Nere, nutrizioan aditua da, eta Maddi, berriz, osasun publikoko erizaina. Haien ezagutza, ikuspuntu desberdinak eta esperientziak ezinbestekoak izan dira herritarrak burujabetzeko. Autozainketa ohitura txikien bidez landu daitekeela diote, eta haien ikastaroetan, bizitza osasuntsu bat bermatzeko tresnak partekatu nahi dituzte.
Nolatan sortu zenuten Autozaintza ikastaroa?
Nere: Elikadura eta Nutrizioaren Zientziak Gradua amaitu nuenean, elikadura integratibo holistikoak aztertzen hasi nintzen: naturopatia, medikuntza txinatarra, belarrak, eta abar. Hasieran, belar-denda batean egiten nuen lan, eta ondorioz, autozainketa garrantzitsua zela ikusi nuen. Ringana proiektua nire azalean neukan arazo batengatik ezagutu nuen. Onuragarria zela ikustean nire proiektua sortzea erabaki nuen. Izan ere, Ringanak, bazkide egiteko aukera eskaintzen du. Geroago, Maddi, nire ahizpa ere proiektura batu zen.
Maddi: Amak eta biok animatu genuen Nere proiektua garatzera, eta azkenean ni ere bazkide egin nintzen. Nere baino "ausartagoa" naiz sare sozialak kudeatzen, eta horretan lagundu diot. Gainera, ni erizaina naiz, osasun publikoan egiten dut lan, eta nire ezagutzak eta bizipenak partekatu nahi nituen.
Beraz, Beteluko udaletxera joan ginen eta han proiektua aurrera eramaten lagundu ziguten. Geroago, Doneztebeko dekorazio-denda bateko arduradun batek hitzaldi bat emateko deitu zigun, bertako sinergiak lantzeko.
Nere: Horretaz gain, duela aste pare bat, Zarautzen elikadura eta suplementazioari buruzko hitzaldi bat eman nuen.
Une honetan, pozik sentitzen gara, jendearen interesa handitzen ari dela ikusteak zabaltzen jarraitzera animatzen gaitu.
Maddi: Ringanako produktuek badute bere balioa eta kostua, baina jendea autozainketaren garrantziaz kontzientziatzea da garrantzitsuena. Zenbat eta gehiago zabaldu, orduan eta onuragarriagoa da.
“Ringanako produktuek badute bere balioa eta kostua, baina jendea autozainketaren garrantziaz kontzientziatzea da garrantzitsuena” Maddi
Zein da zuen helburua?
Nere: Lan egiten dudan kontsultara jende ugari joaten da pisua galtzeko, irabazteko edo kirol-nutrizioa lantzeko, baina nik beti helarazten diet osasuntsu bizitzea dela garrantzitsuena. Ez da elikadura soilik, natura, toxikoak saihestea, emozioak zaintzea, etab. horiek guztiak ere bizitza osasuntsu bateko ezinbesteko osagarriak dira.
“Gure eguneroko bizimoduak gaitzak sortzen ditu” Nere
Maddi: Egunean-egunean, gaitz ugari ikusten ditugu gure lanetan, eta horrelako egoerak aurreikustea da gure asmoa. Hasieran, ikasten ari ginenean, elikadura eta kirola ziren ardatz nagusiak, baina denborarekin, konturatu gara beste alderdi asko lantzea beharrezkoa dela. Guk gure bizipenetatik ikasi dugu, badakigu Ringanako produktuak lagungarriak direla eta gure ezagutzak partekatu nahi ditugu.
Nere: Gure eguneroko bizimoduak gaitzak sortzen ditu. Eta emozioek ere eragin handia dute. Egia da tailerretan elikaduratik abiatzen garela, baina amaieran emozioen kudeaketa, kosmetika eta bestelako gaiak ere lantzen ditugu. Osasuna bere osotasunean lantzen saiatzen gara.
“Egunean-egunean, gaitz ugari ikusten ditugu gure lanetan, eta horrelako egoerak aurreikustea da gure asmoa” Maddi
Nolako produktuak eskaintzen dituzue?
Maddi: Ringanak filosofia berezia dauka: “kosmetika naturala, freskoa, eta ingurumena errespetatzen duena”.
Lehenik, aurpegirako kosmetika: errutinak, gorputzerako produktuak, gelak, xanpuak... baita kirolerako eta osasunerako osagarriak ere. Eguzkitako kremak ere eskaintzen ditugu, toxikorik gabekoak eta D bitamina asimilatzen uzten dutenak.
“Ringanaren filosofiak dionez: autozainketa eta ingurumenaren zaintza ezinbestekoak dira” Nere
Zein profiletako jendea joan da ikastaroetara?
Maddi: Gehienak emakumeak dira. Momentuz 4-6 laguneko talde txikiak osatu ditugu, bertan gertutasuna eskaintzeko, eta jendeak galderak lasai eta eroso egiteko.
Nere: Nagusiki, 30-45 urteko emakumeek parte hartzen dute gure ikastaroetan. Egun, emakume askok, oso gaztetatik, produktu kosmetikoak erabiltzeko presioa jasaten dute, eta horrek ere osasunean eragin handia du. Emakumearen presentzia garrantzitsua dela pentsatzen dugu, baina halaber, mutil gehiago etortzea gustatuko litzaiguke.
Zailtasunik izan duzue proiektua garatzean?
Nere: Zailena pausoa ematea izan zen. Ideiak buruan genituen, baina beti mugan gelditzen ginen. Beraz, Maddik, apirilak 8an finkatu zuen proiektua jendaurrean zabaltzeko data, eta hala egin genuen.
Maddi: Behin beldur hori gainditu genuela, dena errazagoa izan zen. Orain, herritarrek haien dudak gurekin partekatzen dituzte, eta guk, ez ditugu gure produktuak erostera behartzean. Jendeak badaki gu erantzuteko eta laguntzeko prest gaudela, eta harrera oso ona izan da.
Eta etorkizunean...
Maddi: Kirolaren gaia ere interesgarria dela pentsatzen dugu. Aurrera begira errendimendua eta osasuna uztartzen dituen ikastaro bat egin nahiko genuke. Osasunaren ikuspegitik elikadura eta osagarritasuna lantzeko.
“Aurrera begira errendimendua eta osasuna uztartzen dituen ikastaro bat egin nahiko genuke” Maddi
Nere: Horretaz gain, zoru pelbikoari eta hilekoari buruzko hitzaldiak egitea gustatuko litzaiguke. Gainera, zabaltzen eta formatzen jarraitu nahi dugu. Aipagarria da jendea asko larritzen dela informazio gehiegi jasotzean, baina ohitura kaltegarri guztiak ezin dira egun bakar batean aldatu. Lehen urratsa kontzientzia hartzea da eta aldaketak pixkanaka egin behar dira. Urte guztian zehar, oreka osasuntsu bat mantentzeaz gain, prozesuaz gozatzea ezinbestekoa da, ekintza txikien bidez autozainketa handituz.
“Zoru pelbikoari eta hilekoari buruzko hitzaldiak egitea gustatuko litzaiguke” Nere
Maddi: Autozaintza osasuntsu bizitzeko bide bat dela adierazi nahi dugu. Edozein herritatik datorren talde berriekin lan egiteko irrikan gaude, gai desberdinak jorratzeko prest.