Ttutturre Kirol Elkarteak Bortziriako Itzuliaren 4. etapa antolatu du

Mailope Aldizkaria 2025ko api. 24a, 12:03

Ttutturre Kirol Elkarteko mendizaleak txangoan. Argazkia: Idoia Igoa.

Ibilaldia apirilaren 27an izango da, datorren igandean. Bortziriako Itzuliarekin jarraitzeko asmoz, mendizaleek Eskisaroi lepotik Lizarrieta mendatera doan tartea egingo dute.

Lekunberriko frontoian gelditu dira, goizeko 7:30ean. Ibilbide luzea egin nahi duten parte hartzaileek Eskisaroi lepoa utzi eta GR-11 bidetik jarraituko dute, kostalderantz, Zentinela mendiaren gailurrera igotzeko. Ibilbidean, aztarna megalitiko ugariko eremu bat zeharkatu beharko dute, eta ondoren, Iparraldeko lurretan, Arxuria edo Peñaplata tontorrera iritsiko dira. Geroago, mugarriak bisitatuko dituzte, Etxalarko Usategien inguruetatik igaroz Lizarrietako portura iritsi arte. Ibilbide honen iraupena 5 ordu eta 15 minutukoa da.

Ibilbide laburrean, GR-11ko marka gorri eta zuriak jarraituko dituzte, baina Zentinela eta Arxuriako tontorrak igo gabe. Ibilbide lasaiagoa da eta Etxalarko Usategi famatuak ezagutzeko aukera izango dute. Ondoren, Lizarrietako portura iritsiko dira. Ibilbide honen iraupena 3 ordu eta 15 minutukoa izango da.

Eguna amaitzeko, partaideak autobusez joango dira Sunbillara, Elortxuri jatetxera, aurreko etapetan bazkaldu zuten tokira. Autobusak Auzan egingo du geldialdia.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, gaur, apirilaren 24an, bazkarian izena emateko azken eguna da.