Lekunberriko telefono kabina zaharrak liburuen deia jaso du

Mailope Aldizkaria 2025ko abu. 12a, 12:05

"Liburu Truke Leku" Lekunberriko telefono kabina zaharra.

Lekunberriko Aralar Kalean dagoen telefono kabina zaharra Liburu Truke Leku izeneko liburutegi txiki batean bilakatu dute.  Iraganean, herritarrek hitz egiteko erabiltzen zuten gailu hura. Gaur egun, liburuen trukea eta irakurzaletasuna sustatzeko gune bat da. Ekimenak Lekunberriko Udalaren babesa jaso du eta herriko hainbat lagunen borondatez gauzatu da.

Telefonoaren historia XIX. mendearen erdialdean hasi zen. Antonio Santi Giuseppe Meucci italiar asmatzailea izan zen, teletrofonoa —geroago telefono izenarekin ezaguna— sortu zuena. Gero, telefono kabinak ireki zituzten, eta Nafarroan, lehen kabina publikoa 1967an zabaldu zuten, Iruñean.

Antonio Santi Giuseppe Meucci italiar asmatzailea. 

 

lruñeako lehen kabina publikoa.

 

Makina haien funtzionamendua eta erabilera emakume askoren lan isilari esker gauzatu zen. Lehen urteetan, telefono-kabinetatik egindako deiek operadore baten bitartez bideratzen baitziren, eta langile horiek, ia salbuespenik gabe, emakumeak ziren. Horrez gain, herri eta hiri txikietan, emakumeak arduratzen ziren kabinak irekitzeaz, garbitzeaz eta erabiltzaileei laguntzeaz. Dakigunez, Estatu Batuetako Emma Mills Nutt (1860–1915) izan zen munduko lehen telefonia-operadorea, eta gaur egun, irailaren 1ean ospatzen da bere eguna. Lanbide zorrotza zen, diziplina ia militarra izan arren, gizartean berdintasuna lortzeko bide luzean emandako pausu garrantzitsua izan zen.

Emma Mills Nutt, munduko lehen telefonia-operadorea.


Hainbat hamarkadetan telefono kabinak espazio publiko garrantzitsuak izan ziren, eta herritarrek telefono kabinak zaindu eta errespetatzen zituzten. Izan ere, txanpon baten truke, munduko beste muturrean zegoen norbaitekin hitz egin zezaketen. Gaur egun, ordea, telefono mugikorraren hedapenaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak ia kabina gehienak erretiratu ditu. 

Zorionez, Lekunberriko kabinak zutik dirau, eta barruko apaletan dauden liburuak edonork utzi edo hartu ditzake. Gainera, euskaraz, zein beste hizkuntzetan dauden liburuak topatu daitezke aniztasuna eta irakurketa ohiturak uztartzen dituen kabina kuttun hartan. Halaber, beste herri batzuetan ere antzeko ekimenak garatu dituzte, hala nola; Otsagabian.

"Liburu Truke Leku" Lekunberriko telefono kabina zaharra. 

Telefono kabinak desagertzen ari diren arren, sortutako aztarna kulturalak bizirik dirau. Horrenbestez, proiektu honek, iraganeko makina erabilera berri batekin berpiztea lortu du. Ondorioz, garai bateko 25 pezeten ordez, oraingoan, liburuak kabinan sartzean,  jakinduria, artea, kultura, irakurketa eta hezkuntza partekatzen eta sustatzen dira.  

"Liburu Truke Leku" barrutik.