ELKARRIZKETA: Inaxio Azkoaga Lasheras (Donostia – Lekunberri)

«47 herrietako parrokoa izatea esperientzia aberasgarria izan da»

Mailope Aldizkaria 2025eko azaroaren 7a

Jesús Jaimerena, Inaxio Azkoaga eta Jesus Mari Sotil mendian. Argazkiak: Inaxio Azkoaga.
Inaxio Azkoaga Lasheras, Donostian jaio zen, baina bere bizitza erdia Lekunberri, Larraun, Araitz eta Beteluko 47 herrietako parroko izaten jardun du. Gaur egun, Donostiako apezpikuaren eskaeraz Erromara joan da doktoretza egitera.

Zer ikasi zenuen parroko izateko?
Gaztetan Zuzenbideko karrera egin nuen EHUn (Euskal Herriko Unibertsitatean). Ondoren, 2011tik 2014ra Zuzenbide Kanonikoan lizentziatu nintzen Erroman, eta 2014tik 2025era 47 herrietako parroko izan nintzen; azken urteotan Sotil eta Santi apezekin batera.
“Nire maisuak Jesus Mari Sotil eta Jesus Jaimerena izan ziren”
Duela bi urte Donostiako apezpikuak doktoretza egitea proposatu zidan, Gipuzkoan beste lan batzuk egin ahal izateko. Urte pare bat pentsatzen egon ondoren, aurtengo uztailaren bukaeran baiezkoa ematea erabaki
nuen. Beraz, San Tiburtzio egunean, abuztuaren 11n, Leitzako meza nagusian eta YouTubeko kanalean, nire erabakiaren berri eman nuen.
 
"Lekunberri ikaragarri hazi da”
Ordutik hainbat agur egin dizkidate: Gorritin San Bartolome egunean,
Lekunberriko azken mezan, irailaren 27an Intzako Santa Kruz ermitan...
Ekitaldi guztiak oso politak izan ziren. Irailaren 28an, Areson eta Leitzan ere agur beroa egin zidaten. Gero bazkari handi bat egin genuen Katagorri
soziedadean, parrokia guztietako kolaboratzaileekin. 150 lagun inguru
elkartu ginen bazkaltzera, eta irailaren 29an, biharamunean, Erromara joateko hegazkina hartu nuen.
Orain Erroman bizi naiz eta doktoretzako ikastaro batzuk egin eta
gero, tesia garatu beharko dut. Doktoretzak hiru urte irauten du, baina
Erroman otsailera arte egongo naiz, gero Donostiara itzuli eta joan-etorrian ibiliko naiz tesiaren aurkezpena Erroman egin arte.
“Bideoak YouTuben jartzen ikasi eta egunero-egunero Limako etxebizitzan zegoen kapera batean mezak grabatzen hasi nintzen”
Nola iritsi zinen Lekunberrira?
Iruñeko Seminarioan ikasi nuen eta hirugarren mailako ikasleoi astebu
ruetan parrokietara bidaltzen gintuzten praktikak egitera. Astelehenetik
ostiralera seminarioan egoten ginen, eta ostiraletik igandera parrokietan.
Beraz, 2000. urtean, seminarioko laugarren ikasturtean nengoela, Lekunberrira bidali ninduten, eta asteburuetan bertan egoten nintzen.
Geroago, 2001-2002 ikasturtean Leitzara joan nintzen; han diakono izendatu ninduten, eta 2002-2003 ikasturtean han bizi nintzela Lekunberrira ere joaten nintzen. 2003an apeztu ostean Betelu eta Araizko bost herri txikietan egon nintzen. Hala ere, Lekunberrirekin nuen harremana ez nuen eten, han ematen bainuen katekesi.
2000. urtetik aurrera Araitzera joan nintzen, eta 2007an Gorriti eta Uitziko
parroko izendatu ninduen apezpikuak, eta 2008an Lekunberrikoa. Han
aritu nintzen 2011 arte. Gero, hiru urte eman nituen Erroman, eta 2014an,
itzuli nintzenean, hasieran 25 herri eman zizkiguten hiru apezoi; baina
pixkanaka, herri kopurua 47ra igo da, apez batzuk gaixotu edo hil egin
baitira.
 
Oroitzen al zara Lekunberrira iritsi zineneko une hartaz?
Bai, niretzat oso une berezia izan zen. Nire maisuak Jesus Mari Sotil
eta Jesus Jaimerena izan ziren, eta bi horiengandik asko ikasi nuen: Jesus
gizon lasaia zen, eta Sotil oso gizon irekia.
Nire lehen asteburua Lekunberriko festekin batera suertatu zen, 2000.
urteko Pilarika festetan. Oso esperientzia dibertigarria izan zen: jubilatuen
bazkaria, Sotilen kuadrillako afaria, Pilarikako meza, ermitako bederatziurrena... Dena oso polita izan zen.
Lehen asteburu hartatik poz-pozik itzuli nintzen etxera, eta esperientzia
oso aberasgarria izan zen. Garai hartan 25 urte besterik ez nituen; gazteei katekesia ematen nien, eta lagun berriak egiteko aukera izan nuen. Urte asko pasa dira ordutik, eta bizitako esperientzia oso polita izan da.
 
Eta esperientzia bereziak...
Esperientzia gehiegi ditut... Oroitzapen asko. Nire bizitzaren erdia partekatu dut zona honetako jendearekin, eta hori sekula ahaztuko ez dudan gauza bat da. Nire burua bertakoa sentitzen dut, eta nahiz eta orain beste leku batera joan, harreman hori ez da inoiz bukatuko. Beti iraungo du nire bizitza osoan: bertako adiskidetasunak, esperientziak, han ikasitakoa... dena. Euskara ere aldatu zait pixka bat; orain pertsona bera naiz, baina herrixka zoragarri hauek eta bertako jendeak eragin handia izan dute nigan.
 
Zein da zure ermita edo eliza gustukoena?
Ermita guztiak gustuko ditut, baina bat aipatzekotan oso gustuko dut Gorritiko Santa Barbara. Hortik ikusten diren bistak zoragarriak dira. Eta, noski, gure zonako erreferentzia handiena Aralarko San Migel da, horrek badu zerbait berezia, nolabait gure eskualdea batzen duen toki berezia baita.
 

 Sotil, Inaxio eta Santi.

Zu iritsi zinenetik asko aldatu al da Lekunberri?
Lekunberri ikaragarri hazi da. Iritsi nintzenean 800 biztanle besterik ez
ziren, eta gaur egun kopuru hori ia bikoiztu egin da. Batetik, Lekunberri herria asko modernizatu da. Bestetik, erlijioaren arloa ez da gehiegi aldatu, garai hartan den-denek parte hartzen zuten katekesian; orain, aldaketa txiki batzuk suertatu dira.
 
“Ermita guztiak gustuko ditut, baina bat aipatzekotan oso gustuko dut Gorritiko Santa Barbara”
Nolakoak izan dira inguruko herritarrekin sortutako harremanak?
Ni oso gustura egon naiz, eta jendearengandik asko ikasi dut: gazteen modak, herriko ohiturak, lehengo apezen istorioak... Niretzat oso interesgarria izan da. Hasieratik harrera bikaina egin zidaten, eta oso estimatua sentitu naiz.
 
Nola bururatu zitzaizkizun web orrialdea eta YouTube kanala sortzeko ideiak?
Pandemiaren garaian denok etxean geratu ginenean, ni Liman nengoen;
urte hauetan Limako elizbarrutiarekin ere kolaboratzen aritu naiz.
Beraz, han nengoela, nire arrebak sarean meza asko partekatzen ari
zirela aipatu zidan. Baina ez omen zegoen euskarazko mezarik, eta
nik bideo horiek grabatzeko eta YouTuben jartzeko ideia proposatu
zidan. Ondorioz, bideoak YouTuben kargatzen ikasi eta egunero-egunero
Limako etxebizitzan zegoen kapera batean mezak grabatzen hasi nintzen.
Dakidanez, etxean zeuden herritarrek asko estimatu zuten euskarazko meza eskuragai izatea. Konfinamendua eta pandemia amaitu arren, konturatu nintzen herritarrek asko eskertzen zutela eguneroko meza euskaraz ikusteko aukera izatea, eta horregatik, gaur egun, YouTuben eguneroko mezak ipintzen jarraitzen dugu.. Bideoak asko zabaltzen dira eta horrek aukera ederra eskaintzen du.
Web orrialdea beste kontu bat da. Ni 2000. urtean Lekunberrira iritsi nintzen bezala, aurreko urtean seminarista bat joan zen Lekunberrira, asteburuetan ikastera. Mikel Arrieta deitzen da, eta telekomunikazio-ingeniaritza doktorea da. Behin, galdera tekniko batzuk egin nizkion eta laguntza eskatu nion, baina bera gai horretan aditua izanik, galdera konpontzeaz gain, web orrialde eder bat sortu zuen guretzat:
47herri.eus.
 
Eta euskararen presentzia...
Euskararen presentzia oso garrantzitsua izan da. Lekunberri eta Imozko
zenbait herri hain euskaldunak izan ez arren, nire lan gehiena euskaraz egin dut, eta oso polita izan da. Asko gozatu dut horrekin. Nik betidanik ikasi dut euskaraz, baina Donostia oso hiri elebiduna da. Aldiz, Araitzen edo Larraunen euskaraz bizi daiteke.
 
Eta nolakoa izango da zure etorkizuna?
Orain Donostiako apezpikuaren menpe gelditzen naiz. Baliteke hango
tribunalean aritzea, baina oraindik ez dakit zein parrokiatan egongo naizen
edo zein ardura bete beharko ditudan. Une honetan nire helburua ikasketekin hastea da. Apezok baditugu gure gogoko arloak, baina apezpikuen eta elizbarrutien premien menpe gaude.
Nik utzitako postuari dagokionez, Sotil eta Santirekin batera, David Galartza Fernández izango da 47 herrietako parroko berria, Lesakan eta Beran esperientzia duen apeza.
Amaitzeko, alde batetik, herritarrei nire esker ona adierazi nahi diet, eskainitako harrera eta tratua oso onak izan dira. Eta bestetik, ibarreko gazteak gure herrien tradizioa eta nortasuna mantentzera animatu nahi ditut. Mundu modernoan horrelako ospakizunak galtzen ari dira, eta batzuetan beste garai bateko ekintzak direla dirudi, baina tradizio horiek nortasuna ematen diete hemengo herriei: erromeriak, ospakizunak... horiei eutsi behar zaie.
 

 Haurrekin txangoan Lourdesen.