Noiz hasi zinen kirola egiten?
Txikia nintzela hasi nintzen: lagunekin jolasean, multi-kiroletan, etab. Kimua mailan Beti Kozkor futbol taldean sartu eta bertan urte batzuk igaro nituen. 2017an ikasketengatik futbola utzi nuen eta triatloietan parte-hartzen hasi nintzen. Osotara, 10 triatloi inguru burutu ditut azken urteotan.
“Lasterketa luzeagoak egiten hasi nahi nuen"
Nolatan bururatu zitzaizun horrelako proba batean izena ematea?
Distantzia motzeko probak egin ondoren, motibazio berri baten bila hasi nintzen, eta lasterketa luzeagoak egiten hasi nahi nuen. Hasiera, Sprint formatuko probekin hasi nintzen, gero Olimpiar distantziarekin jarraitu nuen, Donostian pare bat proba egin nituen, eta ondoren, Half izeneko proba bat egin nuen, hau da, triatloi ertaineko distantzia gauzatuz. Horrela, duela hiru urte, Iruñeko proba egitea bururatu zitzaidan. Hura egin ondoren, Ironman luzea egitea falta zitzaidala konturatu nintzen, eta entrenatzailearekin eta anaiarekin hitz egin ondoren, une egokia zela pentsatu nuen.
Aipagarria da azken lau urteotan bi entrenatzaile pertsonalen laguntza ezinbestekoa izan dela. Nire ustez, horrelako proba bat prestatzeko kirol arloko profesional baten laguntza benetan onuragarria izateaz gain, diziplina bat mantentzeko ere lagungarria da. Azkenean, entrenatzaile batek asko daki, eta hobetzeko beharrezkoa dela pentsatzen dut. Nik hobekuntza hori nabaritu dut.
"Entrenatzaile batek asko daki, eta hobetzeko beharrezkoa dela pentsatzen dut"
Zer egin zenuen Ironmanen izena emateko?
Prozesua erraza izan zen, webgunean sartu eta oinarrizko galdetegi bat bete nuen. Egia esan, edonork eman dezake izena. Gainera, federatua izan ez arren, frankiziak egun bateko lizentzia eskaintzen du.
Lehenengo urteetan, ni federatu gabe aritzen nintzen, baina geroz eta karrera gehiagotan federatuta izatea eskatzen zutela ikustean, Nafarroako Federazioan izena eman nuen. Egia da beti ez dela beharrezkoa, baina entrenatzeko ere egokiagoa dela uste dut. Zorionez, momentuz ez dut seguruaren beharrik izan, baina etorkizunean batek daki, beti eskertzen da zerbait gertatu aurretik babesa izatea. Orokorrean, edozein kiroletan federatua izatea komeni dela uste dut, eta are gehiago mendian, bizikletan edo antzekoetan.
"Gorputzak, kirola egitera ohitzen denean, mugitzea eskatzen du"
Nolakoak dira zure entrenamenduak?
Euskal Herri mailan, denboraldi hasiera otsailetik maiatzera izaten da. Duatloiak egiten hasten gara, hau da: korrika, bizikleta eta korrika eginez. Ondoren, maiatzetik aurrera, triatloien denboraldia hasten da.
Beraz, horren arabera, entrenamenduaren plangintza desberdina da. Hilabete honetan, adibidez; astelehenetan 40 minutuko indar ariketak, ordubeteko igeriketa saioa, eta jarraian, 45 minutuko beste entrenamendu bat egiten dut. Astearteetan, bizikletan eta korrika egiten aritzen naiz. Asteazkenetan, igeriketa edo korrika serie intentsiboak gauzatzen ditut. Ostegunetan, indar ariketak eta igeriketa saioak. Ostiraletan, pare bat orduz, erritmo lasaian bizikletan aritzen naiz. Larunbatetan, lau-bost ordutako bizikleta saio luze bat... Eta amaitzeko, igandeetan, bizikleta eta korrika.
Entrenamendu plangintza, orokorrean sakona da. Normalean, nik ez dut atseden egunik hartzen; “modu aktiboan” lantzen dut, entrenamendu arin bat eginez. Gorputzak, kirola egitera ohitzen denean, mugitzea eskatzen du.
“Azken asteotan belauneko mina sumatu dut”
Oztoporik izan al duzu zure prestakuntza fisikoan?
Egia esan, azken asteotan belauneko mina sumatu dut. Hilabete bukaeran erresonantzia bat egingo didate arazoa zein den jakiteko. Beraz, azken egun hauetan nire entrenamenduak motelagoak izan dira. Aurrera begira, batek daki! Nire ilusio handiena Ironmanean parte hartzea da, eta horretarako, ahal dudan guztia egingo dut. Baina aldi berean, medikuaren esanetara nago.
Zer aholku emango zenioke kirola egiten hasi nahi duen norbaiti?
Prozesuaz gozatzea gomendatuko nioke. Egia da gehienetan kirola osasuntsu mantentzeko egiten dugula, baina prozesua ere benetan garrantzitsua da. Badakit helburu handiak aukeratzen ditugunean ez dela erraza, baina mentalitate egokiarekin kirola egiten gehiago disfrutatzen da, onuragarriagoa da.
"Sufritu behar da, bai, baina baita gozatu ere"
Zerbait gehiago aipatu nahi duzu?
Dirudienez, gure eskualdean Triatloiak egitea ez de batere ohikoa, baina kirol polita da. Hiru diziplina uztartzen dira, eta bere xarma berezia du. Sufritu behar da, bai, baina baita gozatu ere. Herriko jendea horrelako kiroletan parte hartzera animatu nahi dut.