Araizko Kablearen Eguna irailaren 20an ospatu zuten

Mailope Aldizkaria 2025ko ira. 24a, 09:29

Aurreko mendeko 20ko eta 70eko hamarkaden artean, Araizko Malloan belarra nola egiten zen eta kable bidez  nola garraiatzen zen azaltzen da Araizko Kablearen Egunean. Horrela, ekitaldiaren bidez, garai hartako langileak ere omentzen dira.

Araizko Zaporeek eta Araizko Udalak 2017an antolatu zuten lehen aldiz, eta ordutik ia urtero egin izan da. Aurten, irailaren 20an, larunbatez ospatu zen. Goizean goiz, Intzatik abiatu ziren, eta ondoren Zezelainen, Gaintzan, Malloko Kablearen Behatokia dagoen tokian, iraganeko tradizioak berpiztu zituzten: belarra moztu, bildu, jaso, eraman eta kabletik bota. Ibarreko herritarren parte-hartzea aipagarria izan zen; bertan izan ziren etxeko abeslariak, musikariak eta bertsolariak.

Palestinan gertatzen ari den genozidioa salatzeko eta ez ahazteko, bandera beltz, zuri, berde eta gorria zintzilikatu zuten lastozko fardoetan.

Egitasmoa amaitu ostean, 70 lagun inguru elkartu ziren bazkari herrikoian, eta gaztaren pisua asmatzeko apustua egin zuten. 2,750 kilo pisatu zuen, eta Uztegiko herritar bat izan zen galdera bitxiaren asmatzailea.

Amaitzeko, Araizko Zaporeek eta Araizko Udalak eskerrak eman nahi dizkiete larunbateko Araizko Kablearen Egunean modu batean edo bestean parte hartu zuten boluntario eta ikusle guztiei.