Parte-hartze anitza Ziklotur Plazaolan

Mailope Aldizkaria 2025ko mai. 9a, 13:34

Lekunberri – Uitzi – Lekunberri arteko 10 km-ko ibilbide zirkularra. Argazkia: Plazaola Partzuergo Turistikoa.

Joan den igandean, maiatzaren 4an, ospatu zen Ziklotur Plazaola 2025 martxa  Lekunberrin, Bide Berdeen XXV. eguna dela eta.

Eguraldiaren iragarpen txarren ondorioz parte-hartzea espero baino txikiagoa izan zen, baina jardunaldia giro ezin hobean burutu zen, adin guztietako pertsonek ekintza ezberdinez gozatu baitzuten, Plazaolako ingurune naturalean eta mugikortasun jasangarriaren inguruan.

Plazaolako Turismo Partzuergoak antolatua, eta Lekunberriko Udala, Ed+ Zerbitzuak eta  zikloturismo sektoreko enpresak laguntzaile, eguneko jarduerek bizikletaz zein oinez  egiteko ibilbide ezberdinak eskaini zituzten.

Basaburua Bizikleta Eskola. Argazkia: Plazaola Partzuergo Turistikoa.

Ekitaldiak lau bizikleta-ibilbide aukera eskaintzen zituen, guztiak tren zaharraren trazadura berreskuratuan edo Eurovelo 1 sareko zatietan barrena. Hasiera batean aurreikusita  zegoen Doneztebe – Lekunberri ibilbidea bertan behera utzi behar izan zen eguraldi txarraren eta erorketen arriskuaren ondorioz. Hala ere, Jauntsarats eta Latasatik abiatutako ibilbide laburragoak egin ziren, Basaburuko bizikleta eskolako haur talde jator batekin.

Publiko familiarerako pentsatuta, Lekunberri – Uitzi – Lekunberri arteko 10 km-ko ibilbide zirkularra izan zen arrakastatsuenetako bat, adin guztietako pertsonei zuzendua eta ingurunea modu seguruan ezagutzeko aukera bikaina eskainiz.

Goizean zehar, partehartzaileek atseden hartu eta indarrak berritzeko aukera izan zuten Lekunberriko Kantinan, non edaria bidonetan eta beira birziklagarrietan zerbitzatu zen, jasangarritasunarekiko konpromisoari eutsiz.

Jardunaldiari kolore eta umorea eman zion kaleko antzerki ikuskizunak, “Jaxinta eta Lutxi” pertsonaia bereziekin, Donostiako Kontxatik bizikletaz etorriak.

Antzerkia eta Txalaparta. Argazkia: Plazaola Partzuergo Turistikoa.

Lekunberriko Txalapartariak. Argazkia: Plazaola Partzuergo Turistikoa.

Eguerdian, berriz,  txalaparta erakustaldia eskaini zen, hasiera batean Lekunberriko Peñan aurreikusita zegoena, baina eguraldiagatik geltokira lekualdatua. Musikariek instrumentuaren jatorria azaldu zuten, eta parte-hartzaileak animatu zituzten makilak eskuan hartzera. 

Jardunaldiak Plazaolako Bide Berdea balioan jartzeko helburua bete zuen, mugikortasun aktibo eta turismo jasangarrirako gune gisa.