Begoña Tolosa Balerdi, Atallu.

“Joskintzan egiten den guztia artistikoa dela esango nuke”

Mailope Aldizkaria 2025ko eka. 18a, 06:00

Begoña Tolosa Balerdi, joskintza irakaslea.

Euskara Batzordeak Joskintza Taldea sortu zuen Araizko Udaletxean, Arriben. Ikasleak astero elkartzen dira, eta oinarrizko konponketak egin bitartean, euskaraz hitz egiten dute. Atalluko Begoña Tolosa Balerdi da urte luzez joskintzan aritutako irakasle aditua.  Gaur egun erretiratuta egon arren, bere jakintzak ilusioz partekatzen dituela adierazi du.  

Noiz hasi zinen joskintzan?

14 urterekin hasi nintzen josten, ibarreko neska mutiko batzuk Arribeko taberna zaharrean hasi ginen, kanpoko enpresa batek josteko makinak jarri zituen eta bertan ikasi genuen. Galtza bakeroak saltzen zituen enpresa zen. Arriben, urte batzuk egon ondoren, enpresak, Atallun eraikin handi bat egin zuen eta bertan urte mordo batez aritu ginen.

“14 urterekin hasi nintzen josten”

Gaur egun erretiratuta nago. Hainbat enpresetan egin izan dut lan, urte batzuetan larrua josten ibili nintzen eta ondoren, bereziki, ume jaio berrien arropa eta lo zakuak egiten nituen. Garai hartan, beharrak bultzatuta hasi nintzen, baina gaur egun, pasio bilakatu da. 

Begoña poltsa bat konpontzen. 

Gogoan duzu egin duzun proiektu artistiko edo berezirik?

Nire ustez, joskintzan egiten den guztia artistikoa da, dena eskulana da. Zerbait berezia esan arren, ama izan eta umeak hezten genituen bitartean, soinean eramaten zuten ia arropa guztia nik egina izaten zen: galtzak, puntuzko jertseak, txandalak, soinekoak… pila gozatzen nuen eta garai hartako oroitzapen oso politak gordetzen ditut.

“Irakasle hitza potoloa da, dakidana ilusio handiz erakusten dut”

Eta lehen aldiz josi zenuen arropa…
Gogoan dudan lehen gauza berezia, alaba zaharrenaren bataiorako egin nuen soinekoa da. Arriben ordea, josten eta ikasten hasi gineneko galtza pusketaren bat ziurrenik.

Eta zure azken lana?
Egunerokotasunean asko josten dut, beti izaten da familia edo lagunen baten konponketaren bat egiteko baina azkenengo jantzia, biloba txiki batentzako eguberritarako egin nion Artzain Andre jantzia izan zen.

Arribeko elkartean jartzeko egiten ari diren ikurriña. Argazkia: Mari Jose Huarte.

“Josteak erlaxatu egiten nau, oso gogoko dut”

Nola sortu zen Arribeko joskintza taldea?
Araizko Euskara Batzordeak antolatutako ekimena da. Niri, proiektuaren berri eman eta gonbita luzatzeko deitu zidaten. Nire kezkak izan nituen hasieran. Nahiz eta josten jakin, ez nekien hori erakusteko gai izango nintzenik. Seme-alabek animatu ninduten eta orain oso eskertua nago, Euskara Batzordeko kideekin ere, aukera hau emateagatik.


Joskintza Tailerreko une bat. 

Irakasle hitza potoloa da, dakidana ilusio handiz erakusten dut. Hala ere, esan behar da egiten dugun guztia talde lana dela, guztiok gehitu eta ikasten dugu ideia desberdinak elkarbanatuz eta bakoitzak dakiena erakutsiaz, oso aberatsa da hori. 

Gaur egun, 11 lagun gaude joskintza taldean: Ainhoa, Ane, Garbñe, Lisa, Maite, Mari Jose, Maria Engracia, Tere, Txaro, Txemari eta ni.

“Arribeko Joskintza Taldea zoragarria da”

Nola sentitzen dira zure ikasleak joskintza ikastaroetan? Eta zu?
Hori beraiei galdetu behar zaie. Niri, gustura daudela adierazten didate eta niretzako, jarraitzeko motibazio handia da. Arribeko Joskintza Taldea zoragarria da. Oso talde polita sortu dugu eta elkarlana primerakoa da. Nik, astelehenero ilusio handia izaten dut bertara joateko.


Txemari josten. 

Josten ari zarenean, zer da sentitzen duzuna?
Josteak erlaxatu egiten nau, oso gogoko dut eta beti daukat ilusioa zerbait berria egin edota konpontzeko.

Bada joskintzan teknikoki zaila iruditzen zaizun zerbait?
Ongi josten ikasteko ordu asko sartu behar dira eta garrantzitsuena pazientzia handia izatea da. Irudimena ere, aurretik, zerbait nola egin nahi duzun garbi izan, irudikatu edota marraztea. Saiatuz gero eta pazientziaz, edozer gauza egin daiteke.
Eta hurrengo ikasturtera begira...
Ez dakigu, niri joskintza taldearekin jarraitzea gustatuko litzaidake, baina orain, daukaguna gozatuko dugu.