Mailope.eus-en albisteen titularra eta sarrera itzultzeko aukera aktibo dago

Mailope Aldizkaria 2025ko urr. 17a, 11:52

TOKIKOM Plataforma darabilen mailope.eus web orrialdean, aukera berri bat agertu da erredakzioak sortutako edukietan: albisteen titularrak eta sarrerak beste hizkuntza batzuetara itzultzeko aukera, hain zuzen ere.

TOKIKOMen hitzetan “eztabaida eta zer pentsatu asko eman duen erabakia izan da. Alde batetik, oso garrantzitsua da edozein komunikabidek teknologia berriek ematen dituzten aukerak baliatzea. Baina beste batetik, TOKIKOMeko komunikabideok bi ezaugarri nagusik definitzen gaituzte: gertutasunak eta euskarak.

Mailope euskarazko komunikabidea da, eta hala izaten jarraituko du. Gure zereginaren zati bat da ikusaraztea badela gure eskualde, herri eta auzoetan euskaraz garatzen den bizi eta dinamika zabal eta aberatsa.

Beraz, izaera hori aurrerapen teknologikoek eskaintzen dizkiguten tresna berriekin elkartzeko, Mailoperen erredakzioek sortutako edukietan, lerroburua eta sarrera beste hizkuntza batzuetara itzultzeko aukera aurkituko duzue: testua entzuteko botoiaren ondoan. Era horretan kontatzen denaren mamiaz jabetzen lagundu ahal diegu euskaraz ez dakiten edo ikasten ari diren bizilagunei, aldi berean argi utzita jatorrizko edukia euskaraz landuta dagoela.

Oraingoz, hainbat hizkuntza daude sisteman: gaztelera, frantsesa, ingelesa… baita beste hizkuntza minorizatu batzuk ere: galegoa, katalana… eta, teknikak ahalbidetzen duen neurrian, asmoa da pixkanaka-pixkanaka inguruan entzuten diren bestelako hizkuntzak ere gehitzen joatea.

TOKIKOMen hitzetan ondo erabiliz gero, adimen artifizialak eta itzulpen automatikoak hizkuntza eta kultura aniztasunari lagundu ahal diote, eta hurrengo hilabeteetan ahaleginak egingo ditugu zentzu horretan: euskaratik eta euskaraz, baina inguruan dugun aniztasun hori babesten eta sustatzen”.

Esperimentazio horretan, gainera, bidelagun bikainak izaten ari dira, hala nola hizkuntzen trataera automatikoan punta-puntakoak diren Elhuyar eta Vicomtech, edo 31 komunikabide batzen dituen TOKIKOM Plataformaren atzean dagoen Codesyntax.

Beraz: itzultzeko botoiak txertatu izanak ez du esan nahi gure betiko izaerari uko egin diogunik. Animatu probatzera eta, ekarpenik edo iritzirik izanez gero, bete galdetegia: feedbacka