lortu zuten orokorrean. Hauen txapelketako partaidetza ere hemen bukatu da.

Egun bikaina borobiltzeko, kadeteak finalean sailkatu ziren, bai proba konbinatuan, bai sokatiran. Finala apirilaren 13an izango da, Altsasun, goizeko 11:00etan.