«S.D. Logroñes futbol taldearekin biziko dudan denboraldiaz gozatu nahi dut»

Mailope Aldizkaria 2025ko urr. 10a, 06:00

Jon Ander Unanua Iraola. Argazkiak: Jon Ander Unanua Iraola.

Jon Ander Unanua Iraola Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientzietan graduatu zen  Leonen. Goi-errendimenduko masterra ikasten ari zela entrenatzaile titulu guztiak lortu zituen. Aurten, S.D. Logroñeseko lehenengo futbol taldearen bigarren entrenatzaile eta prestatzaile fisiko da. Iraganean, Izarra futbol taldeko bitarteko teknikaria ere izan zen, eta bederatzi partidatan, zortzi irabazi eta bat berdindu zuten. 

Txikitatik datorkizu kirol zaletasuna?
Bai. Ikastolan gehien gustatzen zitzaidan ikasgaia heziketa fisikoa zen. Betidanik gustatu zait mundu hori. Futbola gustuko dut, baina horretaz gain; indarra, korrika eta beste kirol batzuk ere gogoko ditut.

Beti Kozkorren 10 urterekin hasi nintzen jokatzen. Erregionalera iritsi nintzenean jokatzeari utzi  eta Beti Kozkorreko entrenatzaile bilakatu nintzen.

“Ikastolan gehien gustatzen zitzaidan ikasgaia heziketa fisikoa zen”

2005. urteko argazki bat. Ezkerretara Jon Ander txikia zela, Beti Kozkor futbol taldean. 

 

Nolakoa izan da zure ibilbidea orain arte?
Futbol asko neukan buruan eta nahiko gutxi hanketan. 14 urterekin gaztetxoak entrenatzen hasi nintzen. Geroago, kirol zientziak ikasten ari nintzen bitartean, hiru taldetako entrenatzaile izan nintzen. Gradua bukatu nuenean, Beti Kozkorreko lehenengo taldera itzuli nintzen, bai metodologian eta bigarren entrenatzaile lanetan aritzera. Ondoren, Beti Kozkorretik Izarrara joan nintzen, handik Mutilverara, eta orain, Logroñes taldearekin nago. Egun, 31 urte ditut eta ia 15 urte daramatzat  entrenatzaile lanetan.  

“14 urterekin gaztetxoak entrenatzen hasi nintzen”

 

Zer lortu duzu Mutilverako esperientziatik?
Mutilveran batez ere metodologia landu nuen. Nire ideiak adierazteko, azaltzeko eta praktikan jartzeko aukera ederra izan zen. Metodologiaz gain, lan handia egin nuen jokalari gazteen entrenamendu pertsonalak landuz. Azkenean gaitasun handia edo talentua zuten jokalariak entrenatzen genituen, eta horien “mentore” izan nintzen. 

Gainera,  kirol arloan, kluba birformatu nuen; taldeen funtzionamendua, entrenamendu-sistema eta atal fisikoa landu nituen. Ardura handiko lana izan zen. Bi-hiru urte horietan asko ikasi nuen. 

Unanua taldea gidatzen. 

 

Eta gaur egun?

Orain Logroñesen bigarren entrenatzaile eta prestatzaile fisikoa naiz. Arlo fisikoa aztertzen dut; jokalarien kargak ikusi, egoera fisikoaren datuak landu,  bakoitzaren beharrak aztertu... Eta gainera, bigarren entrenatzaile ere banaiz. Laguntza teknikoa eskaintzen dut; ariketak, jokuak, hitzaldiak, aurkarien azterketak... Laburbilduz, lehenengo entrenatzaileari laguntzen diot.

“Orain Logroñesen bigarren entrenatzaile eta prestatzaile fisikoa naiz”

Unanua jokaldia aztertzen eta azaltzen. 

 

Zer da gehien gustatzen zaizuna entrenatzaile eta prestatzaile fisiko izatetik?

Batez ere jokalariei laguntzea gustatzen zait. Horrek pozten nau, eta gutxinaka nola hobetzen duten ikustea baloraezina da.  Hobekuntza horren zatitxo baten atal sentitzen naiz.

 

Eta gutxien gustatzen zaizuna?

Batzuetan futbolaren mundu inguruan pasio handia sortzen da, zirrara asko nahasten dira. Ondorioz, jokalariek eta entrenatzaileok une jakin batzuetan presio handia jasan behar dugu, eta hori kudeatzea ez da batere erraza. Uneoro joko baten ikuspegitik lanketa hori egitea zaila da. Eta batzuetan, nahiz eta gogor entrenatu eta ongi jokatu, ez da nahikoa, eta partidek ez dituzte beti emaitza onak izaten. Baina jokoa horrela da. Momentu horiek kudeatzean eta presio horri aurre egitean ikasten da.

“Batzuetan futbolaren mundu inguruan pasio handia sortzen da”

Jon Ander Lekunberriko futbol zelaiean kopa batekin. 

 

Nolakoa izango da datorren denboraldia?

Interesgarria izango da. Logroñes futbol taldearen maila handia da, eta erronka polita izango da. Aurreko urtean, jokalariek denboraldi polita egin zuten eta bigarren postua lortu zuten. Baina, talde jokoetan, erronka partidaz partida izaten da.

Nire ikuspuntutik, gauzak ongi egitea eta hainbeste alderdi kudeatzea dira erronka nagusiak. Azkenean, futbolean beti hobetu nahi dugu. 

Aurtengo denboraldia erronka polita izango da, eta prozesuaz gozatu eta jokalariei lagundu nahi diet. Etorkizun urrun batean zer gertatuko den eta noraino iritsiko naizen batek dakit, baina egungo zirrararekin jarraitzea espero dut.