Irailaren 6an ospatu zuten Matarock jaialdia

Mailope Aldizkaria 2025ko ira. 11a, 19:02

Lenbailen musika taldea. Argazkia: Unai Lizarraga.

Gogotsu aritu da Mataderoko antolaketa taldea lehen edizio honetan. Los Tritus, Lenbailen, Mendeku, Iruñerria, Amaiur 22 eta Dj Aron izan ziren bertan jo zuten artistak.

Sarrera mugagabea izan zuen aurten jaialdiak, eta Ibarberri ikastetxeko frontoian ospatu zen. Bazkaria eta Mus Txapelketa egin ostean, 20:30etik aurrera zabaldu zituzten ateak, eta ehunka lagun elkartu ziren eszenatoki inguruan.

Duela 8 hilabete, Mataderoko gazteek pentsatutako ideia batetik sortu zen egitasmoa. “Rocka gustuko duen gero eta jende gehiago dagoela konturatu ginen, eta ilusio handiarekin jaialdi bat prestatzea pentsatu genuen, ibarrean rocka gustuko duenari gune berri bat eskaintzeko”, adierazi du Unai Lizarragak, antolatzaileetako kide aldaztarrak.

“Lehen aldia izanik, arazo ugari bizi ditugu: aurrekontuak neurtzea, taldeak bilatzea, data erabakitzea... Edonola ere, azkenean dena prestatzea lortu genuen eta ekitaldia ederki joan zen. Taldeek primeran jo zuten, giro bikaina izan zen eta espero genuena baino jende gehiago etorri zen. Primeran pasa genuen”, jarraitu du Lizarragak.

Giro polita sortu zen lehen edizio honetan, eta gainera, Leitzako Perurena harategiko foodtruck furgoneta ere bertaratu zen, gertuko hanburgesa goxoak eskainiz. 

Hala ere, datorren urterako jende gehiago animatzea espero dute, “aurrerago, ekitaldi handiago bat antolatu nahi dugu. Hau hasi besterik ez da egin!” adierazi du Unai Lizarragak.