Aurreko urtean parte hartu duten kideen artean, Jai Batzorde berria hautatzen dute. Aurtengo edizioan 18 lagun elkartu dira, horien artean: Irati Buldain, Izarne Eskamendi, Mikel Zubillaga eta Arkaitz Buldain.
Urteroko legez, esperientzia dutenen eta lehenengo aldiz parte hartzen dutenen ikuspuntuak nahastuz, denen beharretara egokitzen diren festak antolatzeko asmoz bildu dira. Jai batzordeak bederatzi hilabete inguru daramatza lanak aurreratzen, lehenengo bilera urrian egin baitzuten, eta ordutik, bi astetik behin elkartu dira.
Egitaraua antolatzeko, hainbat alderdi lantzea ezinbestekoa da, “Musika taldeen prestasuna kontuan hartuta, festen programazio osoa antolatzen dugu” azaldu du Irati Buldainek. Gainera, Beteluko patroia San Pedro denez, jaien egunak horren arabera egokitzen saiatzen gara” adierazi du Mikel Zubillagak.
Antolakuntza ez da lan xamurra
Beteluko Udalak laguntza tekniko eta ekonomikoa eskaintzen dituen arren —karpa, komunak edo lehen eguneko edariak adibidez—, festetako eguneroko antolakuntza Jai Batzordearen esku gelditzen da. “Alderdi ekonomikoaz gain, atzetik, lan handia egiten dugu: eskaerak, programazioa, materiala, txosna, kioskoa muntatzea...”azaldu du Arkaitz Buldainek. “Denetarik egin behar dugu, eta komisioko kide zarenean ohartzen zara zer den benetan festak antolatzea” gehitu du Iratik.
“Beteluko patroia San Pedro denez, jaien egunak horren arabera egokitzen saiatzen gara” Mikel Zubillaga
Lan banaketa ez da beti erraza, eta pertsona bakoitzaren borondateak eta ardurak eragina dutela azpimarratu dute. Adin nagusienekoek ekimen gehiago antolatu ohi dituzte, eta gazteagoek lan fisikoagoak edo dinamikoagoak: “Helduenek ardura handiagoak hartzen dituzte: ekonomia, kontratazioak, baimenak, etab. gazteek berriz, umeentzako jokoak, lehiaketak, eta horrelako jarduerak antolatzen dituzte” azaldu du Izarne Eskamendik.
Eta noski, eztabaidak ere sortzen dira, baina erabakiak taldean eta bozketen bidez hartzen dira, herritarren iritziak ere kontuan hartuta. “Festak ez dira guretzat bakarrik, herritar guztientzako dira” azpimarratu dute.
“Azkenean, festan zaude, eta lanean aritu arren, ongi pasatzen duzu” Izarne Eskamendi
Dirua eta eguraldia, urteroko bi erronka nagusiak
Ekonomikoki, Udalak emandako laguntzaz gain, Jai Batzordeak, bere diru sarrerak lortzen ditu: txartel salmentekin, txosnaren bidez, etab. Horregatik, barraren kudeaketa egokia funtsezkoa da, eta eguraldia aurreikustea ere ezinbestekoa da. Izan ere, ekintza nagusiak plazan egiten dira, eta euria eginez gero, karparen erabilera irtenbide egokiena da.
Aurtengo berrikuntzak: kontzertu gehiago eta goitibeherak
2025eko jaietan berrikuntzak izan dira, eta horien artean nabarmentzekoak dira larunbatean egin diren goitibeherak, 2016 urtean egin zirenak, eta berriro ere itzuli direnak. Gainera, aurten, bi kontzertu antolatu zituzten egun berean: Lukiet eta Herenegun.
“Normalean, egun berean, erromeria eta DJ bat izaten ziren, baina aurten, bi kontzertu eta DJ Antxon Saez izan ditugu. Guk dakigula, lehen aldia da eguna horrela antolatzen dena” azaldu du Buldainek.
Komisioan egotea lana da, baina baita gozamena ere. Festa egunak iristean, ardura eta dibertsioa uztartu behar dira. Aipagarria da batzordeko kide batzuk lan gehiago egiteaz arduratzen direla, baina guztiek izaten dute gozatzeko aukera. “Azkenean, festan zaude, eta lanean aritu arren, ongi pasatzen duzu. Gainera, herritar guztiak dibertitzea ezinbestekoa da, adin guztietakoek jaietan gozatzea nahi dugu” adierazi du Izarne Eskamendik.
“Alderdi ekonomikoaz gain, atzetik, lan handia egiten dugu: eskaerak, programazioa, materiala, txosna, kioskoa muntatzea...” Arkaitz Buldain
Etorkizunean, belaunaldien arteko oreka mantendu beharko da
Gazteek festak antolatzea aberasgarria eta positiboa den arren, Jai Batzordeko kideen iritziz, batzuetan, ardura eta eginbehar gehiegi kudeatu behar dituzte. “Udalak gehiago lagundu dezakeela uste dut, agian beste modu batzuetan lagundu dezake. Gainera, geroz eta gazte gehiago eta heldu gutxiago gelditzen dira Jai Baztordean, eta horrek, etorkizunean, antolakuntzarako esperientzia falta sor dezake” adierazi du Iratik.
“Geroz eta gazte gehiago eta heldu gutxiago gelditzen dira Jai Baztordean” Irati Buldain
Hala eta guztiz ere, Beteluko festak urtero bizirik mantentzen dira, eta hori, neurri handi batean, gazte boluntario hauen lanari esker da. Aurtengo jaiak ere dagoeneko joan dira, ekainaren 25ean hasi eta 29an amaitu ziren. Herritarrek, jai politak izan direla adierazi dute: txupinazoa, ume jolasak, ardo dastaketa, gaupaseroen argazkia, paellada…
Egitarau zabala eta dibertigarria eskaini du Jai Batzordeak, “Betelun, Herriko festak, herritik eta herriarentzat egiten dira, eta horregatik, hurrengo urtean, jendea parte hartzera gonbidatu nahi dugu” azaldu dute gazte antolatzaileek.