Lasterketa Leitzako herriko plazan hasi eta amaituko da, Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberritik igaro ostean. Baina lehenago, dortsalak banatuko dituzte: ostiralean, ekainaren 6an, 17:30etik 20:00etara eta lasterketa egunean, 06:00etatik 07:15era. 07:30etik 07:55era korralitoa izanen da eta 07:45ean omenaldia.
Ibilbidea eta omendua
67 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute lasterkariek, bakarka edo binaka. Kasu horretan, lehenbiziko lasterkariak Leitzatik Putzuzarreraino egin beharko du (32,8 km eta 4.700 metroko desnibela), eta bigarrenak Putzuzarretik Leitzarainoko zatia (34,2 km eta 2.194 metroko desnibela). Ibilbideko punturik altuena Irumugarrieta izanen da (1.431 m).
Lasterketa bizia ikusi nahi duenak hainbat aukera izanen ditu. Leitzan irteeran eta helmugan; Gorritin (aurrenekoa 08:45 aldera); Arriben (09:15), Gaintzan (09:30), Albin (11:00), Putzuzarren (11:30), Lekunberrin (12:30) edota Berueten, Iontzan (13:45). Gainera, lasterkarien zuzeneko jarraipena egiteko aukera ere eskainiko dute. Lehenbiziko lasterkaria 14:00 aldera espero dute, 20:00etan sari banaketa eta 21:00etan lasterketa itxiko da.
Aurtengo omendua Gure Zirkua izanen da. Proiektu ezberdinak izanik ere bat egiten dutelako defendatzen dituzten balioetan: euskara, lurraldetasuna, auzolana eta kirola.
I. Argazki lehiaketa
Amaitzeko, lasterketako ikusleei ere erronka luzatu nahi izan diete aurten eta EH Mendi Erronkaren I. Argazki Lehiaketa antolatu dute. Edozein argazkizalek aurkez ditzake lanak, parte hartzaile bakoitzeko lau argazki gehienez. 2025eko edizioan ateratako argazkiak behar dute izan eta ur-markarik eta sinadurarik gabeak. Emozioak, auzolana, ibilbidea, objektuak, aldarrikapenak dira argazkietan agertu behar duten gaiak. Ekainaren 15era aurkez daitezke lanak ehmeargazkiak@gmail.com helbide elektronikora bidalita jpg edo png formatuetan. Argazkiak izendatzeko: Izena_Abizena_zenbakia jarri behar da. Irabazleak 200 euro, bigarrenak 100 euro eta hirugarrenak 50 euro eskuratuko ditu.