Mari Cruz 1925eko maiatzaren 2an jaio zen, Etxarri Larraungo Oxenea baserrian. Bederatzi anai-arrebetatik hirugarrena zen. Hamar urte bete baino lehen, Aldazko baserri batera joan zen lan egitera. Esperientzia hartatik oroitzapen politak gordetzen ditu. Izan ere, etxeko haurrak zaintzen zituen, bera oraindik haurra zela, eta primeran tratatu zutela gogoan du.
Geroago, baserriko lanetan aritu zen, batez ere, etxeko aziendak zaintzen zituen: oiloak, untxiak, ardiak, behiak eta abar.
15 urte zituela, Etxarriko baserriaren alokairua amaitu eta Arruizko Artxuloa baserrira joan ziren. Okinenak pena handia hartu zuen, Etxarriko lagunak asko maite baitzituen. Hala ere, Aldazko bidegurutzean elkartzen ziren, eta horrela harremanetan jarraitzea lortu zuten.
Denbora igaro ahala, 25 urterekin ezkondu eta Errandonea baserrira joan zen. Hiru seme-alaba izan zituen, eta gaur egun, Belen Azpiroz Okinena, alaba gazteena arduratzen da bere eguneroko zaintzaz: “Ni zaindu ninduen bezain ongi saiatzen naiz nire ama zaintzen”, dio.
Urtebetetze eguna etxean lasai-lasai ospatu zuten, seme-alaben, iloben zein biloben bisitarekin, maitasunez inguratuta amaitu zuen bere eguna Mari Cruzek.