«Betidanik asko gustatu izan zait etxeko gozogintza»

Mailope Aldizkaria 2025ko urr. 10a, 08:00

Dimitrina Georgieva etxean egindako tarta batekin. Argazkiak: Dimitrina Georgieva.

Dimitrina Georgieva Stoykova, 2003ko apirilaren 6an iritsi zen Bulgariatik Lekunberrira. Emakume sortzailea da, lau urteko jostun-ikasketak egin zituen, eta Teknika eta Teknologia Pedagogiako unibertsitatean graduatu zen. Azken urteotan gozogintzan murgildu da. Postre gozo eta gaziak eskuz sortu eta etxez etxeko mandatuak egiten ditu.

Dimitrinaren espezialitatea Bulgariako postreak dira, baina Euskal Herriko gozoki tipikoak ere sortzen ditu, eta bezero bakoitzaren eskakizunetara egokitzen da. Gainera, glutenik gabeko eta azukre gutxiko errezetak ere prestatzen ditu, zapore goxoko postre arinak eta osasungarriak sortuz. 

Nola hasi zinen gozogintzan?
Gozogintza betidanik gustatu zait, amak piztu zidan postreak sortzeko zaletasuna, berari asko gustatzen zitzaion.

Bulgarian, azken hiru udetan, ikastaro bat egin nuen ezagutzak freskatzeko, eta Lekunberrira itzuli nintzenean postre txikiak egiten hasi nintzen, mandatu errazak.

“Kalitate oneneko produktuak erabiltzen saiatzen naiz”

Dimitrinak sortutako tarta. 

 

Nolako gozoak sortzen dituzu?
Denetarik. Adibidez, Baklava, turkiar jatorriko postrea baina Bulgarian ere oso ohikoa dena. Kozunak ere oso tipikoa da, txirikorda baten antzekoa. Postre gaziak ere sukaldatzen ditut, aldatzea gustatzen zait.

Kalitate oneneko produktuak erabiltzen saiatzen naiz, hala nola: Dulci Light, kakao purua, glutenik gabeko oloa eta arrunta, arroz-irina, arto-irina... Produktu onak erabiltzea gustatzen zait, eta eskaerak prestatzeko, garaiz abisatzea nahiago dut; tarta bat sortzeko hiru egun inguru behar izaten ditut eta. 


Esaten dute nire postreek zapore ona dutela, mamitsuak eta leunak direla. Askotan etxeko marmelada eta produktu naturalak erabiltzen ditut. Zeliakoentzako glutenik gabeko aukerak ere eskaintzen ditut. Senarrak beti animatzen nau gozogintza txiki bat irekitzera. Beti esaten dit egiten ditudan postreak oso aberasgarriak direla eta azukre kantitatea egokia dela. Egia esan, errezetetan azukre gutxiago erabiltzen saiatzen naiz. Probatzea gustatzen zait, denborarekin gero eta hobeto atera daitezen.

“Postre gaziak ere sukaldatzen ditut”

 

Zein da zure espezialitatea?
Niretzat, Kozunak. Erraza dirudi, baina zaila da, egun oso bat behar da gutxienez, hiru aldiz nahastu behar delako. Gero, esaten den bezala, “hariz” ireki behar da. Prozesu neketsua da.
Masa amarekin prestatutako jakiak ere gustuko ditut. Horrela, produktu gaziak egiten ditut.

 

Zer joera ikusten dituzu gaur egun gozoen munduan?
Azukredun postreak gero eta gehiago kontsumitzen direla uste dut, hiri handietan batez ere. Herri txikietan agian ez dira hainbeste eskari egiten, baina kontsumoa bai. Modan daude postre txikiak eta arinak direnak, gehiegi betetzen ez dutenak, askotan txokolatezkoak. 

“Azukredun postreak gero eta gehiago kontsumitzen direla uste dut”

 

Zer da gozogintzatik gehien gustatzen zaizuna?
Prozesutik, azken zatia: apaintzea. Hasieran bizkotxoak prestatzen ditut, egun bat edo bi “atseden hartzen” uzten ditut, gero ongi moldatzeko. Postrea apaintzeko azken une horrek, alderdi sortzaileak, liluratzen nau. 

“Postrea apaintzeko azken une horrek, alderdi sortzaileak, liluratzen nau”

 

Nola garatu nahi duzu zure proiektu?
Etorkizunean gozotegi txiki bat ireki nahiko nuke, baina pixkanaka. Lehenik gauzek nola garatzen diren eta proiektua nola hazten den ikusi nahi dut. Oraingoz, dena etxean egiten dut, enkarguz bakarrik.

Eskaerak egiteko, interesa dutenek 676 535 099 zenbakira deitu edo mezu bat bidal dezakete, eta nik poz-pozik erantzungo diet.