Udalek jantokiko langileen eskubideak bermatu eta kontratazioaren subrogazioa bete dute. Gainera, zerbitzu berri honek erabiltzaileei ez die kostu gehigarririk ekarriko eta Hezkuntza Sailak laguntzak emango dizkie eskubidea duten ikasleei. 2025-2026 ikasturtean, jantokiak 175 eguneko zerbitzua eskainiko du, astean bost egun. Zerbitzua, haurrentzako, lehen eta bigarren Derrigorrezko Hezkuntzako Ikasleentzat izango da.
Araxes ikastetxeko jantokian gaur egun 33 ikasle finko daude, eta horrez gain noizbehinka erabiltzaileak ere onartzen dira. Proiektu honek eskualdeko jantokiak duindu nahi ditu, bertako produktuak eta menu osasungarriak sustatuz, beste eskolentzat eredu izanez.
“Bi jangela kudeatzea erronka handia da” Nere Sotil
Nola sortu zen Jangela Batzordea? Eta jantokia kudeatzeko proiektua?
Sorkunde: Lan taldea oso ongi sortu zen. Helburu amankomun batengatik elkartu ginen. Jantokiaren inguruan gauzak aldatu beharra zirela argi genuen.
Jon: Aurreko ikasturtean proiektuari buruzko hitzaldiak antolatu genituen gurasoak informatzeko, egoera zein zen azaldu eta aldaketa baten alde
apustu egin nahi genuela adieraziz.
Maria: Bazkarien prezio igotzean eta bertako produktuen erabilera desagertzen ari zela ikustean, proiektua garatzeko unea zela erabaki genuen.
Jon: Testuingurua egite aldera, gu eskualdeko eskola gara, eta legeak zioenez, Nafarroako Gobernuak lizitazio bat argitaratu behar zuen garraiatutako ikasleen jantokia eta garraio zerbitzua bermatzeko. Haiek arduratzen ziren denaz; lizitazioa argitaratzen zuten eta enpresak hori eskuratzeko lehiatzen ziren. Baina gure kasuan, jantokia ez zen errentagarria, eta askotan ez zen enpresarik aurkezten. Beraz, Nafarroako Gobernua, enpresekin negoziatzen hasi zen. Eta zer egiten zuten enpresek? Ba prezioa igo. Eta gobernuak igoera hori onartzen zuen. Ondorioz, gorakada ekonomiko handia nabaritu genuen, azken urtean jantokiaren prezioa bikoiztu egin zen: 7 eurotik 15 eurora.
Maria: Orduan ikusi genuen ezin genuela egoera hura onartu. Aurreko urtean lortu genuen prezioa 15 eurotik 7,50 eurora jaistea, baina...
Jon: Azkenean, hezkuntza publikoko jantokian eguneko 15 euro ordaintzea gehiegi zela iruditzen zitzaigun. Garraiatuek 2 euro bakarrik ordaintzen zuten, bai, baina Beteluko umeek 15 € ordaintzea gehiegizkoa zen…
Nerea: Horren aurretik erabiltzaileok ez geunden gustura. Erabakitzeko ahalmena galdu genuen, ez zituzten hemengo produktuak erabiltzen... Horren ondorioz eta Nafarroako Gobernuak dekretu bat aldatu zuelako, proiektua garatzea erabaki genuen.
Jon: Dekretu horretan, Nafarroako Gobernuak jantokiaren ardura hartzeko aukera eskaintzen zien bertako udalei. Beraz, bide horri eutsi genion eta Betelu eta Araizko udalek hitzarmena bete zuten, eta egun, beraiek dira arduradunak. Gure zubi izan dira.
Nerea: Leitzan ere ibilbide berdina izan dute, eta paraleloan elkarren artean
lagundu gara. Proiektu honetan ikuspuntu desberdinak elkartu ditugu: eskola,
gurasoak, bi eskualdeak…
Sorkunde:Elkarren arteko harremana ezinbestekoa izan da.
“Azken urtean, jantokiaren prezioa bikoiztu egin zen” Jon Altuna
Nolako hobekuntza aurreikusten dituzue?
Jon: Hasteko, nutrizionista Nere da, Betelukoa, bertako pertsona batek kudeatuko ditu jantokiko menu eta elikagai guztiak.
Nere: Elikadura menuak sortzeaz gain, elikaduraren segurtasuna, elikadura orokorra, legeak, hornitzaileak… Dena prestatu behar genuen. Uda honetan lan handia egin genuen, eta oraindik hasten ari gara.
Egia esan, nik beti izan dut eskolako jantokiaren inguruan iritzi pertsonal bat: nire garaian oso ongi jaten genuen, baina azken urteetan gabezia handiak ikusi ditut. Orduan, bi jangela kudeatzea erronka handia da. Nire eguneroko lanarekin oso desberdina da, baina uste dut umeek jantokian ikasten dutena etxera eramaten dutela, eta askotan errazagoa dela umeek etxera eramatea, helduek umeei irakastea baino.
Dena martxan jarri genuen, eta feedback oso ona izan dugu bai Leitzatik eta bai hemendik. Umeak oso gustura daude, platerak gustura jaten dituzte. Sukaldariek ere gogo handia dute, ilusioz eta goxotasunez ari dira lanean, lan handia egiten dute eta proiektua garatzeko ezinbestekoak dira.
Nutrizio aldetik elikadura egokiena eskaintzen dugu, ahal den guztia ekologikoa eta bertakoa.
Umeek gauzak probatzeko gogoa dute. Gainera, egia da haur askok elikadura-arazoak dituztela eta zenbait elikagai ezin dituztela jan; hori bertatik bertara kudeatzea oso onuragarria da, eta aurten, umeen kopurua bikoiztu egin da.
Hasiera ona izan dugu, umeak eta gu oso pozik gaude. Talde-lanketa bat egiten ari gara eta ez da inolako enfrentamendurik egon gure artean.
Sorkunde: Gainera, bi eskualdeetako langile kopurua handitu eta lan baldintzak hobetu dira.
"Bazkarien prezio igotzean eta bertako produktuen erabilera desagertzen ari zela ikustean, proiektua garatzeko unea zela erabaki genuen" Maria Sotil
2024. urtean egin zuten elkarretaratzea.
Eta gaur egungo produktuak nondik eskuratzen dituzue?
Nere: Produktu gehienak Ekoaldetik datoz; haragia, berriz, Maite harategitik eta Leitzako Arzallus harategitik. Jogurtak lehenengo bost hilabeteetan Gar-Goik-etik ekarri ditugu (Betelutik), eta hurrengo bost hilabeteetan Balerdikoak izango dira. Ogiari dagokionez, Lezaetako ogia erabiltzen dugu, baina hori ez dagoenean, bost hilabetez Betelukoa eta beste bost hilabetez Nerea Arribekoa.
Eguneko prezioa zein da?
Jon: Nafarroako Gobernuak legez ezarria du garraiatuentzat 2 euro ordaintzea bazkari bakoitzeko, eta hilean 35 euro guztira. Beteluko erabiltzaile finkoek, berriz, gehienez 7 euro ordaintzen dute eguneko. Horrek hilean 122,50€ euro inguruko kostua dakar. Jantoki honek jasotzen dituen dirulaguntza guztiak erabiltzaile finkoen arabera kalkulatzen dira, eta laguntzak ikasle horiei zuzenduak dira. Beraz, ikasle finkoez gain noizbehinka etortzen diren horiek, nahitaez, prezio handiagoa ordaindu behar dute.
Izan al duzue zailtasunik?
Nere: Nik barneko kontraesan bat sentitzen dut. Nafarroako Gobernuak jantokiak kudeatzeko aukera eman digu, baina aldi berean betebehar eta exijentzia asko bete behar dira. Horretaz gain, guk nahi ditugun hornitzaileak bilatzea zaila dela konturatu naiz. Adibidez, arrain freskoa lortu nahi genuen, eta arraintegi txikiago bat bilatzen saiatu ginen, baina horrelako komertzio txikiek normalean ez dute eskolentzat lan egiten. Arraintegi handiagoekin, berriz, ez genuen lan egin nahi…
Sorkunde: Alderdi ekonomikoa ere zaitasunetako bat izan da. Proiektua martxan jarri dugu, baina ez genekien dena finantzatzeko aukera izango genuenik, eta diru-sarreren ziurtasunik ere.
Jon: Azkenean, askorentzat sartu garen esparru hau berria da eta ezjakintasuna ere zailtasun bat izan da.
Sorkunde: Eta Nafarroako Gobernuari gure betebeharrak ongi bidaltzea eta lizitazioa betetzea, ere.
Eta babes ekonomikoa?
Jon: Nafarroako Gobernuak bide bat ireki du. Orain, gure proiektua lehenengoa da. Beraz, proiektua ongi garatzen badugu, hemendik hainbat urtetara eskola askok bide bera jarraitzeko aukera izango dute. Hori dela eta, beharrezkoa ikusi genuen bultzada ekonomiko bat izatea.
Duela bi aste, EH-Bilduk, saio parlamentario bat eskatu zuen proiektu honen aurkezpena egiteko, eta Jangela Batzordeko kide batzuk joan ginen: Betelutik Nere eta ni, eta Leitzatik zinegotzi bat, guraso bat eta langile bat. Nafarroako Parlamentuak osatzen dituzten alderdi guztiak joan ziren (VOX kenduta, beste saio parlamentario batean zegoelako), eta proiektuaren aurkezpena egin genuen. Bertan esan ziguten oso proiektu interesgarria sortu genuela eta lan oso ona egin genuela. Beraz, abenduko aurrekontuak onartzeko garaian, proiektu hau garatzeko beste dirulaguntza bat onartzea nahiko genuke.
Maria: Horretaz gain, Cederna Garalurren bidez beste dirulaguntza bat eskatu genuen, bertako ekoizleekin lan egiteagatik. Horrek bertako merkatarien sareak indartzen laguntzen du.
Nerea: Ekoalde eta Maite harategia sare horretan daude, baina momentuz ez dakigu dirulaguntza hori lortuko dugun.
Jon: Baina gure asmoa ez da proiektu honekin dirua lortzea; jantoki duin bat eskaini nahi dugu, kalitatezko janarian eta eskaintzan dirua inbertituz.
“Ez zituzten hemengo produktuak erabiltzen" Nerea Martiarena
Orain, zein da zuen rola?
Jon: Jangela Batzorde honetan hainbat eragile gaude; batzorde mistoa da, eta umeak ere parte izatea nahi dugu. Hezkuntza aldetik, jangela gauza asko landu daitezkeen gune bat dela uste dugu, eta hori lantzea garrantzitsua da: bizikidetza, elikadura-ohiturak, higienea… Garai batean horrela zen, baina pandemiak dena aldatu zuen, eta garai hartako ohiturak berreskuratu nahi ditugu. Lanketa hori bideratu nahi dugu, gurasoen, nutrizionisten, udalen eta langileen laguntzaren bitarteaz.
Nerea: Adibidez, gure garaian otorduak egin ondoren hortzak garbitzen genituen, siesta egiten genuen; Jonek esan duen bezala, haurrek jantokian laguntzen zuten, handienek txikiei laguntzen zieten, mahaiko arduradun bat jarri, txandak egin… Ohiturak berreskuratzea, eta otordua benetan zer den ikustea dira helburuak.
Sorkunde: Umeek bazkalordua beraien unea dela sentitzea nahi dugu, ez kanpoko zerbait.
Maria: Gainera, zerbitzua hobetu eta bertako produktuak erabiltzen jarraituko dugu.
Nere: Eta haurrei elikagaiekin irakatsi nahi diegu, elikagai berriak probatzea eta etxeko menutik kanpo ere aukera desberdinak ezagutzea.
“Bi eskualdeetako langile kopurua handitu eta lan baldintzak hobetu dira” Sorkunde Sotil
Beraz, etorkizunean...
Nerea: Etorkizunera begira, orain kontatu dugun guztiarekin memoria bat egin nahi dugu. Batez ere beste eskola bat animatuko balitz zerotik ez hasteko, egun dugun esperientzia elkarbanatzeko. Adibidez, Lekunberriko eskola animatuko balitz, gure lana eredugarri izan daiteke. Horregatik, aurtengo ikasturtean memoria bat egingo dugu.
Jon: Hemen dagoen jende asko boluntarioak dira, eta hori benetan eskertzekoa da. Halako ekimen bat boluntarioren sostengurik gabe sortzea, oso zaila izango litzateke. Hitzaldiak horretarako egin genituen, eta bakoitzak ahal duen neurrian parte hartzen du. Ikusi dugu aldaketa nabarmenak gertatu direla Beteluko eta Leitzako jantokietan, eta oso pozik gaude. Hemen gaude eta pozik gaude; eginiko ahaleginak merezi izan du.