Goizean goiz hasi zuten eguna Ttutturrek antolatutako mendi ibilaldiarekin. Parte hartzaileek Lekunberri-Albiasuko Gaina-Baraibar ibilbidea egin zuten.
Herrira itzultzean, hainbat ekitaldi izan ziren: pilotazaleek Larraungo Pilota Elkartearen eskutik partiduak ikusteko aukera paregabea izan zituzten Jaian Jai frontoian, eta gainera, Aralar Udal Musika Eskolak kalejira eta emanaldia eskaini zuen. Ondoren, udaletxe parean, herritarrek Larraungo Ingurutxoa dantzatu zuten TirikiTrauki Dantza Taldearekin.
Beranduago, herriko plazan bazkaria egin zen. Ostean, Alaia Martin eta Julio Sotok bertso-saio bikaina eskaini zuten. Arratsaldean, haurrek Bizi-jolas parkean jolasteko aukera izan zuten, eta gazte zein helduek bingo musikatuarekin jarraitu zuten. Iluntzean, Trikiteens taldeak plazan zeuden herritarrak alaitu zituen eta eguna borobiltzeko, Sodade taldearen kontzertua eskaini zuen.
Egun berezi hartan, Sanjuanetarako prestatu zituzten pendoi berriak lehen aldiz zintzilikatu zituzten. Lekunberriko joskintza taldeak auzolanean egindako apaingarri dotore horiek udaletxea apaindu zuten, eta aurrerantzean Antzinako Azokan eta urriko jaietan ere ikusgai izango dira.