ERREPORTAJEA: Oihana Goikoetxea (Betelu)

«Lasaitasunak turismo jasangarria erakartzen du»

Mailope Aldizkaria 2025eko azaroaren 6a

Oihana Goikoetxea, Apeztiberri landetxearen parean. Argazkiak: Oihana Goikoetxea.

Pasa den turismo-denboraldian Araitz eta Betelu helmuga erakargarriak izan dira bisitari askorentzat. Aurten, eguraldiak jendetza handia erakarri du. Izan ere, lasaitasuna maite duten familiak bertaratu dira eskualdeko paisaia berde biziak ikustera, erreka garbietan igeri egitera eta herri txikien xarma ezagutzera.

Aurtengo bisitarien gune gustukoenetako bat Beteluko presa izan da.
Araxes ibaian dagoen igerileku naturalak familiak eta lagun-taldeak
erakarri ditu, egun pasa lasaia egiteko aukera paregabea baitu. Baina
presaz harago, inguruan txoko polit ugari daude, besteak beste: Plazaola
Bide Berdea, Aralar, Mendukilo…
 
Eskualdea Donostia eta Iruñearen artean kokaturik, bisitariek egun berean hiri giroa edo kostaldeko planak natur inguruko egonaldi lasaiekin
uztartzeko aukera bikaina dute. Gainera, aipagarriak dira inguruko tabernetan eta dendetan kontsumitu daitezkeen tokiko produktuak, baita
herriko gastronomia ere.
 

 

Udako balantze baikorra egin du Apeztiberri landetxeak 

Beteluko natura berde eta lasaian kokatzen da Apeztiberri landetxea, harriz eta egurrez eraikitako baserri tradizionala. Etxea maitasunez berritu zuten Martin eta Oihana Goikoetxeak, Eneritz, Malen eta Andoitz seme-alabekin batera. Berritze prozesuan etxearen nortasuna mantentzea erabaki zuten, izan ere, harresi zaharrak eta egurrezko habeak mantendu zituzten. Haien helburu nagusia kanpotik etortzen diren bisitariak etxean sentitzea da.  Halaber, Apeztiberri esperientzia eder bat da, tximiniaren berotasuna ezinbestekoa da neguko gauetan, baita lorategiko barbakoak uda arratsalde beroetan… Bisitariek aisialdirako aukerak eta erosotasuna dituzte eskura. Gainera, hamaika logela ditu, sukalde guztiz hornitua eta barneko zein kanpoko gune zabalak.

“Beteluko presa erakargarria da”
 

Oihana Goikoetxeak, Apeztiberri landetxearen arduradunak, uda honetan jende ugari egon dela adierazi du, “uztaila nahiko jendetsua izan da, batez ere asteburuetan eta bigarren hamabostaldian. Abuztua beti jende ugari hurbiltzen da. Irailean, berriz, jende gutxiago, batez ere asteburuetan”. Horregatik, gehienetan familiek gerturatzen dira, eta ez dira bi gauetarako soilik gelditzen, “udan, gure landetxea bost egunetik gorako egonaldi baterako alokatu behar da. Goi-denboraldian ez dugu asteburuko erreserbarik eskaintzen, eta horrek turismo lasaia eta familiarra erakartzen ditu”.

“Lasaitasuna, paisaia menditsuak eta kolore berde biziak dira jendeari gehien gustatzen zaizkionak”
 

Eta orduan, zergatik hautatzen dute bisitariek Apeztiberri landetxea? Oihanaren hitzetan, “Beteluko presa erakargarria da, eta uda honetan jendetza hurbildu da bertara. Eskualdeko turismoan garrantzi handia du. Baina agia da gure inguruak bisitariak erraz erakartzen dituela; lasaitasuna, paisaia menditsuak eta kolore berde biziak dira jendeari gehien gustatzen zaizkionak”.

Bisitarien ugari hiri handietatik hurbiltzen dira: “Gehienetan leku lehorretatik etortzen dira: Madrild, Valentzia… Eta hemen kontraste handia topatzen dute. Hango bero eta lehortasunetik gure freskotasunera salto egitea esperientzia ederra da beraientzat. Eta egia esan, mendiko ibilbideak egitera jende gutxi animatzen da; gehiengoak atseden hartzera, herrian paseatzera eta naturaz gozatzera etortzen dira”. Gainera, nazioarteko jendea ere ez da falta: “uda honetan ia herrialde guztietako bisitariak izan ditugu: ingelesak, frantsesak... Eta gehienetan familiak. Ezkondu aurreko agur festak eta horrelako ospakizunak ez ditugu izaten; gure eskaintza ez da erakargarriena horrelako plan bat egin nahi dutenentzat”.

Turismo honek herriko ekonomian ere eragin positiboa duela azpimarratu du Goikoetxeak: “Nik etortzen diren bisitariei beti gomendatzen diet hemengo produktuak erostea. Herriko haragia oso goxoa da, eta gure supermerkatua oso erosoa. Horrez gain, bertako merkatalgoak ezagutzera animatzen ditut. Turismo jasangarriak gure herria ezagutarazten du, eta dendari zein tabernarientzat onuragarria da”.

Azkenik, Oihana Goikoetxeak bisitarien interes ezberdinez ere hitz egin du, “lasaitasunak turismo jasangarria erakartzen du; gaztandegia, Peru-Harri edo inguruko beste txoko batzuk ere sarri bisitatzen dituzte. Guk landetxetik irten eta bertako eskaintza ezagutzeko animatzen ditugu. Ezinbestekoa baita turismoak herriarekin eta eskualdearekin lotura onuragarria mantentzea. Horrek benetako esperientzia sortzen baitu”.

Apeztiberri landetxearen egongela.

 

 

logela bat. 

Sukalde-egongela.

 
Natura, kultura eta jasangarritasuna ezinbestekoak izan dira

Baina udako turismoa ez da Betelura mugatu. Aurtengo udan, Plazaola Partzuergo Turistikoak ’Plazaola Ezagutu: Bizi Lurra, bizi komunitatea’ programa jarri zuen martxan, Nafarroa Ezagutu sarearekin elkarlanean. Sei asteburutan zehar, adin guztietako pertsonek landa-bihotzaren altxor natural eta kulturalak ezagutzeko aukera izan zuten, tokiko historia, paisaia eta kulturarekin harreman zuzena sustatuz.

“Bisitari ugari hiri handietatik joaten dira”
 

Egitarau zabala izan zen: Goizuetan Iberoko dorrea eta burdinola bisitatzea; Mendukiloko kobazuloetan gaueko fauna behatzea; Plazaolako bide berdearen historia eta irisgarritasuna ezagutzea; eta Larraun ibaian auzolanean hondakinak biltzea.

Goizuetan kokatzen den Iberoko dorrea kanpotik ikusten. Argazkiak: Lekunberriko Udala eta Plazaola Partzuergo Turistikoa.

 

Goizuetan kokatzen den Iberoko dorrea barrutik ikusten.

 

Plazaola Ezagutu: Bizi Lurra, bizi komunitatea’ programa.

 

Larraun ibaian auzolanean hondakinak biltzen.

 

“Araitz: Natura eta Lurraldea” izeneko bisita gidatua.

 

Horren harira, Araitzen, abuztuaren 16an, “Araitz: Natura eta Lurraldea” izeneko bisita gidatua egin zen. Ekitaldiaren helburu nagusia bisitariak ingurune natural eta kulturalarekin lotzea izan zen, eta ibilbidea Intzan hasi zen, Kablearen Behatokira igota. Aizti Ingurumen Zerbitzuetako teknikariek bertako natura eta lurraldearen historia azaldu zuten, eta ondoren, bisitariek Perunea etxeko zaldiak ezagutzeko aukera izan zuten. Zaldien sentsibilitatea baliatuz, ongizatearekin eta terapia-helburuekin lotutako azalpenak eman zituzten Aukeran, Intzan. Parte-hartzaileek esperientzia oso aberasgarria izan zutela adierazi zuten, eta bisitari asko, irailaren 20an, Araizko Kablearen Eguna ospatzera itzuli ziren.

Jarduera horien guztien helburuak turismo jasangarriagoa, irisgarriagoa eta komunitatearekin konektatuagoa sustatzea izan dira.

 

Turismoa eta herritarren arteko eragina

Araitz eta Betelu uda honetan naturaren, kulturaren eta tokiko bizimoduaren erakusleiho bilakatu dira. Presak, ibaiak, mendiek eta landetxeek bisitarien oroitzapenetan arrasto sakona utzi dute, eta herriko paisaia eta xarma ezagutzeko aukera paregabea eskaini ere. Gainera, bisitariek tokiko produktuak dastatu, artisautza ezagutu, eta udalerriko historia eta tradizioekin harreman zuzena izan dute.

“Turismo jasangarriak gure herria ezagutarazten du”

Herritarrek turismoa jasangarria eta errespetuzkoa izan dadin ahalegin handia egin dute, eta horrek emaitza argia izan du: bisitariek ingurunea zaintzen duten bitartean, euren esperientzia zoragarria bizitzeko aukera dute. Apeztiberri eta beste landetxeek eskaintzen duten harrera beroak eta egonaldi atseginak turismoa harreman pertsonal eta komunitario baten esparruan kokatzen dute. Azkenean, gure eskualdeko natura eta kulturarekin, bisitariek atsedena bertan aurkitzen dute.

Zaldiei buruzko azalpenak Aukeran