Geroago, Iruñeko Bideko Ama Birjina ospitalera ospitalera joan zen praktikak egitera. Ondoren, San Francisco Javier klinikan lan egin zuen, bertan, guardia ugari egin zituen. 1983 eta 1984ko udak Araitz-Beteluko kontsultan pasa zituen lanean, oso gustura egon zen jende onez eta jatorrez inguratuta. Gogoan ditu udara horiek.
1985eko martxoaren 21ean, hainbat urtetako ikaskuntzaren ostean, Lekunberriko Osasun Etxean plaza publikoa lortu zuen. Lehenengo, azterketa teorikoa egin zuen, eta gero, Nafarroako ospitalean proba praktikoa. Hango bost kasu kliniko erreal hausnartu, antolatu eta landu zituen. Dena logikaz azaldu, eta gogor prestatu ostean, egindako proban emaitza onak lortu zituen.
Zenbat denbora aritu zinen ikasten?
Bizitza osoa daramat ikasten. Medikuntzan beti informazio berria landu behar da, eta inoiz ez da ahazten ikasitakoa. Nahiz eta erretiratu, dakidana hobetzen saiatuko naiz. Nire ustez, informazioa eguneratzea ezinbestekoa da. Semergen aldizkaria, adibidez, familia-medikuntzako aldizkari oso garrantzitsua denez, baliagarria da; izan ere, bertan argitaratzen dituzten gaiak eguneratuak dira.
“Medikuntzan, beti informazio berria landu behar da”
Hala ere, plaza atera eta urte batzuk geroago, 2007. urtean, Madrilera joan nintzen eguneroko lana nola egiten nuen azter zezaten. Horretarako, Osasun Ministerioak antolatutako Ebaluazio Kliniko Objektiboa deitzen den proba bat egin nuen. Nire eguneroko lana erakutsi nuen, eta promozio horretan, estatuko onenetarikoa izan nintzen, %86ko puntuazioarekin.
Horrela lortu nuen Medikuntza Familiar eta Komunitarioa deituriko titulua.
Beraz, ikasketei dagokionez oso pozik nago egindako lanarekin eta
lortutakoarekin, eta ikasten jarraitu nahi dut.
“Osasun Etxean, Medikuntza Familiarra eta Komunitarioa izeneko espezialitatea lantzen dugu”
Nondik datorkizu medikuntza ikasteko grina?
Familiak piztu zidan mediku izateko gogoa. Nire lehengusua erizaina da eta bere senarra, medikua. Haiek inspiratu ninduten. Etxean ere gaixotasun asko ikusi ditut, eta horrek, ikasten jarraitzeko eta gaixoei laguntzeko indarra eman zidan.
“Familiak piztu zidan mediku izateko gogoa”
Zure ustez, zein da medikuntzako alderdi garrantzitsuenetariko bat?
Niretzat, zientzia bezain garrantzitsua da gaixoekin kontaktua izatea: haien egoera ezagutzea, tratu zuzena ematea... Gaur egun, kontsultan, teknologia asko daukagu: elektrokardiogramak, espirometriak, Doppler eta horrelako makinak. Baina hori bezain garrantzitsua, edo are gehiago da pertsonekin hitz egitea. Elkarrizketa batean gauza asko argitu daitezke. Batzuetan, arazo pertsonalak gorputzean islatzen dira, eta elkarrizketa funtsezkoa da.
“DESA erabiltzea benetan garrantzitsua da; nire ustez, denok jakin beharko genuke ezinbesteko tresna hau erabiltzen”
Diagnostikoa gaixoari egiten diogu, baina baita bere familiari ere. Horregatik, Osasun Etxean, hasieran aipatu dudan Medikuntza Familiarra eta Komunitarioa izeneko espezialitatea lantzen dugu. Lehenengo, gaixoa testuinguru biopsikosozialean kokatzen dugu: bio da gaixotasuna; psiko, egoera psikologikoa; eta sozial, ingurua. Pertsonaren inguruko bakardadea gaur egun oso agerikoa da. Nahiz eta jendea alboan izan, biztanle asko bakarrik sentitzen dira. Gainera, pertsona asko daude bakarrik bizi direnak, eta hori, larrialdi bat izanez gero arriskutsua da. Horregatik, erizainen, langile sozialen eta medikuon artean bakardadean dauden pertsonen egoera aztertzen eta laguntzen saiatzen gara.
Zer izan da zuretzat lan honetako alde onena?
Duela urte batzuk, langile batek bihotz-biriken geldialdia izan zuen Agrozumos fabrikan. Deia jaso bezain laster, desfibriladorea hartu eta ahalik eta azkarren joan ginen. Zorionez, gaixoa errekuperatzea lortu genuen, eta gizon horrek, beste hainbeste urte jarraitu zuen lanean.
Askotan, zaila izaten da horrelako egoera batetik salbu eta ondorio larririk gabe sendatzea, baina zorionez, dena ongi atera zen, eta ni, benetan eskertuta sentitzen naiz.
DESA (kanpoko desfibriladore erdiautomatikoa) erabiltzea benetan garrantzitsua da; nire ustez, denok jakin beharko genuke ezinbesteko tresna hau erabiltzen. Laster, eskoletan derrigorrezko ikasgaia izango da BBB (bihotz eta biriketako berpiztea) egiten ikastea. Edonork salba dezake pertsona baten bizia medikuak edo erizainak iritsi baino lehen.
Gaur egun, Osasun Zentroan, Eguneko Zentroan, jubilatuen egoitzan, Udaletxean, kiroldegian... DESA makinak jarri dituzte. Jende asko biltzen den lekuetan onuragarria da horrelako makinak izatea.
Eta egoera zailenak...
Gustuko lana denean, gustura egiten duzu, baina niretzat zailena, fisikoki eta psikologikoki prestatuta egotea da. Zalantzak izatea ohikoa da, eta etxean
zauden momentuan hasten dira buru-hausteak. Kasu bakoitza mila aldiz pentsatzen duzu, eta hori kontrolpean mantentzea ez da batere erraza. Lan honetan, prozesuan izaten diren kezkak kudeatzen jakin behar duzu.
Lan zaila dela esan beharrean, erantzukizun handiko lana dela esango nuke, ardura handikoa. Medikuntzan, pertsonen bizia jokatzen da.
Nire bizitza pertsonalari dagokionez, oso argi ditut zeintzuk izan diren erronka handienak edo momentu gogorrenak…
Lanean hasi eta hortik hilabete batera, nire anaia Juantxo hil zen minbizi batekin. Horrek psikologikoki lur jota utzi ninduen.Gainera, inoiz ez dut ahaztuko Uharte Arakilen 1997ko martxoak 31n gertatu zen tren istripua. 22 hildako egon ziren eta epaileak eskatu zigun herriko frontoian gaua pasatzeko hildako bakoitzaren familiari babesa eta gertutasuna emanez. Uharte Arakileko biztanleen jarrera bikaina izan zen, baina betirako buruan gordeko ditut egun horretako irudi latzak.
Bukatzeko, eta beti nirekin nire profesioan egon den erronkarik gogorrena izan da bai familiei bai gaixoei berri txarrak emateko momentua. Hau ez dizu inork erakusten, esperientziarekin ikasi dut kudeatzen.
“Laster, eskoletan derrigorrezko ikasgaia izango da BBB (bihotz eta biriketako berpiztea) egiten ikastea”
Nola aldatu da osasun-arreta urte hauetan?
Ni hasi nintzenetik asko aldatu da. Lehen ez zegoen historialik; poltsikoko koaderno bat neukan, eta bertan apuntatzen nuen dena. Hasieran, ez nuen inor ezagutzen, eta Larraun eta Lekunberriko gaixoak eta familiak ezagutzeko laguntza eskatu nion bertako herritar bati.
1985etik 1990era arte Osasun Etxean egon nintzen buru-belarri: 24 orduz lanean. Arratsaldeak herriz herri igarotzen nituen, adineko pertsonekin hitz egiten. Banaka-banaka historial mediko pila bat osatu nituen.
Handik aurrera, historial fisikoak iritsi ziren: arrosa kolorekoak emakumeentzat eta urdinak gizonentzat. Orduan, nire koaderno zaharretik, historial berrietara pasa nituen datu guztiak. Berriz ere dena errepasatu nuen: historial guztiak berrikusi, egokitu eta txukun utzita.
Hori gutxi balitz bezala, ordenagailuak iritsi ziren, eta egun asko pasa genituen historial guztiak digitalizatzen. Izugarrizko lana izan zen. Zorionez, garai hartako erizainak, Mari Jose Zia aldaztarrak asko lagundu zidan lana amaitzen.
“Osasun Etxean, nire etxean bezala sentitu naiz”
Eta zer asmo duzu orain, jubilatu ondoren?
Zazpiak laurden gutxiko iratzargailua alde batera utziko dut. Egia esan, hainbeste guardia egin ondoren, lo arinekoa naiz, baina orain, eguna lasai hasiko dut. Hemendik aurrera, gehiago irakurtzea, bizikletan ibiltzea, pilotan jokatzea eta mendira joatea gustatuko litzaidake. Gainera, hiru biloba ditut, eta haiekin egotea gustatuko litzaidake. Orain beste etapa berri bat bizitzeko prest nago.
Amaitzeko, Larraun eta Lekunberriko herritarrei nire eskerrona adierazi nahi diet. Osasun Etxean, nire etxean bezala sentitu naiz. Lanbidetik kanpo, bihotzez inplikatu naiz, jende askori lagundu diot, baina niri ere asko lagundu didate.
Nire emazteari batez ere, esker bereziak eman nahi dizkiot, asko lagundu dit; berarengatik ez balitz, agian ni ez nintzateke hemen egongo. Babes handia izan da niretzat.
Hasierako momentuak gogorrak izan ziren, baina zoriontsu sentitzen naiz bizitako esperientziarekin eta ikasitako guztiarekin.