Zergatik erabaki zenuen erizaintza ikastea?
Txikitatik gustatu zait osasun arloa, haur bat nintzela ingurunea eta anatomia ziren nire ikasgai gustukoenak. Institutuan, erizaintza ikasi nahi nuen, baina batxilergoko bigarren urtea oso gogorra iruditu zitzaidanez zalantza ugari sortu zitzaizkidan. Garai hartan, goi mailako ikasketak gutxietsi egiten zituzten, eta nire buruarekin “krisi” moduko bat izan nuen.
Azkenean, goi mailako zikloei buruzko hitzaldi bat jaso ostean Laborategiko Teknika izeneko goi maila egin nuen. Eta praktiketan, erizainak egiten zuen lana ikustean, nik ere gaixoak zaindu nahi nituela konturatu nintzen. Gaur egun, berdin pentsatzen jarraitzen dut, gizatasuna galtzen ari den mundu honetan, erizaina izan nahi dut.
“Gaixoen arrisku psikologikoak aurreikusteko baliabideak ikastea onuragarria izan daiteke”
Nolakoa izan zen zure prestakuntza akademikoa?
Goi mailako zikloa 20 urterekin bukatu eta lanean ari nintzen bitartean urtebetez selektibitaterako prestatu nintzen. Urte hura gogorra izan zen, baina azkenean gainditu eta Palentziako unibertsitatera joatea lortu nuen. Azken urtean COVIDak harrapatu ninduen, eta ezin izan nuen TFG-a amaitu. Asko ikasi eta karrera 5 urteetan amaitu nuen. Zuzenean Osakidetzan sartu nintzen, eta orain, buru osasuneko bigarren master bat egiten ari naiz.
Uste dut erizainok gaixoen arrisku psikologikoak aurreikusteko baliabideak ikastea onuragarria izan daitekeela. Interesgarria da tresnak erabiltzen jakitea ezbeharrak ekiditeko. Buru osasuneko masterrean horrelako egoerak identifikatzen ikasten dugu: bullying, anorexia, buruaz beste egiteko nahiak, etab.
Pediatrian lan egin nuenean gabeziak areagotu zirela ikusi nuen. Mundua geroz eta azkarrago doa eta umeen garapenean nabaritzen da. Batzuek pantailekin arazoak dituzte eta psikologoek lan handia egiten dute dependentzia kasuak ekiditeko. Agian guk, haurrei txikitatik lagunduz, psikologoei lana erraztu ahal diegu.
Orain, lehen arretan egiten dut lan. Jende askok uste du ez dugula gauza handirik egiten, baina hori ez da horrela. Bertako medikuek, administratiboek eta guk, ordu asko, egunak eta urteak, pasatzen ditugu gaixo berberekin eta haien familiekin. Gaixotasunen prozesu guztia ikusten dugu, eta batzuetan zaila eta gogorra da.
“Haur batzuek pantailekin arazoak dituzte”
Eta gaur egun...
Ibarrako osasun zentroan egiten dut lan, eta eskualde landa eremua denez, batzuetan herri txikietara joaten naiz. Urnietan, adibidez, euritea egin zuen eta lur-jausi batzuk egon ziren. Ni, nire autoan nindoan gaixo bati zauriak sendatzera, eta iritsi nintzenean bidea moztua zegoela ikusi nuen. Bat-batean gaixoaren familiako bat traktorearekin nire esperoan zegoela konturatu nintzen. Maleta hartu, eta horrela igo ginen baserrira.
“Gaixoarekiko zuzeneko arreta gutxitu dela iruditzen zait”
Gogoan duzu benetan markatu zaituen unerik?
Bai, praktiketan nengoela jaioberrien abstinentzia-sindromea zuen ume bat zaindu nuen. Bere amak droga mendekotasuna zuenez, haurdun zegoela haurrari droga mendekotasuna sortu zion. Haurra dardarka, negarrez eta etsita ikustea zaila izan zen, hasieran amorrua eta ondoren ezintasuna sentitu nituen.
Eutanasia kasuak ezagutzea ere gogorra izan zen. Hilabete luzez aztertzen da ea gaixoak benetan hori nahi duen, eta beraiekin prozesu hori bizitzea gazi-gozoa da. Izan ere, haien duintasuna kontuz landu bada, erabaki hori hartzeko eskubide osoa dute. Errespetatu eta zaindu beharreko gaia da.
Noski, beste gauza bat da buru osasun arazoengatik zure buruaz beste egiteko eutanasia eskatzea. Hori ez. Ezin dira bi gauzak nahastu, horregatik prozesu luzea eta zaila da, eta kasu bakoitza tribunal profesional batek lantzen du.
Benetan zer gertatzen den ikusi gabe, jende asko esaten du eutanasia “bekatua dela” edo “gaizki dagoela”. Baina nire ustez, bakoitzaren aukera da.
Zure lanean teknologia lagungarria dela uste duzu?
Lau urte daramatzat lan honetan eta ez dut desberdintasun handirik nabaritu. Hala ere, nire lankide batzuek aipatu izan didate ordenagailua erabili behar izateak aldaketa handia sortarazi diela. Gaixoarekiko zuzeneko arreta gutxitu dela iruditzen zait. Ordenagailuan datu guztiak gehitu behar dira eta horrek zaintzeko denbora kentzen digu. Baina aldi berean, ordenagailuan egin beharreko kudeaketa horiek; alergia, elikadura eta tratamendu kontuetan laguntzeko balio dute.
Nola ikusten duzu zure burua hemendik hamar urtetara?
Ez dakit, orain nagoen lekuan gustura nago, baina hemendik hamar urtera postu berean jarraitzea zaila dela pentsatzen dut, zerrenden arabera kudeatze baita. Baina hemendik hamar urtera ebakuntza-gelan banago, ba aurrera! Erizain izaten jarraitu nahi dudala argi ikusten dut. Agian lehen arretan, eskola edo erresidentzia batean egongo naiz, baina beti ikasteko prest.
Ze aholku emango zenioke erizaina izan nahi duen norbaiti?
Erabakia oso argi izatea eta egoera zailei aurre egiteko prestatzea gomendatuko nioke. Hala ere, erizaintzan arlo asko daude: umeak zaintzen, ospitalean, ebakuntza-gelan, fabriketan, etab. Ikuspuntu zabala izatea ezinbestekoa da. Lan ona da gustatzen bazaizu baina oso txarra izan daiteke gustatzen ez bazaizu. Amaitzeko, prozesua lasai hartzea garrantzitsua da, notak oso altuak dira eta bide asko daude erizain izatera iristeko.