Noiz sortu zen Autonomia Bultzatzeko proiektua?
Yolanda: Duela hiru urte eta erdi, gutxi gorabehera. Nafarroako Gobernuak eskaintzen duen programa bat da, eta Lekunberriko eguneko zentroko zuzendariak proposatu zuen bertan ezartzea. Hasieran eguneko zentroetan eta egoitzetan eskaintzen zen, baina gaur egun edozein udalerrik eska dezake. Programa doakoa da, eta parte hartu nahi duenak gizarte zerbitzuetara jo behar du. Baldintza bakarra mendekotasunen bat izatea da, eta hori jakiteko, gizarte zerbitzuko langile batek balorazio bat egiten du.
“Helburua da euren gaitasunak indartzea, eta ahal den neurrian, dependentzia egoerak saihestea edo atzeratzea” Yolanda
Nori zuzendua dago?
Yolanda: Mendekotasun egoeran dauden edo egon daitezkeen pertsonentzat da, euren autonomia maila hobetzeko. Helburua da euren gaitasunak indartzea, eta, ahal den neurrian, dependentzia egoerak saihestea edo atzeratzea.
“Autonomia saioak oso aberasgarriak dira, beti zerbait berria lantzen dugu” Joxean
Nolakoak dira eskaintzen dituzuen saioak?
Yolanda: Bi orduko saioak izaten dira, astearte eta ostegunetan, 16:30etik 18:30era. Hasieran ahozko adierazpena lantzen dugu, ondoren irakurketa, eta ariketa fisiko arinak. Adibidez, Joxeanek ezkerreko eskuan mugikortasuna galdu duenez, ariketak esku horren erabilera sustatzeko diseinatzen ditugu. Gainera, estimulazio kognitiboa, gimnasioa, eskulanak edo sukaldeko eta baratzeko jarduerak ere egiten ditugu. Beti saiatzen gara erabiltzaile bakoitzaren gustuak eta beharrak zaintzen. Adibidez, Joxean igeltseroa izandakoa denez, etxetxo baten maketa egin du, eta Pakitak, bigarren erabiltzailea zenak, esperientzia sentsorialak lantzeko maketa eder bat egin zuen.
Joxean: Oso gustura nago. Autonomia saioak oso aberasgarriak dira, beti zerbait berria lantzen dugu, burua eta gorputza mugiarazten ditugu. Yolanda irakasle bikaina da. Oso onuragarria da, jendeak probatu beharko luke.
Marian: Zerbitzu honek laguntza handia eskaintzen du. Lekunberriko Eguneko Zentroa zoragarria da. Dena primerakoa da, baita Yolanda dinamizatzailea ere, zoragarria da.
Yolanda: Nire esperientzia ere oso ona izan da. Joxean oso atsegina da, eta Pakita ere hala zen. Hasieran lotsati etorri ziren, zalantzaz beteta, baina egunak pasa ahala lasaitu ziren.
“Lekunberriko Eguneko Zentroa zoragarria da” Marian
Zer esango zeniekete interesa duten herritarrei?
Yolanda: Hemen egiten den guztia euren onurarako da. Eguneroko bizitzan autonomia irabazteko balio du, bai gaitasun kognitiboak zein motorrak indartzeko. Larraungo Udalak garraioa jartzeko konpromisoa hartu du, eta hori ere laguntza handia da.
Eta etorkizuna...
Yolanda: Programak jarraipena izatea espero dugu, baina horretarako ezinbestekoa da gutxienez bi erabiltzaile egotea. Zerbitzua mantendu ahal izateko, jende gehiago animatzea garrantzitsua da.